Buster Keatonen paseioa
Federico García Lorca
euskaratzailea:
Iñaki Uria
Oilarrak
KiKiRiKi
(Bere lau semeak eskutik Buster Keaton irtetzen da)
Buster Keatonek
Ene semetto gaixoak (Zurezko puñala atera eta hiltzen ditu)
Oilarrak
KiKiRiKi
B.K.ek (gorputzak lurrean zenbaturik)
Bat, bi, hiru ta lau. (Bizikleta bat hartu eta joaten da. Gasolinazko bidoi eta gomazko llanta zaharren artean bere lastozko txapela jaten du beltz batek)
B.K.ek
Aze aratsalde ederra!
(loro bat zeru neutroan hegaldatzen da)
B.K.ek
Gustoa ematen du bizikletan paseiatzeak
Hontzak
Txirri, txirri, txirri, txi.
B.K.ek
Zein ongi baitute txoriñoek kantatzent
Hontzak
TxirrrrRRRRR.
B.K.ek
Hunkigarria da (Geldiunea. B.K.ek ihiak eta zekalezko sorotxoa zeharkatzen ditu ezinesanezko. Makinaren kurpilen artean paisaia ttipitzen doa. Dimentsio bat bakarra du bizikletak. Ogi labean datza eta liburutan sar daiteke. B.K.en bizikletak ez du karamelozko aulkia eta azukrezko pedaleak gizon gaiztoek nahi luketen bezala. Guztiak bezalako bizikleta da. bainan inozentziaz blaitutako bakarra. Izuturik korrituko zuketen Adanek eta Evak urez betetako baso bat ikusiko balute, eta ferekatuko ordea Keatonen bizikleta).
B.K.ek
Ai, amodioa, amodioa! (B.K. lurrera erortzen da. Bizikletak ihes egiten dio. Bi tximeleta gris handien atzean korritzen du. Ero antzera doa, lurretik milimetro erdi batetara).
B.K.ek (jaikitzen)
Ez dut ezer esan nahi. Zer esango dut?
Ahots batek
Tontoa.
B.K.ek
Bueno. (Ibilian jarraitzen du. Bere begi infinito eta tristeek nola pizt jaio berri batenak liliak, aingeruak eta zedazko gerrikoak amesten dituzte. Bere begiak baso ipurdizkoak direnak. Bere ume tonto begiak. Zatar zatarrak direnak. Eder ederrak direnak. Bere ostroka begiak. Bere begi gizakorrak malenkoliaren oreka seguruan. Urrutira Filadelfia ikusten da. Hiri honetako biztanleek badakite ezen Singer makinaren poema zaharra-zirkula daitekela negutegietako arrosa handien artean, nahiz eta ezingo duten inoiz konpreni zer nolako ezberdintasun poetiko sotil sotila dagoen te bero taza baten eta te hotz beste taza baten artean. Urrutira dirdiratzen du Filadelfiak).
B.K.ek
Hau lorategi bat da. (Amerikar bat zeluloidezko begiekin belarretik dator).
Amerikarrak
Arratsaldeon. (Irrifartzen du B.K.ek "gros eraz" damaren oinetakoak begiratzen. Oi, zer oinetakoak! Ez ditugu oinetako hoiek onartu behar. Hiru kokodriloen larruak dira beharrezko beraien egiteko).
B.K.ek
Baduzu mirto hostoz ornituriko ezpata bat? (B.K.ek sorbalda kikildu eta eskubiko oina altxatzen du).
Amerikarrak
Baduzu harria pozoindurikako eraztun bat? (Begiak hersten ditu geldiro eta ezkerreko oina altxatzen B.K.ek).
Amerikarrak
Bada orduan?... (Lau serafin zerutar gasazko hegoekin lora artean dantzatzen. Bizikleta gainean baitliren bezala dute ziutateko andereñoek pianoa jotzen. Valsak, Ilargiak eta kanoek gure lagunaren bihotz galanta ikaratzen. Guztion ustekabe handitan udazkenak lorategia inbaditu du, nola urak azukre koxkor geometrikoa).
B.K.ek (hasperenka)
Zisne bat izan nahi nuke. Baina ezin dut nahiz eta nahi izan. Zeren, non utziko nuke nere txapela? Non ene txorizko iduna eta moarezko gorbata? (Gazteño bat, liztor gerria eta kukune luzea, bizikleta gainean dator).
Gazteñoak
Nor salutatzeko ohorea dut?
B.K.ek (erreberentzia batez)
Buster Keaton. (Zorabiatzen da gazteñoa eta bizikletatik erortzen. Lerroka bere zangoek dute belarrean dardar egiten hilzoriko bi harizpik bezala. Mila ikuskizunetan batera gramofono batek zioen: "Amerikan, ez dago erresiñularik").
B.K.ek (belaunikatuz)
Eleonor andereño, ni ez naizela izan, barka zaidazu! Andereño! (Baxo) Andereño! (Baxuago) Andereño! (musu ematen dio).
(Filadelfiako hodeiertzean du polizien izar ñirñirgarríak dirdiratzen).
AMAIA
|