L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Panpina Ustela (1975-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Eta aitzinean itsasoa

 

Eta aitzinean itsasoa. Nik ere ez dakit nolakoa den ilargiaren asmoa, bainan nolanahi dela, ipurditik ebaki behar dut itsasoa. Leize sakona geratuko litzateke, hondorik gabekoa. Harriak bota ta saltoka beheruntz ez ikusteraino, hotsa ere ez entzuteraino, harriak saltoka. Eta aitzinean itsasoa. Neure hegoez arraunka itsasoari zakatzetatik heldu apar-arrastoari izarrak dariotela (batzuk besapeko algetan trabatzen zaizkit) legoak eta legoak urrun itsasoko meteoroa. Eta aitzinean zure begiok, itsasoa. Neure burua bota dudala erranen dute. Bainan ez dute somatu ere eginen zure begietan barna sarturik saltoka erori erori erori egin naizenik, zure geografia harroa amultsuki auskultatu dudanik, ene deiadarrak bihotza hotzikaraz jantzi dizunik, musuaren simetria hautsi dugunik, oroimena elkarri erauzi diogunik.

        Eta zurekin sekula guztietarako. Biok. Gu.

        Isilik oso, dorpeki, fermuki, bikotea besarkaturik dago itsas bazterrean. Ez hitzik ez ferekurik: besarkaturik. Mutilak, hogei urte, farola harrika itzali du. Euriak zarata itzali du, ta amodioak euria. Bikotea itzali egin da haizeari hatsa ebatsi dioten arbolen itaizuren azpian, mantso ta poliki. Gaua auspez etzanik dago, ta izarrak ez dira iadanik ametsen semaforoak, ilunaren aurpegiaren oreen itzaliak baizik. Eta itsasoak, aitzinean, bikotearen sekretua haserre ta ozenki hausnartzen du.

        Egunen batez ipurditik ebaki beharko dut.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.