Zorrien balada
X.O.
Lau deabru gorrik infernutik alde egin zuten igande arratsalde batez eta lan bila hasi ziren. Hurrengo egunerako lana bazuten zorri zaintzen. Deabru gorriek egunero egiten zuten errentan hartutako beren etxean Satan dantza, Xuberoan aspaldi ikasi eta deabruen artean gizaldiz gizaldi gordea. Ez zen erraza haien jauzi, keinu eta deihadarren esanahiaz jabetzea. Jaiki orduko hasten ziren saltoka eta deihadarka zorri zaintzera joan baino lehen. Zorriak zaintzen erabat habilak ziren deabruak: kaioletan ederki gobernatzen zituzten eta haien umealdiak ondo ezagutzen. Honela denbora gutxi barru zorri pila ederra sortu zuten. Hontara iritsi zirenean nagusiaz nazkatu eta beren kontu jartzea erabaki zuten: negozioa egitez geroz horrela jokatu beharra zegoen. Nagusiak konpetentzia egitea erabaki zuen, berak mixeriatik atera zituen esker txarreko deabru haiei erakutsi behar zizkien hortzak.
Lau deabru gorriek lau lauburu hartu eta dantzan hasi ziren "Oi Gurutzea" kantatuz eta honela esanez hau duzue salbazioaren misterioa zuentzat eta guztientzat emango dena eta honela hiru aldiz segidan. Lauburu dantzan hasi ziren geldiro geldiro. Traje grizaren azpitik isatsa irten zitzaion bati jauzi egiterakoan eta begira zeuden guziak harriturik gelditu ziren. Adarrak ere bistan zituen beste batek. Honela zabaldu zen Soria aldean deabruren batzu bazebiltzela inguruan eta anjelusa jotzen zen garaian gazte guziak etxeratzen ziren eta hertzainak gora eta behera hasi.
Deabru buztan gorriak zeharo likitsak ziren; adarretan bakoitzak zortzi mihi zeuzkan eta mihi bakoitzean zortzi buztan ttipi. Ahoko mihia buztana bezain luze zuten eta gorri gorria griperik ez zutenean. Mihiaren punta baino goraxeago apur bat herstutzen zen haragia eta berriro zabaltzen zuztarraren zabaleraino baba tankera hartuz. Deabruen mihiek puntan zuloa zuten eta beren hizkuntza inork ez entenitzea nahi zutenean handik xistuka morse bereizi batetan elkar ulertzen zuten. Buztana bezalako deabruen mihiaren punta zuztarra baino gorriagoa zen eta bigunagoa eta puntako zulotik muki tankerako xistu lodi bat jaurtikitzen zuten oso urrunera. Goizero eta arratsaldero eta gauero beren Satan dantza bukatzen zutenean begiak galdurik adarretako zortzi buztan ttipiak irmoturik eta buztana bezain luzea zen mihia atera ondoren xistu lodi bereizi hura etenka ordu erdi batetan jaurtikitzen zieten begira zeudenei, zeinek oso pozik eskuetan hartu eta irrikaz mihazkatzen zuten eta bakoitzak bere hanka artera eraman ondoren biloari itsasten zioten eta gero denek batak besteari xistu bizigarri hura mihazkatzen zioten beren behatz puntetatik irtetzen zien linboreak herriko plazan gainezka egiten zuen arte. Eta orduan herriko denak ito egiten ziren egunero, eguerdiero, gauero.
Deabru gorri mihia buztana bezain luzedun haik berehala nabarmendu ziren beren zorri zaintzan zuten habilidadea zela eta, Soria oso bildurturik zegoen. Agintariek zerbait egin behar zela adierazi zuten, eta mila urteko biltzarra egin ondoren 13 probintzietako Apezpikuek hau erabaki zuten:
"Lau deabru gorri mihia buztana bezain luzedunen zorriar guziak zikiratuak izanen dira".
Soriako herria zeharo beldurturik zegoen, baina zorrizikiratzaileak bere eginbeharra ondo bete zuen: deabruen etxera joan eta orratz ttipi batez banan banan hiru zorriarrak zikiratu zituen. Deabruek kexa bat presentatu zieten 7 probintzietako Ahaide Nagusiei, baina 48 probintzietako parrokoek ez zieten kasorik egin.
Deabru gorri mihia buztana bezain luzedun haik oso gaiztoak ziren "arrayua" eta beste birao batzu esaten zituzten egunero, gauero, orduero. Kalera irten eta zortziretarako etxeratzen ez ziren neskei mihingaina atera eta xistua botatzen zieten aurpegira. Horregatik herriko hertzainek erabiltzen zituzten gonak. Anjelusa jo ondoren etxeratzen ez zenari sudurretik muki batzu botatzen zizkioten. Deabru gorri mihia buztana bezain luzedunen sudurrak ez zuen zulorik baina begizuloetatik botatzen zizkieten mukiak. Deabru gorri adarretan zortzi buztan ttipidunek sudurraren tokian bi potroilo borobil zeuzkaten bizarrez beteak eta beltz tankerakoak. Inork ez zuen asmatu potroilo haik zertzu ziren, baina beti antiojuak zeramazkiten begizuloetan sarturik. Begi zuloak odoletan zituztela ikusten zutela ondoen deabruek zioen jendeak, baina guk ez genien sinistu.
Deabru sudurlekuan bi potroilo antiojuekin-dunek begiak diti punten gainean zeuzkaten eta diti puntak zilborrean bata bestearen gainean. Kopetean zulo herstu bat zeukaten sarrera bigunekoa, eta ahoko ezpainak kopeteko zulo herstu hartan zeuzkaten. Inor begira ez zegoenean deabruek mihia kopeteko zulo herstu eta usain garratzeko hartan sartzen zuten eta lasai lasai kaka egiten. Deabru gorri kopetean usain garratzeko zulo herstudunek eskuak hanka artean zeuzkaten, esku oso motzak ziren eta bakoitza zazpi behatzekikoa baina zazpi behatzak baturik zeuden xaguzaharrenen antzera. Besorik ez zuten mihia eskuetaraino iritsiz geroz ez zuten beso beharrik. Hankak ipurditik zuzenean jaisten zitzaizkien berna eta hankarik gabe, baina buztanaren gainean oso ederki zekiten ibiltzen deabruek.
Herri guziko neskatxak aztoraturik zebiltzen deabruak herrian azaldu zirenetik. Haien mihi luze punta gorridunak eta haien xistu saioak ikusiz geroz deabru adarretan zortzi buztanekikoenganatzen zituzten indar izkutu bat somatzen zuten berna artean. Seigarren egunean herriko neskatxa guziei hile-odolak jaisten hasi zitzaizkien goizeko seiretan. Sei probintzietako Neskatxa Garbien Defentsarako Batzordeak ikerketa bat egitea erabaki zuen eta ordukoz odol hura galtzeko ez zeudela eta, odolkiak egiteko biltzea agindu zuten. Hertzainek gurdiak eta kupelak hartu eta etxez etxe abiatu ziren odol pila bilduz.
Baina ikerketak ez zuen erresultadu positiburik eman. Zorriar guziak zikiratuz geroz ez zitekeen haiei errua bota.
Zientzia gizonik burutsuenek ere ezin zuten asmatu hileodol-hustutze amaigabeko hura zerk eragina zen. Honetaz pozik zeuden Neskatxa Garbien Defentsarako Batzordekoak, saltzen zituzten odolkiek ematen zieten dirua ez bait zen xori kaka. Horregatik norbaitek diru hartaz herriko zientzia gizonik burutsuenak Birjina Ustelen Zabalkunderako Batzordekoak erosiak zeudela ere esan zuen. Beti izan ohi da jende maiseazalea. Honela Sahatsordeak (honela deitzen zioten deabruek) herri osoari adierazi beharra izan zion:
"Batzorde (Sahatsorde) honek, norbaitzuren ahotan faltsokeriaz beteriko zenbait zurrumurru dabilez gero, zenbait pondu garbi utzi nahi du Elkartearen izenean:
1. Herri honetako edornork bezain biziki gure alabei heldu dien izurrite hau pasa dadin desio dugula.
2. Horretarako, hau da, izurrite honen kausak ikertu eta lehen bait lehen beharrezko diratekeen sendagaiak lortzen ahaleginak eginen ditugula, nornahik haina interes bait dugu herriko neskatxen sendatzean, gutako zenbaiten alabak gaixoen artean izaki.
3. Guk ez dugula Herriko zientzia gizonik burutsuenetako inor erosi, eta guttiago oraindik norbaitzuek dioten helburuarekin, gure herriko neskatxen hile-odol-hustutzea ez geratzea, hala egia.
4. Hile-odolekin egindako odolkiekin egindako dirua gure Elkartearen (Kakartearen) diru-kutxan oso osoan sartua dela: Elkarteko diruzaina lekuko.
5. Diru hori egia esateko huskera bat dela, eta Kakarteak dauzkan helburuen betetzeko egun behar diren gastoak Kakarteko sozioen eta beste zenbait laguntzaileren emaitza oparoari eskerrak betetzen direla, eta ez beste inola.
6. Diru egitearen eta zientzia gizonik burutsuenen eroste kontua gezur zatar eta nazkagarri bat besterik ez dela, denok ezagutzen ditugun lau deabru gorri adarretako zortzi mihietan zortzi buztan ttipi mihia buztana bezain luze sudurraren tokian bi potroilo borobil antiojuekin bizarrez beteak eta beltz tankerakoak eta kopetean usain garratzeko zulo herstudunek, eta bere inguruan dabilizanek sortu eta zabaldua.
7. Beraz Sahatsorde honek Kakartearen izenean eta Kakarteko mokordoen izenean lau deabruen zikiratzea erabakitzen du gure erabakia hertzainei jakin eraziz, lehen bait lehen guk agindutakoa bete dadin. Mahaiburu, idazkari eta diruzainak Elkartearen izenean zinatzen dugu.
Zorritegin, Kakailak 7
|