L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa (1981-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

—«Donostia Hiria» Ipuin Lehiaketan hirugarren saria—

 

Hatsaren gainean

 

Iñaki Iñurrieta

 

«... ardura guziak utzirik, pausatuki,

hatsaren gainean iarriko naiz...»

(GERO)

 

«Bihotza, bihotza duk giltzarria». Manuren hitzak gogoratzen ditu txandala jantzi ondoren zapatilak lotzen dituen bitartean. Argi dago dena, ekintza berriaren hasieran aspaldidanik sentitzen ez zuen poza nabari du. Orain badaki aktibitate fisikoak ere bere lojika duela, ezagupena eskatzen duela ezer positiborik ateratzekotan. Ia urtebete lehenago, hondartzan zehar korrika ibili ohi zenean, Manuri entzundako guzitak ez jakiteaz damu da, aze astakeriak zituzkeen eginak, bere onerako ari zelakoan agian kaltegarri zitzaion eran iharduna zatekeen. Orain, ordea, ezagutzen zuen nori zer komeni zaion jakiteko modu zihurrra: bihotzak, bihotz taupadek erakusten dute egindako lana ongi ala gaizki dagoen, gehiegi ala gutxiegi den. Baina batez ere harritu zuena zera izan zen, bere gorputz egoera zertan zen jakiteko Manuk eskaini zion testa, formula matematiko baten bidez interpretatu beharra. Ordura arte hain berezkotzat eduki zuen ekintza mota zehaztasunaren hesparruan kokatzeak txunditu zuen. Baina beharbada bere halako zehaztasunen beharrean zegokeen. Bihotz taupadak kontatzen dira: deskantsu osoan lehenik (ohetik jaikitzean egokiena), hainbeste flexio egin ondoren gero, eta azkenik ariketa hor bukatzetik hamabost segundutara. Hortik ateratako datuei formula aplikatu eta horra hor labur eta zehatz nola zauden adierazten dizun indizea. Egia esan, bere buruan probatu duenean ez zaio oso aldeko atera, baina hau azken bost egunetan bizi izandakoari egozten dio, bost gauetan lo luze sakona galdu izateari. Baina ez dago zertan hasi berriro hari bueltaka. Orain jogging-ak lagunduko dio, bai, galdutako bakea irabazten. Ez, utikan! Eta doi erdikusitako irudi mingarria ezabatzen du borondate kolpe batez. Izen baten oihartzuna, hala ere, kosk egiteko prest. Ez, utikan! orain egitera doan honetan konzentratu behar du, hartara jarri gorputz eta arimaz, zokondo ilunetatik irten daitezkeen iratxoak uxatu.

        Ilunbarra da, hondartza inguratzen duen ibilbideko argien lerroa piztu ohi den ordua. Hor daude, euren distira ematuaz bi espazio mugatzen. Alde batera kotxeen burrunba eta kea; bestera, itsasoak aldi batarako utzi duen eremua, hondartza zabal leuna, inolako forma estrainok urratu gabea. Perfekzio irreal jeometrikoaren miraria egunerokotasun dardarati hautsiaren kontra. Eta itsasoa, itsasoaren amasa betidanikoa, indar kosmiko neurgaitzen arauerakoa, inorena ez den landa behin eta berriro, emeki-emeki, galdu eta irabaziz, betierako itzuleran. Argi oraino indargeen pean, hara eta hona, ibiltari bakartiak, bikote bat edo beste eta zenbait korrikalari. Seiak eta hamar, ikusten du bere erlojuan gizabanako hauen saldoan sartzen denean. Egunaren zatirik onenak euren buruez beste egiten ihardun ondoren, paperez betetako mahaiei lotuta edo makina atzean zortzi orduak eman eta gero, oraindik epe batetarako euren libertatea berreskuratu dezaketela sinesten dutenak, haizexka leunaren karezia feskua, baldosa koadartuzko ibilbide luzean zehar doaz, ezarri zaizkien erritmoei uko eginez, berez datorkien abiadari amore emanez. Arnasa konpasatua oinkadetan neurtzen. Hats hestua gozatuz, egunean ez bezala airea biriken hondarreraino heltzen dela nabaritu, arnasaren sakonak halako betetasuna sentiarazten duela, gorputz eta gogo, biak batean, norberaren neke lasaigarria erreibindikatzen. Halako batez zangoak berez doazela sentitu, eta gorputz osoaren arina, soin-atal guztiak koordinazio hestuan, ez gogortasunik, ez alferrik galdutako indarrik, hezur-giharrek borondate ezkuturen bati bailerraizkion, astunik eza, higiduraren eder narea dastatzen.

        Eta lasterrean doala gogoak hegan egiten dio ilunerantz irekitzen den espazio librean zehar. Gorputzaren erritmoari ezari-ezarian egokitu eta gero, dibagazioetan barrena amiltzen da, bide ertzeko argi lerroa mementuz bistatik galtzen zaiolarik. «Abialdi aerobikoa». Duela lau egun entzun zion lehen aldiz esaera hori Manuri, lau egun juxtu, Klara azkenekoz ikusi zuenaren biharmunean hain zuzen (Klara. Halako batean atera zaio izena, hainbeste ahaleginen ondotik, giltzapean eduki ondoren, jaulki du katramila guzti hauen atzean dagokeen azken zaina. Eta batean harritu eta poztu egiten da ustekabean harrapatu duen izenak —defentsa noiz atertuko zain egona dateke— ez diolako minik ematen, oraingo egiteko honek sendatu izan balu bezala, eguratsean antzeman daiteken bareak samindura oro ematzeko ahalmena bailuen. Arratsaldeko ordu luzeak aulkiari josirik egoten aspertua denarentzat berritasunaren indar bereziaz jazten zaio xehetasun oro inularre armoniatsu honetan; ariera berriari lotzeak bakea dakarkiola konturatzen da, halabaina ez daki noiz arte iraungo duen bere baitan; noizbait aspertuko da beharbada astero pare bat egunez horrela ibiltzeaz, eta orduan lehenera itzultzea datorkioke. Lehenera ituzli. Ez al dago hau gainditzerik? kondenaturik al dago itxaropen ororen azpitik egunerokotasunean amiltzera?... Eta lipar batez harritu egiten da galderon soilari erreparatzean. Aspaldi ahantziak uste zituen galdera injenuoak, klitxe bihurturik datozkio eraso bizian, auskalo non, apika bere inpotentzia hutsean erro harturik. Gero eta bortizkiago sentitzen ditu alferrikoak

direla, erantzunak ez ezik galderak berak gero eta zailago zaizkio. Klara. «Ez naiz zurekin geratuko». (Noizbait harengan erdikusi uste zuen erantzun inposiblea). Oraingo honetan, halabaina, asperrak bere lana egin baino lehen bukatu da dena, beragandik ez baina besterengandik sortu etena, eta ustekabeak kupida gabe astindu du. Norberaren autosufizientziara (irrifarrea eragiten dio orain hitz honek) ohiturik zegoenarentzat iharrausia gehiegizkoa izan du, ez zukeen esango besterik gabe baztertua izatea hain anker izango zitzaiokeenik. Ondorengo gauen luze iluna dastatu du bihotz betean. Manuren hitzei kontu egitea deliberatu duen arte. «Abialdi aerobikoa». Behar zuen, bai, zerbait atzera hatsa bereganatzeko, arratsaldeen goibeletik ihes egiteko. Berrikuntzarik xumeenean salbabidea ikusi uste du. Gogo-sabaiari itsatsi zaion zapore nardagarria ahantzi, zerotik hasi, ezertan ez pentsatu... Haizeak nola laztantzen zaituen sumatu soilki, oinaze orotarik garbituko zaituen haizexka masailetan, ileen erroetan, eta kadentziari eutsi, joan zoazela sentitu...

        Dagoeneko zuhaitz ahulek ertzinguratzen duten autobidean da. Kotxe iladak luzatu ohi diren ordua. Abiada bizian pasatzen ikusten ditu ezkerretik. Autobus bat jendez gainezka, are gehiago ari da kargatzen ondotik aurreratzen duenean. Kristalen atzetik begi pare mordoa. Adibinatzen dituen so hotz epaile horiekin berea ez gurutzeko, aurrera begiratu irmoki eta abiadari eusten saiatzen da, abiada geldo honi, inkontzienteki azkartu baitzaio une batez. Ondorengo uneetan egin behar duena zehazki gogoratzeari ekiten dio, xehetasun guztiez, Manuk esan bezala. Ordulaurden bakoitzean geldiunetxoa, hamabost segundu itxoin arnasa zerbait oneratu arte eta beste hamabostetan bihozkadak zenbatu; kontu handiz, hortxe baitago ihardun osoaren gakoa; kopuru horretatik berehala ateratzen da minutuko zenbat lituzkeen eta zifra horrek erakutsiko dio daraman abiada behar bezalakoa den ala ez, aerobian ala anerobian ari den, zeren gertatu baitaiteke agian ariketa osasungarrian dihardualakoan, bihotzaren kabida areagotzen alegia, —horixe baita oraingoz komeni zaiona Manuk dioenez, eta Manuren hitzei jarraiki nahi zaie itsu-itsuan— gertatu daiteke, bada, bizkorregi joatea ea bihotza zabaldu gabe bihotz hormak sendotzen eta gogortzen ihardutea, eta oraino ez dago horretarako prestatua, ez da gauza oxijeno zorrean aritzeko (atietek egin ohi duten bezala), honi aurrearago datorke, bihotza zabalago dukeenean, erritmo larriagoei eutsi, sufrimenduari aurpegi eman ahal izango dionean. Bazterretik, zuhaitz tarte guztiak jauzi berdinetan betetzen ditu, pausu laburrez, erritmo geldoa, hasieratik bertatik indar oro gorde eta lanegin behar dute giharretan konzentratu soilki, zangoeta. Besoen mugimendua ere era airos leunenean, eskuak muturretan lo bailiren zintzilikatzen. Arnasa hestu ez dakion ahalegindu, kontrolatu, neurri jakin baten pean ezarri: hainbat urratsez hats hartu, hainbestez jaurtiki...

        Seiak eta hogeitabost ikusten du bere erlojuan korrikari utzi gabe farol baten azpitik iragaitean. Oraintxe juxtu bete da lehen ordulaurdena. Bapatean gelditu gabe, jauzi txikiak urrats arrunt bilakatzen dira. Orain dator egiaren unea: oraino hamar-hamabost pausu hurrengo faroleraino, arnasa sakon hartuz, bihotza bere onera ahalik eta lehen etor dadin desiatuz; gelditu; eskuineko eskua lepora eraman, hatz bat zainaren bila («sistole eta diastoleen kontrazioek engaina zaitzakete eta hobe lepoan bularrean bertan baino»), anartean ezkerra begietara hurbildu, erlojuan so eta segunduen harian taupadak kontatzen hasi: bat, bi, hiru,... bihotza eroturik, pausatuago behar luke... segunduak agortzear, are bizkortu egin zaiola nabaritu uste du... Berrogeitabi! Berrogeitabi pulsazio, errepikatzen du bere baitan, ia une berean minutu batean zenbat egiten duten agerzen zaiolarik. Eta ebidentzia honek, begi bistan ikusten duenak, punturaino gorde duen itxaropena ustel gertatu dela darakuskio. Akabo arnetsok! Lehen saio honetan inoiz baino polikiago joan eta hala ere muga egokietatik at dago, ia irrigarri zerion abiada geldoa ere gehiegi zaio. Gogora datorkio inongo planing-ik gabe antxintxika egin ohi zueneko aldia: orduan are azkarrago ibili ohi zen, nekeari uko egiteke, gorputza sufrimenduari inposatzen zitzaion arte, hala behar zuelakoan. Beti ihardun izan du horrela. Bazirudien ezein nekaldiren aurrean norbaiten erronkan eutsi nahi ziola, proba propio horretarakoxe eskaintzen zitzaiola, bere indarrak neurtzeko. Unean unekoa zitzaion gauzarik garrantzitsuena, garaile irten beharra aldi bakoitzean. Eta ez du ulertzen. Ezin du ulertu orain arte eraman izan duen jokabidea oker zegokeenik, nekeari aurpegi emateko ausartzia bulartsu hark balio ez duenik. Baina orain agertzen zaionez, hemendik hara ez duke hala jarraitzerik. Odol sutsu hark, su hark bere gorrian, ez duke jadanik irtenbiderik. Dagoeneko bere onenak emana delako egiztapena (horra hor, ez da besterik) jasangaitz zaio, eraikitako arkitektura guztia gainbeheran datorkiolako bere soilean hain hotz, hain anker ageri zaion datu sinple horren, zenbaki itsu horren poderioz. Baina aurrera egin beharrak bultzatzen du itxaropen izpiren bat bilatzera. Baliteke ondorengo ordulaurdenetan gauzak hobetzea, proitu uste du Manuk halako zerbait esan ziola, lehen ordulaurdenean halakorik gertatu ohi dela —horixe esan zuen, zihur dago—. Agian gauzak aldatu egingo dira, ekinaren ekinez lor lezake, ausaz, hatsaren gainean jartzea, bai, eta bigarren lasterraldian ekitera prestatzen da, berrabiatzera. Erlojuari begiratzean seiak eta hogeitazazpi markatzen dituela hatzematen du. Oraingo honetan are lasaiago joango da, enplegatu beharreko indarrak hobeki neurtuko ditu, dosifikazioa bere azken gradora eramango, besoak hilik, muturrean eskuak airean forma ematen ariko balira bezala, edo eta melodia banal baten konpasean kulunkatzen. Oinak ia lurretik altxa gabe, saltoka ez baina ia tarraska, pausuan bertan ahal den indarrik gutxiena eginez. Semaforoetan geratutako kotxetatik, autobusetatik beregan tinko sentitzen dituen begiradei jaramonik ez egin, hain poliki joateagatik asaldatzen duen urduritasuna ukatu. Ikasi beharra du bere soinari hobekien egokituko zaion erritmo berria, asmatu beharra du.

        Oraingoan ordea, indarrek ez diotela hasieran bezala erantzuten ohartzen da. Joanaren kemenik ezak berak oroitzapenen jirabira erakarri izan balu bezala, dantzan hasten zaizkio hesi barrenean gorde izan dituen iratxoak. Eta ezari-ezarian, bortxatu gabeko jarioz, istorioa isurtzen zaio tristezia ematuk koloreztatuta. Ja hasi orduko bukatu da dena. Lauzpabost urtetan lagun baten arrastoa galdu izan ondoren, arrats-behera batean plazaren arkupeetan ikusi eta berehala hatzeman haren begietan bateratzen zaituzten hutsune bera; pertsona hor aurkitzean errainu berbera sentitu begitik begira gurutzatzen, ezkutuko korronteak lotzen zaituztela, eta handik hara elkarrekin jarraitu, bion artean halako esangabeko akordioa balego bezala. Gero egunak elkarri kateatzen zaizkiola ikusi, eta artean itxaropen gehiegirik gabe —hain zuzen ikasia zarelako (edo ikasia zarela uste duzulako) alde horretatik bizitzak eskain diezazukeena erlatibizatzen—, betiere gauzak bete-batea ez hartzeko konpromezu tazitoa dagoelarik bion artean, batak bestearen konpainia onartzen duela adierazi hitzik gabe, baina norberaren landa ongi gordez, konzesioak doi puntu justuraino eta ez haruntzago eginez. Eta halako batean gertatzen da hain ongi neurtua uste zenuenak porrot egiten duela, kate horretan guztiz sartua zarela ia konturatzeke, eta Klarak ezin zaituela etxeraino lagundu esaten dizunean dena lehertzen dela eta hasierako gabezia gorrian zaudela bestenik gabe, zeure egote soilean.

        Baina berehala konturatzen da ez dela hain egote soil. Larritzen zuen zera ezkutuari ihes egin nahiak bultzaturik agian (susmo urrun bat besterik ez), ezkerretara egiten du autobide nagusia utziz eta itsasaldera abiatzen da, espazio zabalaren deia premiatsuki sentituz. Eskuak ez dira jadanik bi uso kulunkari, ukabil izkutuak baino, barnean hazten, hanpatzen ari zaionari eutsi nahiz. Azken zuhaitz tarteak laburtu egin dira, urrats gutxiagotan betetzen ditu. Beldurra galdu uste zion irudia agertu nahi zaio, oldarka, behin eta berriro, eta irudiarekin izena taupaka hats honez gero ez hain pausatuaren gainetik, eta giharrak gogortu egiten zaizkio, irabazitako baretasuna bertan behera suntsituz. Dagoeneko ez dago zuhaitzik. Eskuinean harresi lodi nabarrak estaltzen dio itsasoaren marmarioak adierazten diona. Langarrak musukatzen du aurpegia altxatzen duenean arnasa sakoneraino hartuz menderatzen saiatzen delarik. Goian ez da izarrik ageri, begien kontra kolpatzen zaion ilun hezea bakarrik. Eztarri lehorrean zerbaitek ez dio uzten ez airea ez listu loditua iresten, beltzaren opakutasunean irudi tematia konkretatzen zaionean, urrats jadanik desorekatuetan aurrera dagien arren beti urrun, betirako urrun, begirada neutro hatzemanezinez ageri zaion amets gaizto horren aurrean. Eta bapatean dena alferrikoa dela sentitzen du, etsipena astunki erortzen zaio gainera, gauaren beltz osoak zanpatzen du zementuzko espaloiaren kontra. Eta bigarren ordulaurdenaren buruan zerbaitek adierazten dio ez duela merezi taupadak neurtzea, bihotzaren erauntsiak aski bortizki sentitzen baititu bularrean, eztarrian, belarrietan, gorputz osoan, bihotz eroa azken galapan ari bailitzen neurri oro hausten, eta ahoa ahalik gehien zabaltzen du aire guztia irentsi beharrez, dituzkeen oxijeno zor guztiak berdindu nahi balitu bezala. Eta une horretantxe hasten da konprenitzen, bidearen buruan itsasoari begira, biziaren abiada ezin dela norberaren nahikarietara menderatu, mila borondate daudela zeurearen gainetik mila bider ahaltsuago, eta haien legean jokatzera kondenaturik zaudela, ezein unetan etor dakizukeela bihotzari gainezka egingo dion Klararen bat, jimnasia guztiak ez direla deus horren kontra, eta haiek makurarazten saiatzea itsasaizea, itsasaize leun hau orrazten ihardutea bezain alferrikoa dela, ederrarekin kontsola zaitezen eskaintzen zaizun metafora hutsa eta ez beste. Eta itsasoaren mezua harrapatu nahi du haren hats luzean, ordulaurdenik ezagutzen ez duen hats luzean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.