L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mermelada Ustela (1976) —Hurrengo artikulua




 

 

        —Ez dugu ezer galtzen.

        —Ez ez dugu ezer galtzen.

        —Galtzekotan ezer gutxi gal dezakegu.

        —Ezer gutxi, deusez.

        Haren eskua sentitzen duk heurearen ondoan zai. Haur desanparatua karezia baten eske, ilunpean urduri heurearen ondoan zai nabari duk.

        —Ez dugu ezer galtzen.

        Hasperen batetan galtzen da hitza, harena bezain hirea, heure angustiak egotzia bezala entzuten duk. Iluntasunari zabaltzen dizkiok begiak.

        —Posiblea. Posibilitate batez baliatzea. Hori litzateke haur bat egitea.

        Nola esan. Posible zaigun gauza bat posible zaigulako egitea. Heurean daukak orain haren esku hotza. Heurean izkutatzen duk babes bila, heure behatzak kontatzen dizkik, urduri berpasatzen, kareziatzen, heureetan lotu nahirik trabatu eta galtzen dituk.

        —Geure posibilitate bat. Zer esan nahi dut.

        —Posibilitate bat. Posibilitate bati atxiki.

        —Buruaz beste egitea bezala, posibilitate bat. Baina diferentea, buruaz beste egiteko posibilitatea galtzen ez delarik. Ez duzu ezer galtzen.

        —Deusez.

        Abandonatu egiten haiz haren bide itsuan lagundu nahi gabe, esku gosetiari uzten diok heurea, arratseko imajinetan berriz ere sensazio haren bila irristatzen haizen bitartean.

        Bizkar gainetik zeharka beheruntz begiratuz, erdizka itzulia burua makur, ezerko seinu sentikor eta nagi baten mugimenduan paraturik bezala aitzitik prometagarri intuitzen diren ezpain heze lodituak. Nabarmenak dira, estudio argazkian azaltzen ez badira ere, eszenarioaren elementoak, fokoak, oihal zuria, eserita zauden aulki graduablea, ameslariak izan nahi luketen begi eroriak zertxobait harriturik begiratzen duten fotografo-alfonbra harrigarria.

        Hunkigarria da hala guztiz ere ondorioa, nire deboraren sentiduari eragin diezaiokeenaren ezin adierazia. Hemeretzi urteen frajiltasuna, iheskortasuna sentitzea ez, behatz artean edukitzea, ukitzea, irristatzen ikustea baizik. Hemeretzi urteen hunkigarria, eduki direnean, edan, besarkatu, kareziatu direnean. Gaztetasun hori nork berak ahitu duelako inpresio penagarria.

        Bular gainean sentitzen duk eskua behatz puntetan ibiltari, bide buruz ikasia berpasatzen, heure zoko ezagunak esnatu nahiean kareziatsu.

        —Ez da ezer galtzen, deusez.

        —Deusez.

        Bi gorputzetako zilarrezko marko sinple batetan, zihur asko etxetik joan zinenetik hertsirik dagoen piano gainean. Ezkerrekoan zure anaia hirugarrena hiruren bat urte zituela, besoa besterik ikusten ez zaion emakumezko bati —zure amari zihur asko, beti bezala errejimenak ihertu bitartean fotografoari ihesean— luzatzen dio esku potoloa. Argazkiaren aurrean haur negartiari begira dihardut, interes konkreturik gabe, eskuin aldekoak nola bista erakartzen didan sentitzearren besterik ez. Haur negartiari begira belaun azpirainoko galtzerdiak, alkandora festoiduna, inizialekin bordatutako galtza petoiduna, haren detaileen ikusketan insistitzen dut aurpegi inklinatuaren erretratoak bestean gainjartzeko duen insistentziaren kontra borrokatuz. Erresistitu egiten dut begiratzeko gogoaren kontra borrokatzea alferrik bada ere, esperoa gozatuz begiratzeko desioaren plazerra luzatu nahiean.

        Begiratu gabe ikusten dut bizkar gainetik erortzen den begirada galdua —«hori da, lurrera, alfonbra ertzera begiratuz, hori da»— betazal gainak orduko makilaje kremaz gehiegi kargatuak beharbada, ezpain heze handituak fotografoaren joan etorrietako batetan izkutuan hortz artean hestutuak eta mihin puntaz miazkatuak zihur asko, erretratoa prometatu zaionari ukatzen zaion eta aurpegiaren dibujo leunak ezin eraman duen sensualitate seinu bat konposatu nahiean. Adoleszente jolas engainagarriak —obszenoak?— zutik nauka piano ondoan, bibliotekaren parean Economía Vascongadaren bizkar zurien errenkek, hilerek, mahaikoen aurrean nire presentzia interesatua ezin justifika, badezakete ere.

        —Zer diozu zuk Andres.

        Zuengana bueltatzen naiz eskaintzen didazun kopa eskuratuz. Kristalari buruzko obserbazio banalen bat entzuten dizuet. Ardo txarra kristal finean, ardo ona duralexean baino gehiago edo horrelako zerbait gomentatzen du zure izebak. Edo alderantziz ardo ona eta kristal txarra. Neure ardoa edaten dut zuzenean begiratzea ebitatuz

        —O lal la mais il lis Rimbaud esaten du izebak, arratsalde osoan neure gorputz aspertuaren prolongazio bezala eskutik zintzilik daramakidan Bateau Ivre-a seinalatuz, eta orduan, berak gerra denborari deitzen dion bezala Hendaiako lizeoan ikasitako frantses apurrak luzitu nahiean. Antzekoak zarete zu eta izeba: sudur intelijentea bezala interpretatu ohi den portantea, rektoa baina ez erromanoa bezain pegotea, bekoki despejatua ilearen sustrai arko zabal uniformez dibujatua, hortz zuriak, handiak, farra egiten duzuenean ugaritasun gehiegizko bat adierazten dutenak, ez hain zuriak iadanik zure izebarenak eta handiegiak gertatzen hasiak ximur bertikalen poderioz tipitzen hasiak diren ezpainen atzean.

        «Formaldu zen hori ere azkenerako» esanez jarraitzen du hain gogoko duen demanda giroa bilatuz. Poesia egiteari uzteak eta harmekin trafikatzen hasteak formaltzearekin duten zerikusia izanen litzateke diskusiogaia. Gustokoa du zure izebak niganako sinpatia falta erakutsi beharra, batez ere azelga errebozatuak arrantzarako tresneriaz jan nizkionetik. «Edade gorabehera da guztia» esaten du, eta «kukurruku eztula bezala» eransten nik, horixe esanen duela pentsatu bezain laster.

        Errita ebitatzeko eskatzen didazu zuk begiekin.

        Heure anatomiaren azterketa zehatzean abandonatzen hatzaio, bi besoak gorputzaren alde banatara etzanak, mesanotxeko argi bajoarekin hormatik sapairuntz doblatuz heuregana luzatzen diren itzal erraldoiei begiratuz.

        —Ez duzu ezer galtzen. Esan ez duzula ezer galtzen, posibilitate bat dela.

        —Bai, posibilitate bat izan daiteke edo ez, baina berdin da.

        Heure beso hilak harturik bere gerri inguruan korapilatzen dizkik, heure gorputzaz besarkatzen. Heure gainean belaunikatzen duk sahetsetan belaunak finkatuz eta esku ikaratsuz —ukiduraz ezagutu nahiean legokeen itsua bailitzan— aurpegia kareziatzen dik behatz arinez rasgo guztiak pasatuz eta berpasatuz, eta kareziatzeari utzi gabe leunki irristatuz ezpainekin goitik behera azaleko zentimetro bakoitza laztantzen. Begi erdi hertsiak.

        Berriz ere kristalaren gaiari atxikitzen zatzaizkio. «Muranoa ez da edateko». Ikusteko. Formak, koloreak. Baina Muranoa ez da kristala izebak. E vetro cara vetro ez kristala. Erreierta ebitatzeko erregua egiten didazu begiekin. Zuten bizitasuna galdu duten begiekin. Edo sakontasuna edo beste zerbait. Beti galdera bat duten begiak dira orain, itxoiten dauden begiak, esperoan daudela diotenak. Ertzetako ximur tipiekin. Aurpegiak oraindik asumitzen ikasi ez duen ximur leunak. E vetro cara vetro ez kristala. Zure izebari zihur asko egokitze prozeso baten ondoren karakterra ematen dioten ximur berdinak begi begiraleetan.

        «Bazoaz gaur ere Andres» esaten duzu bibliotekara itzultzen hasten naizenean. Nabarmenak dira ezpain ertzetako ximur angularrak ere, bi v triste ahoa hitzegiteko zabaltzen duzunean, mingotz berriz erantzunaren zai hersten duzunean.

        —Ez dakit.

        Buru inklinatua berriz ere bizkar gainetik eroriz melankoniatsua izan nahi lukeen begirada galdua, makilaje ugariak eta herriko fotografoaren arte dudosoak ebitatzen ez dakien dizdira gordinak masaileetan —estudio-fokoen presentzia izkutuaren argitasun misteriotsua— azalaren leuntasun nabarmena orduko makilaje-kremaren azpian. Edo nire ezpainen eta behatz punten memorian.

        Hartzen dut bi eskuekin zilarrezko markoa plano gainetik neure interesa nabarmen eraziz hobeto disimulatzeko asmoz.

        —Noizkoa da argazki hau— galdetzen dut, disimuloa modelatuz.

        Hortzen artean hestutuz handitutako ezpainak mihin puntaz igurtziz hezetutako ezpainak, agian fotografoaren konplizidadearekin erretratoa eskatu dizunarentzat konposatzen duzun seinu ekibokoa. Orain —«Isabelen kuartoan eginen duzue lo» esan zuen amak— ispilu aurrean gelako bakardadean, hautzaroko peluchearen presentzia oraindik, eskotea neurtuz saiatutako adoleszentearen harma inuzent guztiak, probokazio inkonszientearen jolasean.

        Eztabaidatu egiten duzue mahaiean. Duela bederatzi hamar urtetakoa agian. «Dublinera joan hintzenekoa». Isildu egiten zara zu, begiekin galdezko ezpain ertzetako ximur angularrak zorroztuz nire pentsamenduen haria jarraituz zihur asko.

        —Urteak nola joaten diren.

        Begiratu egiten diogu elkarri. Gaztetasun horren edertasuna nork berak —nork beraren hortzak, hatzaparrak— konsumitu dutelako sensazioaren angustia berriz ere.

        Ehunka metrotik hutsera itzulika erori bahintz bezala sentitzen haiz haren gorputz gainetik aldenduz, sorbalda izerditua izararen kontra, etzaten haizenean. Suspirio bat itoaz begiak zabaltzen dituk hari zuri baten estremoetan bi eskuen forma klaroaz eta betazalik gabe begiratzen dian gelatina granatezko imajina borratu nahiean. Haren arnasaren epela sentitzen duk lepoan.

        —Ez, ez da ezer galtzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.