Pott bandaren praga
Nazim Hikmet eta Praga
Nazim Hikmet poeta turkoak 19 urte zituen 1921ean lehenengoz herbesteratu behar izan zenean inglesek nazionalistatzat persekutaturik. Independenzia ondoren ere, halabainan, iraultzaren poeta honek bere herrira itzuli eta gartzelan iragan behar izanen zituen 16 urte. Iadanik poesia iraultzailearen obra goren batzu zituen idatziak. 1951an askatu eta berriro atzerriratu zen, 1963an Moskun hiltzeko. Herbestean zela, Pragan ere bizi izandu zen. Hainbat poema idatzi zituen ziutate honi buruz, "Izpilu xarmant bat Praga hau" zioen.
Pragako orduan egunsentia
barrokoa
Nazim Hikmet
Pragan, egunsentia zuritzen ari den bitartean
elurra erortzen
urtua
berunezko grisa.
Pragan emeki argituz doa barrokoa
torturatua, hurruna;
bere doratuetan ikaratzen da tristura beltzitu bat.
Eta Karl Zubiaren gainean, estatuak
nunbaiteko planeta hil batetik ailegaturiko hegaztiak dira.
Pragan irten da depositotik lehen tranbia:
beirak argitsuak, horiak eta beroak dira
baina nik badakit
hotz glazial bat dela beren barnean:
lehen bidaztiaren arnasak oraindik ez du epeldu.
Pragan, Pepik bere kafesnea edaten ari
sukalde zurian, zurezko mahai garbian...
Pragan, egunsentia zuritzen ari den bitartean
elurra erortzen
urtua,
berunezko grisa.
Pragan ibilgailu bat iragaiten da
zaldi bakar batek arrastatzen duen gurdi bat
hilerri juduaren aitzinetik
Gurdia kargatua da
beste ziutate baten nostalgiaz
eta neu naiz karreteroa...
Pragan emeki argituz doa barrokoa
torturatua, hurruna
bere doratuetan ikaratzen da tristura beltzitu bat.
Pragan, hilerri juduan
herriotza mutua eta isilkaria da.
Oh ene maite, maitea,
herbestea heriotza baino gogorragoa da.
|