Sto. Tomas Lizeoko ikasle batzuk: Erein. Donostia, 1979
Josu Landa
Poztasun handiz jaso dugu liburu hau, salgai ikusterakoan. Poesia, ipuin, bertso eta testo-azterketaz osatu digute liburua 15-16 urtetako gazteok. "euskararen alderdi desberdinak lantzen saiatu" omen dira egileak, hitzaurreak dionez.
Liburu bat eta batez ere, euskal liburu bat plazaratzeak dakartzan desbentaja eta diru-galtzeak kontutan harturik, beti saltzeari begiratu behar denez, harrigarria egiten zaigu horrelako liburu esperimental bat beharrezkoa, hori bai ateratzera ausartzea. Horrelako asko izango bagenu, beste tokitan litzateke euskal literaturgintza. Ez da liburu gehiegi publikatzen idazle onak ez daudelako, eta alderantziz, ez daude idazle onak idazteko motibapenik ez dutelako. Zirkulu bizioso hontatik nola atera asmatzea zaila da.
Liburuan bertan finkaturik, ohar batzu egin nahi genuke. Bilduma guztiek duten eta ebitatu ezin duten heterogeneitate bat badu honek ere noski. Hontatik aparte, gaztetxoak garenoi nabaritzen zaigun kutsua dute idazlan gehienek. Normal. Badira oso idazki interesgarri batzu. Poema batzuk poesia kontzeptual eta konkretuaren kutsu nabarmen bat dute, eta erresultatuak oso desberdinak dira; estilo oso pertsonalak nabaritzen dira poemetan zehar. Bertsotan aritzerakoan hauteskundeak, gizartea eta umorea dira gai eta ezaugarri nagusi. Irakurri beharra dago agertzen diren lau ipuin; nonbaitetik atera behar prosalari krisia gaineratuko dutenak. Liburuaren azken zatia, testu-azterketena, irekitzen duen azterketa eta beste artean diferentzi handia dago, sakontasun eta eramateko forman batez ere. Dena osotasun bezala hartuz, oso balantze positiboa eman behar. Ea honelako asko ikusten ditugun...