Aresti polemikaren akelarrean berriz ere
Mikel Hz. Abaitua
Badirudi Arestiren ezaugarririk nabarmenetako batek, polemikotasuna hain zuzen, hilda gero ere iraun behar duela. Motiboa J. Atienzak, Arabako Heziketa Delegatua, Arestiren "Maldan behera" eta "Harri eta herri" edizio berrian (elebiduna) egin duen hitzaurre bitxia. Honek hautsak altxatu beharko ditu, herri hau hilik ez badago. Hain zuzen ere gauzak mugituz hasi dira. Liburu honen lehenengo komentarioa ERE-n agertu zen orain dela aste batzuk, L. Oñederraren eskutik eta seinalatzen zen jadanik hitzaurreak ekarri beharko zuen polemika. Pixka bat geroago, eta ERE-n ere, Gasteizen egin zen mahai inguru baten berri jasotzen ziguten zeinean bildurik egon ziren I. Sarasola, K. Mitxelena, E. Könrr eta J. Atienza bera. Han kristonak esan omen ziren eta ez da gutxiagorako. Hori azaltzeko nahiko dugu Atienzaren liburuan lineen artean aurkitu ditzakegun gauzak hona ekartzea. Hitzaurrelariaren ustez Arestik eta bere obrak herri honen inkoherentziak eta "eskizofrenia kolektiboa" azaltzen dituzte. Sozial/Nazional binomioa inkoherentzia hutsa da, euskara hizkuntza "cuasi tribal" bat da eta hau ez ezik herri osoa ere. Baina behar bada Atienzaren tesisik nagusiena euskarak, hizkuntza klerikal bezala, egin zion traizioa azaltzea izango litzateke. Hitzaurrearen hasieran jadanik ematen zaigu euskal idazleen zerrenda bat (1545-tik 1960-ra) elemento klerikala zein ugari den begien bistan jartzearren. Horrela euskara hizkuntza klerikal "cuasi tribal" bat izango litzateke eta ondorioz Arestirena ere. Hizkuntzak egingo zion traizio horrengatik poeta aurrerakoi eta sozial bat nahi izatetik, atzerakoi eta tradizionala izatera pasatuko litzateke.
Gure tesisa zeharo kontrakoa izango genuke, Arestik demostratu zuen nola hiztegi klerikal baten bidez (ezin baitezakegu onartu hizkuntza osoa klerikala denik Atienzak nahi bezala) produkto sozial bat atera zitekeen.
Baina hitzaurreak badu beste alde lotsagarriago bat, Atienzak ez baitaki kopiatzen ere. Zeren oraingo "Maldan behera" honek bere jatorrizko edizioan zituen subtituloa, argudioak eta eskeintzak falta ditu. Bestalde bibliografian emandako Arestiren obren artean edizio batzuk falta dira ("Ipuiak" CAP, 1979, Haranbururen edizio berriak). Baina bitxiena behar bada "Kaniko eta Beltxitina" bere obra bezala agertzea izango da.
Ikusten duzuenez gehigizko faltak.
|