Felix Aiestaran
Paiñolu gorriz ito zaizkit gaur goizean izerditu nauten amets bildurgarriak, hala ere, aitortu behar dut, ene integritatea salbatu ahal izan dudala, iluneko indar haustzaile, banatzaileen adarretatik. Barnean ditudan kaleko argi horiztatuak itzaltzearren, bihotzeko hauspoa erahil dut haizkorakada odoltsuetan, jaio berriko haurraren hats gardena, zigarro txar baten ke pozoinduaz astindu arte. Aireportuko zoru lauaren aurka jaurti zituzten bere buruak, basoetako ardo hauskorren mingostasunean murgilduta, bere oinetako garun puskak gazta usainaren kutsaduraz iratzarri lekizkien, baina airean zintzilik zetzaten erlojuei, eguratsaren gortasun sekulakoaz urkatuak, begininiak lehertu zitzaizkien, aulkien oinak egurraren bizi sentikorrez dantzatzen zuten bitartean, eta telebistak gizatiarrak bihurtu ziren amona beltz haren hilobitik. Mila zomorro moetak distiraren edertasunez ezpainetako bizitasun gorrietan loratu zekizkigun, hautsaren liburu harrotuak erre genituen arte, eta hurrengo egunean eguzkia kiskali zen bere bakartatea uholdetan itzuliaz, aintzineko energia ezaren hutsara.
Hutsaren hautsez
erdi itota
eztul sakonetan
odolduak
zulatu zuten airea
bala madarikatuek
hormaren kontra
ile tartean
isladatzen zen
begi izutien distira
astindu ebaki batetan
apurtu zenean
ilargi gorriaren
begiradapean
|