Bigarren heriotz-otoitzak
(Begien taupada)
1) Ez betazalik hertsi
hiltzean
ez niri
ez lehioei.
2) Etxeratuko naute:
enbolia
oraindik gaztea
kale bazterrean
lau seme ta hiru alaba.
Emaztea
emazte zintzoa
nirekin
azkenengo aldiz.
Hertsiko du krisketa.
Alaba gaztea
negarrez
ondoko gelan
traste zaharrenean.
Biluziko nau
poliki oso
eguzkiak
beso eroria
neurtuko dit.
Bere negarraren azido isila
nire iztarretan
nire bularreko iletan
nire ezpainetan
nire hotzean
zotinak
nire gorputz laburra
sekulakoz bataiatzen.
Jantziko naute lanbroz
karpeta urdinetan gordeko dituzte
poetaren paper zaharrak.
Emazteak
emazte zintzoak
zabalik
utziko du lehioa.
3) Azken oroitzapena
maitearen hatsa
baneza
utz ezazue
begiak
ohost diezazkidan
edo ta
utz iezazkidazue
zabalik
eguzkiarekin soka-tiran
kristalezko kriskitinez
hautsi arte.
Azken oroitzapena
maitearen hatsa
ez baneza
ere.
4) Dena dela
begiak
zabalik
utziko dizkidazue
ez bait dut hutsegin behar
neure buruarekin dudan
trabesa
lurrarekiko izenpetu nuen
akordioa.
Plaia urdinean
ahantziko ditut
arraunak eta hegoak.
Bizkarra
konfiantzaz lasaituko dut.
Halako hutsune bat
sabelean.
5) Desagueak
ur zikina bezala
zurrupatuko dizkit
lurrak
neure bi begi motelak.
Eta
etsipen baten
negar idorrak
ondarrak gozatzearren
urtuko dira.
6) Eguzkiak iratxeki ditzala
kandelak
haizeak eraman diezadala
azken ordua
euriak honda ditzala
balkoiko loreak
teilatua ere zabal dezazuela
etxekook.
|