Haikerberku da herri honetan gertatzen ari dena, benetan. Munduko zoologikorik handienean sartuta gaude eta ez gara konturatzen. Ez dago inon Euskadi bezalako zoorik (Londresko parte naturala bigarrena litzateke, hemengo hau handiagoa baita). Batak besteari kakahueteak botatzen eta biak kaiola berberan. Eta denok pozik. Tximuak albokoari ikusitako gauzak egiten ditu, imitatzailerik onena izaten da. Segur naiz munduan diren jakintsuenak laster honera iritsiko direla hemengo fenomenoak estudiatu nahiean. Beren txostenetan irakurriko da: "Herri urrundu hartan bizi da oraindik gizaki berezi bat, nahiko arraroa. Batere sormenik gabeko pertsona da; kreazio aldetik ezin du ezer sortu, ez baitu ahalmen hori, egungo momentu hau eta orain dela bostehun urteko egoera paretsuak iruditzen zaizkigu. Ez dute ezer aurreratzen, bakarrik kopiatu, imitatzaile haundiak dira. Espezie hau arras arraroa eta estudiagai deritzaigu. (Bilakabidea aztertu)". Eta hemen barruan, nahaste honetan, batzuek diotenez ez dago kanpora begiratu beharrik, ez baita gure nortasuna galdu behar. Prozesu mimiko honetan kanpoko gauzak gaizki moldatzen dira, eta imitazio eskasak lortzen ditugu, eta barrukoak berriz beti berdin, ehun eta mila bider, ateratzen zaizkigu. Eta beharbada bai hauxe izango da gure nortasuna betiko, ideiarik ez edukitzea irudimenik gabeko pertsona imitatzaileak izatea, horra hor non den gure gordebeharrezko altxor preziatua. Eta dirudienez, batzuek ez dute nahi egoerarik aldatzea, ondo iruditzen zaie dagoen moduan, kaiola segi nahi dute, hala zioen Urruzuno idazleak (apaiza noski): "ez irten inoiz Euskal Herritik, Euskal Herritik zerura, Euskal Herritik zerura, Euskal Herritik zerura". Amen. Eskerrak ia inork ere ez duela Urruzuno ezagutzen. Analfabeto izatearen erregaloak! Nola ezagutu bada inork ez badu ezer irakurtzen. Eta irakurtzen den gutxia dena erdaraz noski. Hau oso ondo ulertu dute gure politikari sutsu eta superiraultzaileek, horregatik gaur egun, denbora modernoek eskatzen duten legez, panfleto, kartel eta txosten guztiak erdara garbi batean idatzirik aurki daitezke. Baina ez izutu, abertzaleok, hau ez da modarik txarrena eta.
Pentsa dezagun momentu batez, bimilagarren urtea heldu baino lehen mundu triste hau gelditu eta guztiz apurtzen dela (gure adiskide batek halaxe gertatuko dela benetan sinisten du); eta beste planeta batetik iristen direla tipo batzuk ikustera kultur mailan noraino heldu diren euskaldunak, adibidez, literatura arloan. Ez da mundua alferrik joan, beste herrietatik XX mendean egindako zeredozer salbatu dugu, tipo haiek esango lukete, Ulises, Hemingway, Beckett, Pound, Eliot, Gombrowicz, eta abar bildu ditugu beinipein, ikus dezagun orain euskal literatura zertan den, eta hauxe hasiko lirateke irakurtzen:
"Coger los tomates cortados en rodajas pequeñas y poner los macarrones en agua hirviendo con un poco de sal de 20 a 30 minutos. Una vez a punto, escurrirlos bien y pasarlos por agua fría. Mezclarlo todo suavemente y poner el perejil y un poco de salsa de soja".
Hau da gaurko euskal literatura. Literaturzaleok, har ezazue Joyce, Quevedo edo Shakespearen liburuetatik edozein zati eta gonbaratzen baduzue, garbi ikusiko duzue ez daukagula inbidia edukitzeko motiborik, eta gainera ez hori bakarrik, ia esan, nork irakurtzen du gaur egun Shakespeareren sonetoak? ezta berak ere, bai al ez, bueno bada, hortan ere gu irabazle, zeren euskal literaturak liburu pilo bat saltzen baitu, sari guztiak jasotzen baititu eta gainera nola gizona tripatik lotzen den sukaldean finkatuz, bada, emakume guztiak zoraturik dabiltza gaurko euskal literaturaz (badakigu feministak ero batzuk direla; horiei ezta kasorik ere ez). Eta denok pozik.
Gero, gu omen gara marjinalak, malditoak! Euskal literatura bera da marjinala. A ze nolako arrazoi handia gure Beñat Etxegaratek esaten zuena: Euskara, jalgi hadi pikutara! Irakurtzen ez den literatura derizku malditoena. Horregatik hain malditoa iruditzen zaigu Axular nola Ginsberg-en azken itzulpena, Txilardegi edo euskal panfletoak, inork ez baititu irakurtzen! Joan zaitez euskoabertzale batengana eta galde iezaiozu zer iruditzen zaion Beckett, adibidez, eta agudo erantzungo dizu:
"Eskolan bere 'Rimas' liburua askotan irakurtzen nuen, bai, asko gustatzen zait". Bera bai malditoa!
Soldaduzkara bidaltzen zuten jendea bi eratara bana zitekeen, lehen behintzat, batzuek "Marca", "As", "Diez Minutos" irakurriz pasatzen zuten denbora, besteek Joyce, Camus, Proust, Pavese leituz. Hala hasten zen literaturarekiko gogo hori pizten eta indartzen, Cadiz-en Mallea irakurtzen, edo Barcelonan Celine leitzen. Baina hemendik aurrera izango ditugu komediak: soldadutza Euskadin jarri behar omen dutela eta ze abertzale hasiko da Dechepare edo Mirande irakurtzen cabo de guardia dagoen bitartean? zer egin, gure gazte guztiok, jakina denez, Interviu besterik ez baitute irakurtzen?
Kaleetan kartelak eransten ibiltzen diren gazte horietako batzuei galdetzen badiezue ia zergatik kartelak erdaraz diren, esango dizuete arrazoi teknikoengatik, inork ez duela euskaraz ulertzen eta; orduan akats ortografiko bat eskuaz seinalatuz (gutienez dozena erdi bat aurkituko dituzue) esaten badiezue ia ez dakiten idazten guztiz haserratuko zaizkizue eta ez daukatela kapitalisten hizkuntza zergatik jakin behar eta iraultzaile batek ez daukala hizkuntzetan lizentziatua izateko obligaziorik. Haikeberku da benetanl
Telebistan futbolpartidoa dagoenean, España beste baten kontra (España-Chipre, España-Yugoeslavia, edo edozein, berdin zaio) ez duzu kaletan inor aurkituko, ezta pegatinak saltzen ibiltzen direnak ere, bai tabernetan, eta ez galdetu ezer España galtzen baldin badoa, badaezpada ere.
Brassens-en poema: "...y cuando tocan el himno nacional, yo me quedo en la cama igual, pues la música militar nunca me supo levantar..." Paco Ibañez-ek kantatzen duenean jendeak gogor txalotzen du. Batedobatek azalduko du kontzientzia nazionalik ez dagoelako izango dela, beharbada bai, baina baita hezkuntza musikalik ez dugulako, ezta izpirik ere. Bestela nola esplika daiteke gure kantu nazionala, gure himnoa, gure nortasuna adierazten duen kantu hori "Geuria da ta geuria" kantu judu bat izatea? (Hevenu shaloom aleghem). Ez al dugu pertsonaltasunik? Nork esaten zuen hain paganuak ginela?, eta orduan zergatik judutarrengandik kantu hau hartu? Bai, badakit norbaitek esango didala hori ez dela gure kantu saintua, gure kantu saintua "Gernikako arbola" baizik ez dela. Baina, hala bada, guztiz normala al da ezkurrak ematen dituen arbola bati kantatzea eta adoratzea? Euskaldunak ez du gusto artistikorik, eta ez du inoiz eduki. Hau garbi ikus daiteke aztertzen badugu ze mito eta ze sinbolo aukeratu duen. Eskerrak arbola ia iraungia eta ihartua dagoela, bestela munduan ezkurrak eman eta zabalduz zer gertatuko litzaiguke? Jakina, "txerriak ezkurra amets". Gure sinboloak hautatzen ez ditugu egokienak hartu, benetan. Honek garbi adierazten digu noraezean gabiltzala eta hau izango litzateke beste euskal ezaugarri bat. Edialdeko zibilizazioek lotoa adoratzen zuten, inolako fruiturik gabeko landarea, lotolore eder eta miresgarria, horregatik goren mailara heldu ziren: Kultura grekolatinoak, Mediterraneoko jendeak, olibondoa aukeratu zuen zuhaitz santutzat, olibak eta olio ematen dituena. Biblian ikus daiteke nola jende hark mahatsa onhartu zuen ardoa egiteko. Ez dago hain gaizkí.
Guk hemen zergatik ez dugu hartzen sagarrondoa arbol santu gisa? Gure bertsolariek zerbait susmatzen zuten hortaz. Sagardotegiak ofizialki saindutegiak izango lirateke, gainera ez didazue esango sagardoa hain txarra denik, ezta?
Aspalditik Euskal Herrian beste saialdiak ere ezagutu ditugu, adibidez, laranjondoak jarriz; Deban eta Bergaran izan ziren lehen eginahalak, joan zaitezte herri horietara eta oraindik ere bertan ikusiko dituzue Naranjadi eta Naranjakua izeneko saindutegiak. Baina, dena dela, ez naiz segur ideia honek gaur egun arrakasta handia izango zuenik gazteengan, jendeak ez baitu laranjarik jaten (espainola denez gero).
Gure ustez (eta hona hemen POTT TROPIKALA honen arrazoi nagusia) palmondoa da, gure arbola eta sinboloa (edo beharko luke izan). Horren bitartez sortuko litzateke kultura eta gure nortasun galdua. Aintzinako zibilizazioak hibai eta palmondoen inguruetan jalo ziren, Egipton, Mesopotamian, eta horregatik Arabia Felix hura izan zen. Baina oraindik hemen palmondoak landatu gabe daude eta denok dakigu nola doazen gure hibai eta errekak. Narciso hibai bati begira konturatzen zen bere identitateaz, hemen dauzkagun hibaiengatik gu ez gara agian konturatzen gure nortasunaz. Erna gaitezen uholde unibertsala heldu baino lehen.