L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-2 (1980-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Agiri bat bidali digute

 

E.L.D.E.

 

transkripzioagatik:

Josu Landa

 

        Inor ez bada enteratu ere, aspaldidanik dugu gure artean literaturaz arduratzen den elkargo edo zentro bat, ELDE izenekoa (Euskal Literaturaren Desarroiloaren Eragilea). Diktaduran hasi zuen bere ibilaldia, eta orain arte anonimatoaren estalpean gordeta izan den arren, oraingoan bere ideiak plazaratzea erabaki omen dute, azken kongresuaren (XII gn, hain zuzen) ondorio bezala. "Omen dute" esan dugu, guri iritsi zaigun adierazpen bakarra agiri antzeko orrialde multzo bat izan bait da. SUSAko erredakzio kontseilua behin eta berriro bildu ondoren, orrialde hoiek errebista honetan argitara ematea erabaki genuen, iritzi publikoari ongarri gerta zekiokeela pentsatu bait genuen. Hona hemen bada, aipatutako agiria.

 

                                Gaztelun, 1980ko martxoak 3

        Al pueblo escribidor vasco y a todo el pueblo en general:

        Egunon. Arratsaldeon. Gabon. (Egoki ez dena borra bedi). Guk geuk, bukaeran sinatzen dugunok, gaur egungo literaturaren zenbait arazok kezkatuta eta larrituta gintuela, elkarrekin biltzar konstituiente bat egin genuen, haren ondorioak nolabait kaleratzea erabaki zelarik. Horrexegatik, isilik gorde ditugun iritziak azaltzea, euskal literaturaren desarroiloaren eragile gertatuko delakotan bait gaude.

        Azken bolada honetan, euskal literaturaren gomentalari eta kritikalarien ohar zorrotzek batez ere euskal prosaren umetasunaren salatari papera jokatu duten arren, honako honetan, geu euskal lirikaren umetasunari buruz mintzatuko gara; euskal lirikotasunari buruz, hobe esanaz. Agiriaren izenburua beraz euskal lirikotasunaren haurtzaroa izango litzateke. Orain esaten dugu, agirietan ohitura bait da izenbururik ez ezartzea. Hasera batetan, zalantza larriak ukan genituen ea adoleszentzia hitza ala umetasuna hitza erabili behar genuen. Azkenean, bistan denez, umetasuna hitza erabiliko genuelakotan geratu ginen, gure lehen kaleratze honetan jendeak ez zezan gure burua optimistatzat jo. Beste alde batetatik noski, euskal kritikalarien plañidera koruan isurtzen diren malko eta negarren gustoa, geure ahoetan senditu nahi genuen, kritika beltz eta penzalearen bidea hartuz. Umetasuna esan dugu —edo haurtzaroa, berdin du—. Benetan, hor dugu gure poemagintza, bere haurtzaro jardinean jolasean, noizbehinka kubo multzo bat egitea lortzen duelarik, eta beldur gara haurtzaro jardin harren mugak ez ote zaizkion inoiz irekiko gure umetxo maiteari. Gerra aurreko tradizio aireak dituzten kriaturaren gurasoek, zorion irripar batez begiratzen dute, bere beste anai-arrebek (narratiba, saioak, e.a.) baino askoz "kubo multzo" gehiago egiten bait dute. Behintzat hori diote Torrealdai jaunaren zifra famatuek. Guk, egoera inoxente honen aurrean, ez genekien zer egin: "tribunal de menores" delakoaren aurrean denuntzia bat aurkeztu umearen desarroiloari ezartzen zaizkion oztopoak salatuz, ala erregeek ekarritako superman jantzia ezarri eta defentsarik gabeko pertsonak (emakumeak eta umeak lehenik noski) salbatzera abiatu. Erreflexio luze eta sakon bat ondoren, edozein ekintza praktiko egin baino lehen, umetasun horren arrazoin, osagai eta ondorioak aztertzea erabaki genuen. Azal dezagun orain bada gure erreflexio horren zenbait zehaztasun.

        Dudarik gabe, euskal lirikotasunari buruz hitzegin behar badugu, aldez aurretik bi umetasun moeta bereizi behar genituzke. Bata poeta edo poemagile bakoitzaren eboluzioan nahi eta ez gertatzen den umetasun beharrezkoa eta bestea lehen umetasun honetatik irtenez gero, aurrerago ezin denean jo gertatzen den umetasuna. Azken moeta honetaz aurrerago hitzegingo dugu zabalkiago, please.

        Denok ikaratu izan gaitu —eta oraindik batzutan ere aitortu behar— Bécquer batek, edo antzeko edozeinek. Ez da lotsarik ukan behar hori aitortzeko. Garai berean, kreazio lanetan hasi izan gara beste hainbat poeta eta noski, denok dakigu nolakoak diren poema hauek, gai aldetik zein hizkuntz aldetik. Baina tira. Hori pasa beharra dago, eta horretatik pasa ez diren poetak urri dira. Ez gintuen gehien bat horrek kezkatzen agiri hau ateratzea erabaki genuenean. Honako honetan gehien bat kezkatzen gintuena bigarren moetako umetasuna zen.

        Edozein poetaren eboluzioa jarraituz, iristen da menentu bat lehen aipatutako umetasun hori gainditzen dela, lotsagatik edo auskalo zergatik. Hori gainditzeko gertatzen den prozesuaren ondorioak erabat desberdinak izaten dira, eta izan behar dute, normalean bakoitzak bere eboluzioa bait du. Hala ere, eboluzio honetan benetako lirikotasun batetara iristeto beste pauso bat eman behar da, eta hori ematen ez duenaren poemak haurtzaro jardinean egindako "kubo multzoak" besterik ez dira izango. Geuri gehien interesatzen zaigun umetasuna hau da, eta umetasun honen ezaugarria zein den zehaztu behar balitz, zeran oinarrituko genuke: poesia edo lirikotasuna ulertzeko moduan. Norabait iritsi nahi badugu ezina da oraindik funtzionalismoko kontzeptu batekin jarraitzea; ezina da era berean gauero egindako poemak —azken sendimenduaren adierazpide— bilduz gero osatzen den poema bildumari "poema liburua" izena ezartzea. Iristen da mementu bat —eta iritsi behar du dudarik gabe—, non poesia zerbaiten adierazpide baino, adierazpideraren gozamena bait den. Poema liburu batek ezin du inolaz ere izan —edo ezin behar luke izan— poema bilduma bat, inolako loturarik gabe. Gogora ekar ditzagun hain ahaztuta dauden "Maldan behera" eta "Adanen poema amaigabea". Horrelako osotasun bat ematen ez zaion bitartean, hordago eta akabo, bereak egin du. Abangoardia gehienak —gerra tartekoa, surrealismoa, futurismoa, e.a.; zein gerra ondokoak, letrismoa, imaginismoa, undergorund, e.a.— bigarren umetasun honetatik ateratzeko egin diren saio batzu besterik ez dira izan. Ez dugu esan nahi zeredozer lortu duten ala ez; bakarrik maila honetan interesatzen zaizkigu. Benetako poemak nahi ditugu. Hainbeste lotsatzen gaituzten poema "adoleszenteak" hizkuntz lizardiar edo passota batez estaltzea benetako poematzat jotzeko. Eboluzioa ez da soilki azaleko elemenduen bidez egin behar, poesiaren edo lirikotasunaren kontzeptuaren beraren bidez.

        Azken garai hauetan sarritan entzun dugu poesia, narratibaren forma primitiba eta primaria besterik ez dela. Benetan bitxia iritzia. Areago, poesia bakarrik herrialde subdesarroilatuetan agiten omen da. Bitxiago oraindik. Geure ustez, aski itsu behar du izan hori esatera ausartzen dena. Geure ustez —E.L.D.E.ren ustez alegia— uste horretan badaude gauza batzu argitu beharrezkoak. Ados gaude gaur egun egiten den poesia, adierazpenaren forma primitiba bat dala esan nahi bada. Baina hori poesi forma guziei aplikatzea gehiegi litzateke. Kuriosoa da hori esaten duten gehienak poesiak idatzi eta gero prosa idaztera pasatutakoak izatea. Geuretzat, argi da uste hori, lirikotasunaren bigarren umetasun hori gainditu ezinaren fruitua dela. Gaur egungo prosak jasan duen eboluzioa dudarik gabe bere umetasunetik atera du. Demagogikoa eta arriskugarria litzateke bada umetasunetik ateratako prosa bat poesikume batekin gonbaratzea. Horrelako literatur mailak ezartzea baino askoz positiboagoa, lirikotasunaren bigarren umetasun hori gainditzen lan egitea litzateke geure iritziz; ez bait dugu uste berez horrelako mailakatzerik izan behar duenik.

        Beraz, eta prosak ukan duen eboluzioa begiratzen jarraitzen badugu, dudarik ez dago eboluzio horren klabea nobelaren beraren kontzepzioa sustraietatik aldatzea izan da. Lehen aipatutako umetasunetik ateratze hori oinarrizko aldaketa batez egin behar da. Bestela, poemak idazten jarraitzen badugu, Galdosek nobelak idazten zituen bezala, akabo.

        Bukatzeko, aipatu behar da noski irakurlegoaren funtzio eta garrantzia. Gaur egun, inori ez zaio bururatzen Goytisoloren nobela baten aurrean "zer gertatzen den" galdetzea; absurdoa litzateke. Irakurleren batek galdetzen badu "zertarako egin duzun honelako poema bat" edo "zer sinbolizatu nahi izan duzun honetaz", orduan bai, seguru ez dugula gure lirikotasuna bere haurtzaro jardinetik aterako, eta hori bai, gurasoak zorion irriparrez begira dituela, kubo-multzoak egiten jarraituko du, inoiz benetako konstrukzio baliodun bat egitera ausartu gabe. Urren arte. Abe,

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.