Whiski on the balls
David Zuazalde
Ordu parea neraman «pub» madarikatuaren aurrean. Apoiaturik nengoen kotxearen txapari zapalgunea egitea zen nire beldur bakarra; izebak erregalatutako berokiaren eta Maryk ordu luzetan ehundu zuen jertselodi-bufanda jokoaren babesean, ez nindun arduratzen egiten zuen gradoak. Are gehiago, bero nintzen, bizkarrezurretik behera izerdi tantak nabaritzen nituen; hanketan dardar epelak.
Kanpokaldetik neukan itxura geldikorra oztaozta nekusan «pub»aren ondoko denda erakustokian. «Mela Elektraetxea». Seguraski sudurpuntta gorriantxa nuen.
Boltsiko barneko iletxoekin bolañoak egiten nituen ohargabeki. Hau zen, asaldaturik senditzen nuen haragi elastikoarekin batera, nire aztoraren aztarna ezkutua.
Gogoratzen dut, kalean gora zetozen emakume pertxenten iduriek oroitarazten zidatela bizpahiru hilabete azal xuaberik ferekatu ez nuena; ez nituela hustu sugarrak mehatzuloan.
Ordu parea neraman «pub» gorrotatuaren aurrean eta hain zuzen, horrenbesteko desfilea izan zen kale elurtua gurutzatu, igarotzen ziren kotxe bakanak txuliatuz, eta «pub» barneratzeko behar nuen azken zirika.
Sartu bezain pronto, betaurrekoak gandutu zitzaizkidan eta aurpegia, airean nabari zitekeen, tabakoz kutsatu. Denbora asko ez nuela horrelako girorik dastatzeko beta eduki; bainan ez zitzaidan iruditu gehiegi aldatu zenik: barran batzu, pistan gutxi eta mahainak gainezka.
Segituan poltsikoan gorde nituen betaurrekoak. Pistan ia jende guztia bateriaren erritmora mugitzen zen, bakanak gitarra elektrikoarenera. Disko musika ttopeka.
Konturatu gabe, egosten ari nintzen beroki barnean, izan ere, jendea manga motxetan zebilen. Desegoki oso nengoen giro hartan neraman jazkeraz. Lankideekin berriz, batzutan apainegia ez ote noan pentsatzen dut.
Mahain batetan eserita, bakarrik, eraman ohi duen orrazkeragatik ezagutu nuen Mary, eta hurbil nendin keinu bat egiten zidala ere iruditu zitzaidan orduan; seguraski nik keinu hori egin zezan nahi nuelako. Ondorioz, eta aitortu beharra daukat, irrifarra loretu zitzaidan eta aurreko zalantzak ezabatu gerturatu nintzaionean. Mary zigarriloa erretzen ari zenez, ezin izan nion neuk eskeini bion arteko iceberga urtzeko. Ni izerdi patsetan nengoen.
Berak, patxaratsu iduriz, kalada luzeak hartzen zituen eta keartean ezkutatzen zitzaion aurpegia. Alboan eseri nintzen eta esertzeko eragatik, eskuaz iztarra ikuitu niezaiokeen.. Izerdi tantak irristatzen zitzaizkidan masailetatik. Uste dut hiruzpalau aldiz «kaixo» totelkatu niola, hala ere Maryk buru mugitze hotz batez erantzun zidan guztietan.
Kamareroaren etorrerak salbatu ninduen izerditan itotzeaz. Aurtengo udan Granadan pasatako beroak astoaren putza ziren inpernuko «pub» hartan sentitu nituenarekin alderatuz. Whiski bat, whiskia izotz frangoz behar nuen eta Maryk ere, betazal orlegiak erakutsiz, nahi zuela adierazi zion kamareroari.
Ez da Maryren ohitura isiluneak errespetatzea, nahiko berritsua da. Ilunabar hartan baina urduri jartzen ninduen isiltasuna nagusi zen bion artean. Eta musika ozen egotea ez zen aitzakia; hori bai! musikak gero eta urduriago jartzen ninduen, batez ere disjokeia Donna Summerren kolekzio guztia errezkan pintxatzen hasi zitzaigunetik.
Ez dakit ziur zein mementutan ohartu nintzen Maryk zeraman jantzi xarmatzaileaz; zetazko blusa xingleak bi ditiak nabarmentzen zizkion eta bereizten dituen harana purpurinaz dirdir atzeman nuen.
Kamareroak whiskiak ekarri zizkigunerako masailak bero bero neuzkan, sudurrazpia izerdi gordagi bilakatua eta eskuak izerditsu eta irristakor. Maryren isiltasunari betazal berdetsuak erantsi zitzaizkion eta piskanaka piskanaka ezpain biak desitsatsi zituen.
Labain bat pasa izan balidate, tostadetan igurtzeko gurina balitz txirbilatuko zitzaidakeen azala. Maryren izter ondoan neukan eskua higitu nuenean, hasperen batek ihes egin zion. Burutik alde eginak nituen denboraldi hartan nerabilzkin auzi guztiak. Galtza barnean preso min ematen zidan, oso haunditua neukan jadanik.
Izotza kraskatzen zen eta edalontzi ertzetatik ur ttanttak linburtzen ziren, izotza, izotza behar nuen. Jertse lodia eta berokia ondoko eserlekuan, nire azal eta haragia, porpor, irakin zeuden.
Orduantxe egin zuen Maryk mugimendu zabar hura. Whiski edalontziruntz zihoan eskua, baina niri begira zegoelako edo nik ez dakit zergati, distantzia gaizki kalkulatu eta zartada eman zion edalontziari hankatartera isuri zitzaidan whiski izoztua. Everesteko elurrak!! Laburtu zen, bere onetik, hau da, galtza barrutik ateratzeko moduan nuena. Hotzikarak paseatu ziren nire gorputz guztian zehar.
Maryren farre algarak «pub» nazkagarriaren barnean geratu ziren. Dardarka, hortzak klaskaka nituela atera eta izorrai!! kanpoan elurra...
Etxeratu eta telebista biztu dena bat izan zen. «Una Mujer» grandesrelatoseko kapitulua ikusiz lasatu eta loak hartu ninduen.
Gau hartatik eta gaur egun arte, oraindik ez dut alkohol tanta bat ere probatu... Nik neuk diotsuek alkohola txarra dela gorputzarentzat. Hala zion Zugarramurdiko sorginak ere!!.
|