L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zorion Ustela (1976) —Hurrengo artikulua




 

 

Bernardo Atxaga

 

Eta iraultzaile izandakoa zen, eta bizibide bat eman zidan izena sikira galdetzeke, eta bihotz ona zuen, jator portatu zen lehendabiziko egunetik; eta bere ferietako barraketan geundenon artean ni maite ninduen gehiena, elkarrekin afaltzen genuen egunero, eztiak ziren bere hitzak, eta bere historia bereziko gauza asko kontatzen zidan:

        —Gorrienekin borrokatu ninduan ni, zera.

        Eta nik eta ni bezalakoek etxetzat geneukan hondakindegira joan zen arte, nik eta ni bezala beste guztiek, bizitza mixerablea generamakien, beti zakar eta zikinez inguraturik, ziutatera behin ere jaitsi gabe, erdi gaixo, erdi persigituak, frakasatu eta alferrikalduen zama oroz jantziak, han eta hemen lapurreta eginez; zeren bizioak garestiak bait dira, edo nireak behintzat hala dira, adibidez niri ume ttipiak kareziatzea gustatzen zait, eta erregali asko egin behar zaio oraingo ume bati konfiantza lortzearren, ez dira aspaldiko haien berdinak, haiek bezain sineskoi eta merkeak.

        —Nik ere ez dakit zenbat maite ditudan umeen gorputz leunak.

esaten zidan berak bizkarretik hartuz, hik eta nik gauza haundiak eginen dizkiagu, ikusiko duk, bazebilzkiat asmo batzuk buruan; zeren ideia aberatsetako gizona bait zen, benetan azkarra, ez bait zen pistia higuingarri eta odolzupatzaile bat nire konpaineroek esaten zuten bezala. Baina nire konpaineroez fio egoterik ez zegoen, beren bihotzetan sentimendu onik bilatzea ezinezkoa zen, odol txarretakoak ziren, aluak, basatiak, bizioz beteak, ez ziren esker onekoak ni bezala, gorrotoa zioten gure laguntzaileari, eta ardailan zebiltzen beti:

        —Egunen batetan bizia galduko diagu barraka madarikatu hauetan.

        —Baina, gurekin edo gu gabe, barrakek zutik iraunen diate, hondakindegian beti egonen duk guk utzitako tokia hartzeko prest dagoen jendea.

        —Aberastu egin duk gure kontura.

        —Nik dakidan bat hil eginen diat hauetako egunen batetan, orduan bukatuko dituk roulette ruse guztiak.

        Eta orduan nik buila egiten nien, nola mintzatzen zarete horrela, holakorik eginez gero norantz joanen zinatekete bizibide bila, nungo teilatutan babestuko zinatekete, nork hartuko zintueke eraman duzuen bizitza eramanda gero, dituzuen bizioekin, nork, nork, erantzun iezadazue, putaseme madarikatuak, alproja zikinak, traidore zitalak; eta gainera roulette horren arriskuak ez dituk hain izugarriak, hiru urte, hiru urte eta bat, bat bakarrik lurpean, mozkor faltsu hark hildako txalkorra, Theo, bai Theo, Theo hil huen, konforme, probabilitateak galdu zian, baina orain arteko kasu bakar horrek ez dizue Scarlatti jaunaren aurka hitzegiteko inungo eskubiderik ematen, aldez aurretik ez ahal genekian bada zertara gentozen, ez ahal gintuan bada jakinaren gainean jarri:

        —Bai, arrisku ttipi bat hartu beharko duzue, zeren oraingo jendea ez bait da konformatzen tiobibo eta txokeko autoekin, eta emozio bortitzagoak nahi bait ditu.

        Baina alferrik zen, beti protestatzen zebiltzen eta Scarlatti jaunak gugatik egiten zuena ixildu egiten zuten beti, kontratatu ginduen egunean egindako promesa peto peto betetzen zuela aitortu gabe:

        —Nire aldetik, bizitzeko behar den guztia, eta bizioen asebideak agintzen dizkizuet; eta munduarekiko sekretoa, zeren nire barraketara etorri nahi duenari izenik ere ez bait diot eskatuko, eta bere berri ez bait du izanen ez gobernuak, ez eta beste inork ere, inungo mutur beltzik ez bait da zuen bizitzan sartuko, zerri hoiek ez bait dute ezer jakinen zuetaz, kontratua izenpetuz gero iraganik gabeko pertsonak bihurtuko bait zarete.

        Ederra bait zen hitzegiteko zeukan era, gobernua, zerri hoiek, mutur beltzak, zeren iraultzaile izandakoa bait zen, eta beti gelfitzen bait da zerbait holako gauzetatik, hala esan bait zidan berak behin baino gehiagotan:

        —Gorrienekin borrokatu ninduan ni, zera.

        Nahiz eta txalkorrak den dena gezurra zela esan, ondo enteratu zela, dena gezurra zela, iraultzaile baino besteen kontura bizitakoa gehiago zela, bazekiela nun jaio zen ere, eta zenbat ofiziotan ibilia zen heriotzaren barraka nazkagarria jarri zuen egun hartaraino, baina Theo horrelakoa zen, errebeldea, sekulan kontent egoten ez diren hoietakoa, niri neroni ere irainak botatzen zizkidan, salataria deitzen zidan, eta saldua deitzen zidan, egunen batetan mihina moztuko zioat esaten omen zuen, ipurdi garbitzaile bat omen nintzen bere ustez, eta abar, horrelakoa ten Theo, ezin esan dezaket bere heriotzak tristetu ninduenik.

        Delako roulette ruse haren arazo guztia pistola baten aurrean, hamar bat metrotara edo, jartzean zetzan, bere danborrean bala soil bat zeramakien pistolaren aurrean. Klienterik gehienek bihotzera apuntatzen ziguten eta hasieran ez zen erraza izaten zutik irautea, baina gero ohituz joan ginen, eta lan erraza bihurtu zitzaigun, niretzat behintzat erraza bihurtu zen. Zeren ikusten bait nuen saiorik gehienen amaiera klik motel bat izaten zela, eta perkutoreak pistoia lehertzen asmatzen zuen kasuetan ere sapaira joaten bait ziren balak, ez da hain erraza punteria egitea, ohitura behar da, eta gorputz osasuntsua.

        —Roulette ruse zar den jakinen duzue noski.

esan zigun eta denok baietz erantzun genion, eta hondakindegia uzteagatik bakarrik izan bazen ere denok konforme etorri ginen, zerutik eroritako aingerua iruditu zitzaigun Scarletti jauna, txalkorrak berak benedikazio bat izan zela esaten zuen.

        Baina mozkor faltsu harena gertatu zen, bateren bat hiltzeko gogoak egonen zen harmagizon bat, eta lau tiket erosi zituen, lau pistola eskuratu zituen, oraindik oroitzen naiz nola gelditu zen Theo paret akoltxatuaren kontra, bala bihotzaren erdian eta bera zutik, hil eta gero ere bere motxila erakutsi nahi gabe, harmagizona ere harrituta geratu zen, odola burrunban bular beherantz eta Theo zutik, bere motxila, hala deitzen zion, hala aitortzen zuen berak edaten zuenean, bizitza guztia izorratu ziola.

        Baina ez zen inoren errua izan, nahiz eta beste konpaineroek ez honela konprenitu. Eta egun hartaz gero mendekantza bilatzen saiatu ziren, Scarlatti jaunaren hilketa hausnartzen ibili ziren hilabete barru, eta halako batetan, nork eginen zuen suertatu zuten, edo hobeto esan suertatzearen itxura egin zuten, eta bezperan ohostutako pistola bat emanez eta beste pistola batekin apuntatzen ninduten bitartean, nik inundikan ere entzun nahi ez nituen hitzak esan zizkidaten:

        —Hiri tokatu zaik, txibatoa, eta ez esan gero ezin duala edo ez duala nahi, bestela bertan hilen haugu, ez ibili txorakeritan.

        —Eta tripetan eman behar diok tiroa, entzun ahal duk, tripetan.

        —Disparatzerakoan, Theoren partetik goraintzirik beroenak esan behar diok, ez ahaztu, ipurdi garbitzailea, ez ahaztu.

        Eta horregatik jarri nintzen bere zain, eta ezin nuen beste gauzarik egin, beste guztiak nire atzean gordeta zeuden, eta Theoren partetik goraintzirik beroenak esan nion bera niregana irrifartsu zetorrenean, eskuak tripetara eraman zituen, eta bere garraisiak nire barruak ez ezik eguzkia ere pitzatuko zuela iruditu zitzaidan.

        Han egon zen lurrean aztarrika bizpahiru ordu barru, zeren toki horretan emandako tiroak mantxo mantxo hiltzen bait du pertsona, eta bitartean besteek feriei su ematen ihardun zuten, eta hortikak aurrerakoak berorrek badakizki, eta horregatik berresaten diot nik ez nuela kulparik, nik ez banuen hiltzen nire konpaineroek hilen zutela hura eta hilen nindutela ni, mendekantza bila zebiltzela, berorrek konprenitu egin behar du epaile jauna, bai epaile jauna, berorrek hau konprenitu beharra dauka, ezin nazake kondena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.