L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Panpina Ustela (1975-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ipuin berri bat: urtebetetze eguneko

 

Bernardo Atxaga

(andoainen, abuztuaren hasieran) 1974

 

—Ene maitea: toki hauk ez ditut batere atsegin.

        Esan nion ahalik eta goxoen nire ezpainak mugitu gabe; hori esan nion nire bihotzeko andreari abotsaren doinu eztienarekin arratsaldeko lehen orduetatik ernetzen ari zitzaidan sentimendua kanporatuaz.

        Mila izeneko maitea nire maitea: lady of no, lady of silence, casiopea, polux, ahate basatia, sinojos, señorita, artoaren lorea, bihotzeko galdotxa.

        Nire bizitza guztian ukan nuen amodio bakarra.

        —Ene maitea, benetan, toki hauk ez ditut batere atsegin.

        Eta egia zen: inoiz ibili ez genituen kale haiek (ia konturatu gabe iritxitako paraje bakarti haiek) neure barneko zerbait hausten zuten, txirtxilatzen, neure barneko desasosegatzen; eta biziki desiratzen nuen gure ohizko lekuetara itzultzea, ezagutu ginen plazara edo soinuaren piezak entzuten genituen snack-bar haietara, gure hauzoko tafernetara sikira, berdin zitzaidan; aldegin, urrundu egin nahi nuen, benetako sentimenduak bultzatzen ninduen, aldentzeko nahietan erretzen, areago, kiskaltzen ari nintzen horrenbeste ordu oinez ibili eta gero, arratsaldeak arratsa bilatzen zuen bitartean, amaiera, amaiera.

        —Zergaitik?

        Esan zidan bihotzeko galdotxak eta nik, nik, gaixoa ni, upper-cut gaizto batek hartutako bozealari zaharrak bezala sentituaz, oihu egiten hasi nintzaion, desesperazioz, gizarajoa ni desesperazioz deiadar egiten hasi nintzen galtzada koskatu haren erdian. Haserre ez, ez nengoen haserre, artoaren lorearekin haserretzeko ez bait nintzen gauza: haserretu?... nola haserretu hainbeste lagundu zidan andrearekin, nire historia bereziaren poz soil haundiarekin, samurtasun (oi, gauza xamurrak) bakarrarekin?... ez, ez, ezin nuen berarekin gogor jokatu, inolaz ere, inundikan ere, nola, nola, ezin, ezin, ez eta pentsatu ere.

        Zeren nire historia, beste anitzena bezala, ba dakit, mende baten gaitz izugarriak kutsatutako historia bait zen, ez bait nedukan mindurarik gabe idatzitako orri bakar bat ere nire bizitzaren liburuan; nire historia, nire bizitzaren liburua, ihartutako gaztaina, ximeldutako hostoak.

        Eta ez gaizki jaio nintzelako, seme desiratu gabea edo izan nintzelako, ez, ez, mila aldiz ez; nire aita ezagutu ez ezik gutxik bezala maitatu nuen, nire haurtzaroko egun haietan —jertse koloredunekin txirrindan ibiltzen ginen egun haik­ eta amarekin batera, sarritan paseatzen ginen hirurok erreka ertzetatik, eta zoragarria izaten zen neretzat arrai ttikien izenak ikastea: eskailuak eta serboak, zapaburu eta amorraisemeak.

        Joaten ginen baitare gure herriaren inguruetako basoetara, pozgarria ten zuhaitzen deituretaz jabetzea, aritza, fagoa, lizarra. Pozgarria ten baitare perretxikuen sekretua irabaztea : sisa hori ak, gibel urdinak, untoak, kuletro gozoak.

        Amak gainera, etxeratzeko garaiean, izarren izenak erakusten zizki dan antares arturo artizarra andromeda aldebaran betelgeuse orion rigel eta urrutiko handi handi (zein handi, ama?) handi hura bereni ce.n ilea da.

        Bai; beti defendatuko ditut nire aitatama, sekulan ez da nire ahotik haien aurkako hitzikan aterako, ez naiz munstro bat, ez, ez, ez.

        Bainan ez zen hori: garai hartan besteek bizitzen ninduten, katakume bat bezalakoa nintzen; hartu gabea nuen oraindik nire ontziaren lema, orduko egunak —lila kolorezkoak gogoratzen ditut egun haik— erregali batzuk izan ziren neretzat.

        Eta laister amildu nintzen ondamendian.

        Zientzia oso merke saltzen zen eskola eta unibersitatetik ibili eta gero —eskola zerriak; unibersitate nazkagarriak— gure herrixkako ikasiena gertatu nintzen, gertatu esanez ongi diot, ez bait nuen nire partetikan deus ere jarri, ez bait zen izan nire errua horretan erortzea; zorionekoa deritzaidan orduan ere nire lagun zaharren bizimodua, fabrika edo baserrietako langileena, bai, bai, zorionekoa.

        Hala gertatu zen: apaiz antzutzaileen eskuetatik linburtuz geroztik, emagalduen aferak katedrak baino hobekiago eramaten zituzten irakasle haien bistatik kitatu nintzenean, borrokaren suak harrapatu ninduan. Su hura ez zitzaion hasiera hasieratik nire bihotzari atxiki, eta musikan bezala, liburuetan aurkitu nuen estraineko babesa; babes harek bi urte barru iraun zuen.

        Asperturik nengoen: horrenbeste maneju, horrenbeste zama, horrenbeste zapalketa, polizi, salatari, horrenbeste telebisio, eta beldur; gazte nintzelarik ez nuen etorkizunean pentsatzen; iraultzaren —goitikan behera, luze laburrean gure herria, gure mundu konkretua irauli egin behar dugu zioen gure garraisiak— predikatzaile bihurtu nintzen beste lagun batzuekin batetara.

        Gorde ezazue zuen nortasuna, zuen kultura, izan zaitezte gizon libreak —esaten nuen okasio oroetan— ez itzazue onar merkatarien legeak, ez itzazue sinets aldizkarien esanak, fuera gobernuaren neurriak, fuera harrotzen ohiturak; ez horrenbeste gauza eros, ez besteentzat lan egin, gorde zuen herriko aberastasunak.

        Honela hitzeginez joan zitzaizkidan urte. Lagun batzuek ez zuten honelako aukerarik ukan, segituan ixilerazi zituzten.

        Gure lana nekosoa zen guztiz: basamortuan sermoiak bezala ziren gure meetinak. Aitzeki gehiegi, auto gehiegi, arintasun gehiegi.

        Eta egun batetan lau mutil dotore igo ziren nire etxera; han bukatu ziren nire paseoak, han nire lanak, musikak eta lagunak; nire liburuak lapurtu zituzten, nire (edo gure, zeren herritar guztiek entzuten bait zituzten nire Haendel, nire Rolling Stone, nire xuberotar doinuak) diskak, gutunak, kolekzioak.

        Eta ni bizi nintzen etxea, kalea ere, zapuzturik gelditu zen betiko.

        Ostiral batean izan nintzen detenitua.

        Uste dut hamar urte pasa nituela gartzelan: hil arte oroimenean edukiko ditut hango funtzionarioak (berak baino zintzoagoak, berak baino helduagoak, berak baino espiritualagoak ginela zekiten funzionarioak) hango lokutorioak (familiarrak galdu arte bertan edukitzen nituen solasaldi kontsolagarriak) hango susmurrak (hilabetero hilabetero hurrengoak denok aterako ginela erdi sinetsirik egoten ginen), hango patioak, hango belar tristeak, hango liburuak, hango organizazioak.

        Irtendakoan, beldurti zikinen modura, ihes egin nuen nire jaioterritik; baina oso nekatua nengoen, gorputz herekin, egia zen beti akiturik nenbilela, ezer egiteko gauza ez nintzela sentitzen. Aldegitea zen hoberena, aldegitea.

        Hilabete bat kanpoan neramala, ziutate batetako plaza zabal baten petrilean eserita nengoela —torturak erren piska bat utzi bai zidan, eta minak noiznahi zulatzen bait zizkidan hezurrak— sinojos (ezizen guztietatik hau gustatzen zitzaion gehien ene maiteñoari) etorri zen neregana, orduan ezagutu nuen.

        —Bai triste zaudela.

        Esan zuen eta nire begiak bere ezpain finetara bidajatu zuten. Bere lepoa luzea zen, bere ilea ederra, eta bere begiak nabarmen ttikiak, ezkututakoak bezala. Nik ez nekien zer erantzun, zaila da asmatzea ezezagunekin; zaila da besteen konfiantza erdiestea.

        —Ahate basatien artean ederrena zu zara.

        Esan nion ixilik, garai bateko harrotasunaren aztarnarik ere gabe, bainan gezurra barik; alde batetik pena ematen zidan ezagutu bezain azkar berataz maite mintzea, penagarriak izaten dira eta ni bezalako erromantikoen pausoak honelako kasoetan; makina bat gizon alairentzat ere galgarria gertatzen da maitasunaren bidea.

        Bainan emakume haren irrifarra neretzako zen une hartan; bere hortz xuriak, bere egokera estimagarria dastatzen nuen bitartean mundua ona zen, ikusmira polita; orduan —betiko gauza da, noski— iraganak bezala etorkizunak axolik ez zidan.

        —Badakit zerbait gehiago esan nahi didazula.

        Zioela inguratu zitzaidan; bere lurrina sentitu nuen, belar bustiaren lurrina bezalakoa zen. Haundia bere gorputza, elemendu ttikiz osatutakoa, halere; atsegin, asegin dut honelako handitasuna, zoragarria, zoragarria.

        Ia konturatu gabe aitortu nion, aide beroa zerurantz igotzen den legez igo zitzaizkidan hitz hauk ahora:

        —Casiopea xarmanta: asko maite zaitut.

        Irmoki begiratu nion orduan. Ene maitea ezpainak emeki libratzen ari zen, eta neure belarriak erne zeuden; haurtzaroko mendi berdeak nire alboan sentitu nituen, alboan baitaere neguetan agurtzen genituen hegaberak; nirekin zeuden eskola ttikiko lagun eta jolaskide oro; une hartan oroimen zoragarri guztien indarra behar bait nuen, une hura nire bizitzaren arrasto oker eta luzean pundu urdin bat bezalakoa bait zen.

        —Nik ere asko maite zaitut.

        Eta aldamenean eseri zitzaidan. Mendiak eta hegaberak, lagun zaharrak ere satisfazionearekin abiatu ziren etorritako lekuetarantz; laguntza egina zegoen. Urduri bainan pozik uzten zuten aspaldiko laguna; lagun zaharra Liszt.en pianoa entzuten bezala uzten zuten polux izar gorria baino emakume maitagarrigoa zen harekin.

        Egun hartatik aurrera zaharo aldatu zen nire bizimodua.

        Eta horregaitik oihuztatzen nion desesperazioz. Toki haiek min ematen zidatelako, paraje haietako tristurak ametsa suntsitu bezala egiten zuelako; hitz batean esan eta, arriskuan jartzen zuelako ordu arte eraikitako mundu berria. Bainan besterik pentsatzen zuen lady of silence laztanak; ez zidan amore eman nahi, tamalgarria, tamalgarria.

        Paraje hauk beste edozein paraje adina gustatzen zaizkit.

        Eta kopeta gero eta gehiago iluntzen zuen.

        Ongi pentsaturik, hiltzea besterik ez nuen nik merezi; nire pertsonaren azken papurrekin konformatu zenari, arnasa baino askoz ere gehiago eskaini zidanari, sofrimendua bueltatzen nion. Berekoi ustel bat bezala jotzen nuen arratsalde hartan, egia zen, egia borobila.

        Bainan hala eta guztiz ere, haserre guztien gainetik eta berekoikeriaren gainetik ere hura ez zen gu bezalako batzuentzat asmatutako paseoa. Lurra, hauts grisekoa zen, bidean ez zegoen ez lore ez belarrik. Bideak, zeruak bezala, ez zuen kolore berezirik.

        Eta ezker aldetik jaisten zen hibaiaki kiratsa zerion, eta beltz beltza zen. Eta bere hertzetan zakur-este antzeko gauza batzuk ikus zitezkeen.

        Horregaitik, horregaitik bakarrik —ordurako erdi eroria zegoen zubi oker bat zeharkatua genuen, eta aurreko ikusmira basamortu ilun baten itxura osokoa zen: zuhaitz gabeko muinoak bista irixten zen lekuetaraino; milaka bideatxur menditto bakoitzaren inguruan, zertarako eginak egonen ziren jakiterik ez zegoela; berauen alboan milaka edo miloika herdoitutako poteak —ene señorita maitagarriari berriro mintzatu nintzaion.

        —Artoaren lorerik garaiena, entzun nire esana: gaur ibili garen kaleak inun ikusi ditudan hestuenak eta goibelenak dira!

        —Gure ziutateko kaleak dira; badakit ez direla zure gustokoak, ez direla zure jaioterrikoak. Beti pentsatu ohi dut hori, bainan halere ez nekien zure begi txarra hainbestekoa zenikan.

        —Eta jendea... ikusi duzu nolakoa den jendea?

        —Nik ez diot ezer nabaitzen jende horri!

        —Bai, sinojos, bai; gizon eta emakume hoiek tisikoak ziruditen, gosetiak, zaharkituak, agonikoak, eroak!!

        —Pobreak direla eta zer?... zer nahi duzu?... nik ez dakit zer gertatzen zaizun. Zer gertatzen zaizu gaur?

        Eta bere begi ttikiak dizdira zorrotz bat botatzen zuten.

        Niri ez zait ezer ese gertatzen... bainan zu...

        Bainan zu... bainan zu ...nik ez nekien zer egin, ni galduta nenbilen, sinojos ez zen plaza hartan ezagutu nuena, ez zen, ez zen; orain, gehien behar nuenean ez zidan konprenitu nahi, orain bere ezpainak okertu egiten ziren mintzatzerakoan.

        —Nora goaz, nora naramazu, zergaitik ez gara itzultzen hilabete hauetan hainbeste gozatu dugun kaleetara, zergaitik ez gera geure etxera abiatzen.

        Eta nire aurpegiak larritasuna kontraespilatzen zuen. Bainan, maitearenak ez; bereak mesprezio latz bat.

        —Zein azkar ahaztutzen duzun zure maite polita, zein azkar, bai azkar oso azkar, zein azkar, bai azkar...

        Eta ene ahate minaren abotsa gero eta urrunago sentitzen nuen, eta ni erotu egiten nintzen, buruak min haundia ematen zidan, muino haik jiratzen hasi zitzaizkidan planeta zatar batzuk bezala, ai ama, zein azkar, bai azkar, oso azkar...

        —Ixo! egin nuen dehiadar.

        —Zein azkar, bai azkar, oso azkar...

        Eta jadanik ez zuen emakumeak bakarrik hitz edo oihu egiten, muino gris haiek ere berarekin errepikatzen zuten (erortzen nintzen erotzen, buruan, mila horratzek zulatzen zidaten zerebroa, nire zerebro gaixoa, zer duk? zer duk?):

        —Zein azkar, bai azkar, oso azkar...

        Eta gainera, hits hoik gero eta ozenago, gero eta bortitzago entzuten nituen:

        —BAI AZKAR, ZEIN AZKAR, OSO AZKAR.

        Gelditu egin ginen: emakume hura gelditu egin zen, ni ere bai, poteak, harriak, koruaren abotsak ixildu egin ziren.

        Lurrean eserita nengoen orain. Ez nekien zergaitik. Emakume hura besarkatzen nuen (zein emakume da hau?), bainan nire besoak ez zuten materiarik ikuitzen, hutsari atxikitzen zitzaizkion nire behatzak. Nekatua nengoen benetan, benetan nekatua, gorputza ahul ahuldua. Nik ez nuen deus ere konprenitzen, nik ez nuen han egon nahi.

        —Zer egiten dugu hemen.

        Esatea asmatu nuen, baina esana ia neronek ere ez nuen entzun, ez nuen sentitu, ixiltasuna latza izan arren.

        Zerebroak ez zidan askorik laguntzen; senari edo honelako zerbaiti esker jiratu nuen burua.

        Indar eginez, burua jiratu nuen, eta...

        ETA KONPRENITZEN HASI NINTZEN: urrun urrunetik gizon itxurako hilera bat zetorren, bata bestearen atzean kokaturik aurkitzen ziren milaka eta milaka gorputz.

        Jiratu nuen berriro neure burua: beste aldean ez zegoen ezer: hilera haren azkeneko elemendua, ni nintzen.

        Ostera gorputz haieri so, piska banaka piska banaka jabetzen joan nintzen: nik nundikan hasten zen sumatu ere ezin nuen hilera baten azkeneko gorputza nintzen; are gehiago, gorputz guzti haik zerbait besarkatzen ari balira bezala zeutzan, eta gehientsuenak musu emateko jarkera osoarekin.

        Baina, nik neronek bezala, ezer ez zedukaten aldamenean, beren itxura berberako beste hilotz bat ez bazen. Beren begiak —nire ondokoari erreparatuaz jakin nuen hau— kristal hutsa ziren; beren ahoak imintzio oker bat; gorputzaren haragiak zintzilikatzen zitzaizkien, plastiko urtuaren forma harturik.

        Nik ez nuen ezer ere konprenitzen, ni ez nintzen ezertaz gogoratzen: bakarrik heldu ote nintzen leku nardagarri hartaraino?... beste batekin?... norekin?... beste batekin etorri banintzen zergaitik utzi nion honeraino ekartzen, zergaitik ez nuen aldegin?; nekatua nengoen, eta begiak segunduero kliskatzen nituen, bainan ezin nituen hertsi; kontrolarik gabe neure begiak.

        Aurrera begiratzen bermatuaz —eta nahiko deserosoa gertatzen zen hau, besoek eta buruek ere bateren bat besarkatzen ari balira bezala jokatzen bai zuten, ezker aldera tiratuaz, neure zerebroari jaramonik egin gabe— beste gauza berri bat ikertu nuen: ni azken elmendutzat nadukan hilera hura, ez zen basamortu hartako hilera bakarra: gurekin aurrez aurre, eta zerkunferentzi baten antza zedukatela, beste hamar bat hilera berdin nabaitu nituen.

        Eta hilera kurbo haien erdi aldean, ilargi bete batek hori bat ematen zuen.

        Organoaren rnusika bat sentitu nuen muinoen atzekaldetik, bainan ez nago zihur, lauso bat zitekeen. Nik ez nuen ezer ere konprenitzen.

        Gaua da oso eta ez dut gogoratzen noiz hasi nintzen hau idazten. Neure begiak gogortzen sentitzen ditut, neure ahoa okertzen hasi da, neure haragia likistu eta lurrera jausten; nire ordua ailegatua dela uste dut, hileretako den denak bezala, egin duela.

        Nik ez dut ezer konprenitzen.

        Bukatzeko: hau idaztean denpora asko eman dut, eta ongi neurtzen badut behintzat (agian ez da honela izango) hilabete osoak joan zaizkit orri bakoitzeko.

        Hau idatzi dut inork... irakurri... ahal... balu... nik... ez... bait... dut...

ezer... e...  re... konpr...

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.