Enrike Amonarriz
...kalea. Berriro ere zoru gordinetik barna. Ezkerretara. Goiz lanbrotsu grisa. Kristal lurruneztatuak etxeko lehioetan. Geldi. Semaforo gorria. Ondoko arpegi desgizonduak. Kopeta ilun urduriak. Horia. Burdinezko orrua hiri ertzean. Berdea. Segi. Hots sinkronizatuak. Alde guztietatik estatikoki mugitzen diren gorputzak. Gizonak. Sarrera. Isiltasun gosetia metro kobazuloan. Irensten gaituen ozentasun apala. Barrura. Tiketa. Klik. Ttanttaka ihesi doan gizatasunaren oihartzun etsigarria. Ezezaguntasuna. Bakardadez inguratutako bakardadea. Norbera inguratzen duen giza-harresia. Trena. Burni herdoildua bihurtu dugun gure haragia. Sar. Begirada bustiak. Lehorrez bustiak. Metalezko begi iragankorrak. Geltoki bat. Egunkaria. Egunkari grisak, beltzak. Hil zerrendak. Agian, hiltzen garenean bakarrik begiratuko dute gure izena. Orduan soilik izango gara bizirik. Inoizko jende ezezaguna barrura. Inoizkoa kanpora. Segi. Ez egun ez gau ez den tunel honetan. Ez dugu inor ezagutzen. Ez gaitu inork ezagutzen. Beste geltokia. Gu inor gara. Norbait osatzeko behar diren inor horietako bat. Hutsa. Hatsezko hautsak. Irten. Kanporatzen gaituzten pasabide gorrotagarriak. Tunel estalitik atera tunel estalgaitzean amiltzeko. Anonimoez jasotzen den erraldoi hau mantentzeko. Gu ezabatzeko. Kalea...
|