Lan literario laburrak
Kartak ene homologoari
Ibernalo
Armairu zahar eta zikin batetan sartu naute. Gau ta egunpasa egiten dut zoko zatar hontan. Auskalo zer izango den nitaz. Hondakindegira bidal nintzatela nahiago nukeen. Egitan diotsut, hau ez da txantxetako kontua. Doministikunka aritzen naiz denbora guztian, eta badirudi kanpotik ez dela deus ere entzuten, bestela ez dut konprenitzen zergatik ez datozen nere bila. Galdurik nago. Triste, erabat tristerik. Eta zu gabe.
Hasiera batetan bakarrik nengoela uste nuen, baina oraintsu konturatu naiz beste apalkide batzuk bizi direla armairuan. Nere ezkerrean lotan dagoen pintura potea aspaldi ekarri bide zuten. Estalki irekitik eroritako tantak masa trinko bat osatzen dute apaleko ezko lehorrarekin eta barneko ornaren xehatuarekin. Latorrizko letra irakurtezinei malko gorribeltz bat darie. Ezin izanen dut soportatu. Untzi hondoratuen basamortu bat da. Buru urkatuen altzo ezereztatua. Itsaso barea dagoenean Somorrostroko haitzetara hurbiltzen diren kaiuen boza entzun nahi dut. Zure alboan egon nahi dut emakume ez-zoriontsu bat adats beltz ezina orrazteko gugana etortzen denean. Nahi dut zure marko bipitsua igurtzea, niri begira zaudela sentitzea, deinu isil batez elkarren sopikunak garela birgogoratzen diezadazun. Nahi dut hemendik aldegitea. Hamabi urte bete berri dituen neska lotsati bat hurbil dakidan ene begien laku lasaietan begiratzera bere buruari. Ez naiz deus ere norbaiten bularrik ez badut igartzen ene ingurunean. Ez gara deus ere elkarrengandik honen urrun egonez. Ezin ditzaket ikus gaueko lore horiak murrail hauetako hare zilindrikoen pean. Nahi dut amaren sabelera itzultzea berriro.
Oihumin antzeko bat aditu du nere azalak. Goiko kordela itzarri egin da, antza. Berau ere, gixarajoa, nahiko kezkaturik omen dabil. Apika lapur famatu baten heriotzarako jaioa, inoiz argi izpirik ikusi gabea, hemen datza, hegoak eragiten ikasi ezinik, begiak beti beheruntz abiatzera behartua. Ustegabeko hotzikara batek astindua bezala gure apalera jausi da. Erorkeran pintura makulak barre egin dio eta intxaur neurriraino urrituz aurrea zaintzen saiatu da. Kordelak jarrera erosoa hartu nahirik, puntarik iletsuena ene gainera ekarri dit, bizkarraren erdiko marrari jarraiki, jantzia terratatuz, inolako arretarik gabe, hemen dagoena estaldura baino ez balitza eta ni hemendik kilometro askotara. Zure alboan, adibidez.
Batetik ezkertzekoa da beste izaki baten beroa, beharrekoa indarrak batzea globo hauskor hauskor, bai hau jasotzearren. Baina bestalde mesfidantzaz begiratzen diot eta ezin daiteke izan bestela, nere markotik zintzilik dagoen bezala dagoela ez baita behin ere kristaleruntz hurbildu. Ez dakit itsua ote den, baina jakin badakidana zera da: euskarri hutsa bezala hartu nauela. Eta ezina zait egoera honetara ohitutzea. Eta gainera ez dut nahi. Ez dut onhartu nahi, ezta soportatu, agintaririk edo buruoneslerik armairu hontan. Ez gara gauza handirik; ez gara itsasoetako neptunoa; ez gara ortzadarren letra beltzak. Baina gara, eta kito.
Ez dut ulertzen zergatik jarri naizen hola. Zuregandik atera ninduten egunetik artega nago, etsirik, amorrutan blai, zeharo.
Kea, ametsen gerri iheskorra, itsaso euritsuaren begiak. Ezpataren zorrotzaz pitzaturiko arpegi hontan ez dute zu lakoentzako tokirik egin. Bakardadera jaurtiki naute. Gorpuak hilobi hotzetan ahazten dituzten bezalaxe naukate burbuil itxuragabe hontan. Arrotzez inguratua. Pintura potea betikoz lokartua. Kordelak amoroski ito behar nauela pentsatu bide du. Eta ni orain hainbestetan gorrotatu dugun giza zirkoaz oroitzen naiz. Eta gure gerizpean hazten ziren kikilu makurtuetaz. Eta ate osteko pintada txorretaz. Eta sukaldariaren begi beltzak begiratzen zigutenean inguratzen ginduen giro epelaz.
Baina ekin egingo diot hemendik irtetzearren. Berriz ere ferekatuko ditut haizearen beso biluziak, artile goxoaren soinua adituko du nere azalak, oihumin ezezagunetatik at. Kate haustezin batek lotzen nau. Ene homologo guztienganantz eramanen nauen kate berbera. Zure arnasa zeharkatzen duena eta sua sortzen ari dena. Neure amataz erditu nahi dut. Aurpegi garbia nahi dut. Kobazuloetako atzea isladatzea. Zurekin batean isladatu. Eta neregandik hurbil sentitzea, orain ene kristal pusketarik ttikienean ere gogoratzen zaitudan antzera.
|