L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott tropikala (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Lan literario laburrak—

 

Bilbotik

 

Jon Aurre

 

Urteak datozkit gogora. Denboraren joate eten gabeak ikaratu egiten nau. Atzo, Udaberria, gaur, Udazkena. Udarik izan ote da? Lehena eta oraina batera daramatzat eta ez naiz ausartzen zein den joana, foto orizketako historia, zer kaleko algara edo euria egitea asmatzera. Gaur zorionez aterri da.

        Igandea da. Igande arratsaldea; zortziak eskumuturreko erlojuan. Bilboko zulo honetatik, nahiz eta gora begira, zerua ikustea ezina dela pentsatu arren, lainoen fantasmak behintzat ikus ditzaket. Eguzkia agurtzearen zeremonia dantzatzen dute. Erritmo astiroa eta solemnea aukeratuz, ba doaz eskubitik ezker, Iparretik Hegora, denak eskuz esku loturikako errezkan. Eguzkia Sartaldean, talo gorriaren irudi, lanaren eta lurraren froga, han da zeremonia guztiaren errege. Dantzaren martxa ez da bat ere aldatzen. Erritmo horretan, Iparretik Hegorako joate horretan, ez dute pausarik ez eten beharrik. Idi buztarri batek soroan zehar ematen duen baretasun, indar eta zihurtasun berberak mugitzen dituela dirudi. Baina hasierako pertsonaiarik ez da bukaeran.

        Lehen katu zena, bere bi begi, lau hanka, buztan eta guzti, orain mamut dugu gero ezer ere ez eta azkenean laino. Eguzkiaren aurretik beste hamaikatxo ere igaro da. Lehen Orhi mendia zena, Johanes artzaia bilakatu da bere mila eta pikuko artaldearekin; makila eta txakurra ere bertan ziren. Gero, labe gorietako ke multzo itogarria zirudien eta azkenean laino. Freskuraz eta urez beteriko lainoa, dena emateko eta lurra bustitzeko prestu.

        Egunaren iluntze honetan, han dabil izar bat ez ba ez bai, piztu ala itzali, bere ausartkeriaren eta presaren larritasunaz mutturrak atera nahirik. Eguzki jauna, lainoekikoa egin ondoren, teilatuaren atzetik, mendien ostetik, gorritasun batean itzali da. Gorria eta Urdina amultsuki, elkar laztandu eta musukatu duten une horretan, present izan naiz. Ondoren, lainoen gisa, neuk ere alde egin dut. Orain gaua da.

1979-IX-23

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.