L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Stultifera Navis aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Stultifera Navis-1 (1982) —Hurrengo artikulua




 

 

Ganantz

 

Itziar Laka

 

Ordu bete jota neraman ordurako bide ertzean geldi, hatzamarra aurreratuta, norbaiten errukiaren zai. Egia esan, kotxe bi baino ez ziren igaro han nengoenetik, baina seirak aldeari heldu behar nuen hurrengo berrira, derrigorrez. Huraxe zen nire pentsamendu bakarra.Seirak baino lehenago heldu behar dut.Heldu behar dut. Heldu.

        Kotxea gorria zen, txikia eta zahar samarra. Dena den, ez nintzen gehiegi fijatu. Aurreratxoago geratu zen, leihatilaraino heltzeko korrika egin nuela gogoratzen baitut. Eta, zein ederra zen! Zein ederra!

        Ez dakit zer galdetu zidan ere; baietz erantzun, nion, jadanik atea zabalik eta kotxe barrura sartzen ari nintzela.Berak zerbaitez hitz egin zuen; suposatzen dut elkarrizketa segitu niola. Bai, segitu nion:

        "Sargoria, bai... —Zein ederra den—...ordu bete jota, gutxi gora behera...—ez dut sekulan honelako urreantzeko larru beltzaranik ikusi—...ez, ez da kotxe askorik pasatu,... —ikutu nahi nuke— ... ez ..—gorgoila zama erdian—...bai, karo, autopista hor hurrean izanik,.. —ez, beherago,—...bai, entzun dut hori nik ere... eskuak zabalak baina finak; beso sendoak, baina zein leun itxura duten!..Eh?...—zein leun itxura duten...—A, bai, karo... .—Ederra da benetan—...Eh? A, bai, bai, karo...—benetan—...Nola? A, ez, barka, karo, karo..."

        Konturatu zen, nonbait, ez niola jaramon handirik egiten. Urduri ipintzen hasi zen, ez dakit oraindik ere zergatik .Beharbada zuzenegi begiratu nion, edota denbora luzeegiz. Bai, hori zitekeen. Ez omen dute elkarri denbora luzez begiratzen ez badute aurretik elkar ezagutzen.Seguraski, karreterari begira egon behar nuen, eta ez berari edo. . . edo hilea ikutu nionean izan zen urduri jarri zela? ... dena dela, urduri zegoen.

        Abiadak kanpoko errealitate guztia ezabatzen zuen, hurruneko mendiak izan ezik. Inguru guztia kontrako zentzuan zihoan azkon bat izanik, bakarrik gelditu ginen, ia mundutik at, beste denbora batez biajatzen zuen kaiolaren barruan. Oraindik urduriago jarri zen, bakardadeaz konturatu zenean.Bat batean, bide ertzean gelditu zuen kotxea. Baina ez zen abiada bakarrik. Zerbait gehiago zegoen.

 

 

Ezpain bizi bi hurbildu zitzaizkidan, udaberriko sargoria bezain leunak. Ahora iritsi baino lehenago, beso epelek gerria lotu zidaten emeki. Sabeletik bularretarantz zetorkidan ikara beroak, atzera bota zidan burua nagiro, eta zamaraino heldu zitzaidan, zeren mitxeleta gorri bat zegoen han, nire larru zuria dastatzen, hegoak batu eta zabalduaz, mihia belarrietako bidexka borobiletan galtzen zen bitartean, anbrosia gozoaren bila agian...

        Bere buruaren gainetik altxa nituen eskuak. Iluntasunean ebakitako antxeta bikote bat ziruditen, sorbalda zabal hartara hegaz. Are eguzkitsuko hondartza batean behea mokokatzen ari ziren antxeta antartikoak, bere gorputz osoa hotzikara bihurtu zutenak.Baina bere larru beroaren epeltasuna ikasi zuten nire eskuek, atzerritarrak herriko hizkuntza ikasten duen bezela, gora-taupadak, behera-taupadak, gerria aurkitu arte, han baitzegoen beso zurion ostatu borobila.

        Bitartean ahoak jirabiren bihurrietan galduak ziren; nire izterrek bere aldakak musukatzen zituzten, ditiburuek bere bular naharoa. Ezina egiten zait orain bere ahoaren, eskuen, hanken ibilbidea zein izan zen gogoratzea.Sentsazioak bata bestearen gainean kolpatu ziren, eta nahastu; gorputzen kizkurtzapenak handitu, zolitu, sutu, bere erritmoa gora-taupadak, behera-taupadak, jarraitzeari lotu nintzaion arte, zeren bere berotasun goriaren mokoa nire barrua musukatzen sentitu nuenean gora-taupadak, behera-taupadak, atsedenaldi epel bat sortu zen. Dardar hura nigan hedatu ahala, gorputza bere baitan hondoratzen zitzaidan, gero eta gora-taupadak, behera-taupadak, hondarrerago... bat batean Vivaldiren bibolinek urtutako olatuaren gailurrera iritsi nintzenerarte. Bere gainean etzan nintzen izerdituta, pisu gabe. Eta azpian nuen berotasuna gauza berria izan arren niretzat, hala gelditu nintzen lo.

        Itxartu nintzenean, itzaltzear zegoen berotasun hura. Orain ez zen ez eta epeltasuna ere. Eta jakinaren beldurrak esan zidan ez ikertzeko, ez bilatzeko bero gabeziaren sorrera. Baina banekien; ez zegoen zer ikertu. Ez zidan berak berorik eman, baizik nik berari neure hilotza.Orain bere larru lehen beltzarana, zuria zen, nirea bezela. Lagundu nahi izan zidan, baina ez genuen lortu. Neure gabezia bete ordez, beregan sortu nuen.

        Bere ondoan jezarri nintzen, eta, lehenagoko batean bezela, denbora luzez begiratu. Lehen bero zena, orain hotz; lehengo urrea, orain zilar. Baina hala ere, oraindik irauten zuen eder, beste kolorez jantzirik egon arren. Ederrak ziren bere ezpain moreak; ederrak bere esku zuriak; ederra bere matrail zimela, ederra bere gorgoil geldia.

        Orduantxe ikasi nuen zer zen haiek "min etsia" deitzen dutena. Hegaz egiten ikasi nahi, eta txori bat hil. Igaro ahalko dut inoiz horma itsu hau! maite hindudan, baina ez nian hik nirera etortzerik nahi, baizik hire eskutik hartuta horma igaro, hirera sartu! Madarikatua izan bedi, han eta hemen, iruditu ninduen gizaki eroa! Madarikatua sekulako!

        (Eta bere historian lehenengoz, malko bi ernatu zitzaizkion begietan handik alde egiten zuelarik. Malkook, musu zuri biak neurtu zituztenean, lurrera erori ziren. Agian, landare baten sustraiek edan zituzten. Eta landarea ez zen zimeldu. Agian malkook bizitzaren elikadura izan ziren. Agian ezinaren muga apurtu zen, absurdotik egiarantz. )

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.