L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Panpina Ustela (1975-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gizagaixo batek bere burua bota nahi du

 

Bernardo Atxaga

abenduaren 26.n 74

 

Lagun fidelen etxeko ate ederra bezala trenaren hotsak lur zelai eta lehorren bakea lasai golpatzen duen bitartean nik ene eztarria urratzen dut: arin! arin! arin!

        Eta abiada motelarik ezin burutuaz oihu egiten dut pasiluaren alde batetik bestera nabilen bitartean: goazen goazen!! GOAZEN!!

        Eta ene deiadarrak wagoi guztian zabaltzen dira: korri ezak korri ezak! TRAMANKULU POLIT ETA MEKANIKOA korri ezak arren... arren... arren...

        Jendeak oraindik erdi lotan bere muturrik itxusiena erakusten dit, eta bere hortz zorrotzak; zergaitik ari zara iskanbila hori sortzen! esaten du militar batek.

        Bainan trena oso mo mo mo motel tel mo-tel dihoa, eta ezin dut hau sufritu; nik ez dut nahi inor esnatzea bainan ezin zait kabitu garraisia bihotzean: AZKAR!! AZKAR!!

        Jendeak madarikatu egiten nau eta andere batek non da treneko polizia geldetzen du.

        Bi leihoetako KRIStala hautsiaz —nere burua kanporatuaz— haizearen freskura musu bat bezala sentituaz —urrunean gari sailetako suak ikusiaz— ene amak erakutsitako kanta bat kantatzen hasten naiz: gure mendi beltzetaraino iritxi arte.

                        Gure mendi beltzetaraino iritxi arte

                        abil trena

                        ez galdu bidea

                        eraman eraman etxe ttiki batera

                        eraman eraman etxe ttiki teilatu gorri batera

                        etxe ttiki teilatu gorri batera

                        abil trena

                        gure mendi beltzetaraino iritxi arte

GIZON HAUNDI BATEK GOGOR BEGIRATZEN DIT. ESANEZ:

        —Guk ere lehen bait lehen ailegatu nahi dugu! Zergaitik ez zara ixiltzen!

        Eta beharriondoko bat ematen dit; ene gorputzak min gaizto bat sentituz geroztik, pasilora jausten da (sudurretik odola hasten zait).

        —Hospitaletik nator —esaten diot ene abots eztienarekin— eta ene burua harkaitzen kontra txirtxilatzea besterik ez dut nahi, zuk ere —gizon handi maitea— ez ahal zenduke presa izanen?

        —Bota ezazu trenetikan orduan, bota ezazu trenetikan.

        Animatzen dute gizon handia.

        Nere desolamendua ezin kontatzekoa da.

        —Bainan nik —defenditzen ahalentzen naiz— ez dut hemen hil nahi; ene amaren etxe ondoan baizik, haurtzaroko harkaitz latz haietan

        Hori esan nahi diet, bainan —oraindik jaiki gabe, oraindik belauniko— ene abotsa ez da eztul ttiki bat besterik.

        Bah! dio jendeak zoro bat ze denpora hauek non da polizi hori.

        Eta emakume ile hori batek gaixoa gaixoa hain gaztea begi eder hoiekin begirada galdu horrekin burutik nahastua eta hogeita hiru urte ez ditu izanen

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.