Printzesa defuntuari
Mikel Etxebeste
Rabelen Pavane xarmangarria Coryellen kitarrako bertsioan entzuten dutelarik norbaiten aurpegia dakusat, neuk aberearen lehen eleak eta zaborrezko hats nazkagarria ukanik. Aintzinean xurgatzen zaitan olde xamur honek gasna usaintzen du, gibeletik gibelaz gabiltz ausartu ezin nahiean eta batasunak ala apartekotasunak eztigu kari zuri hotzarik emanen eta sentidua aurkitu nahiez galduak gara betiko sendagile bisturidunen gibeletan, hortaz hiretzat deuserez.
Gutun ideki bat dut paratua aurrean. Maruriei arno xuria xukatu diet behin baino gehiagotan eta esnearen igazkia erabili behar duten pentsatzen dut inozoki neure buruko galdegaietan. Askotan nahasi dut bortizki neure pentsamenduen eldea, erabakiak, oinarria, zentzuak; biziaren poema batetan erortzea ukanen dut atzen madarikazio errukiorra.
Umea zen eta arratsaldero bezala parkera abiatzen zan; bere etxe sototik bidaia laburra da eta harata irixteko asmoarekin laisterka zebilen, ordu laurden batean ahal bazuen Amak emandako merendua irensten zuen parkera iritxi baino lehen. Umea ni nintzen eta beste pertsonaiak askotan ikusten baititut egun ere hotzikara eta sensazio berdinak murrizten dizkidate buruan; lasaitu beharrean zakurtxo rabiaduna paratu dut nere buru kasku doilorran.
Okindegiko sehi bat topatu zuen bere etxe atariko aurrean egindako lehenbiziko urratsetan. Andrea zen zaharra eta gure eguneroko ogiaren sortzea bere hatzapar gorrien hirinen moldaketan genuen eta dugu egun. Barrez lehenbizi eta gero hitz sueltuekin zion:
Hola Mieltxu, zer moduz egun hauetan? bere eskuarekin
umearen ile fina igortzen zuelarik.
Ongi, beti bezala bere buruarekin esku haiei uko eginik ahal zuen tenorean.
Egunero ikusten zaitut karrikean, zure amatxo berriz... ai! aspalditikan ez naiz berarekin solasean egon. Etxian egonen da ez...
Bai, ez da askotan karrikara ateratzen erantzun zion umeak.
Ia ba! lehen baino lehen ikusten garen elkar.
Andre zaharrak bere hitzei etsia emanik umea berriro bidean paratzea suposatzen zuen, agurra igorri eta ekin zien pausoei. Bokadilloaren atzen pusketak, apurrak eta guzti jan zituen parkera iritxi zen unerako. Itxadoten zituen lagunak ez zeuden esperun parkean. Bera baino bi urte eskas ttipiago ziren umeekin joan zitzaizkion ordu ludikoak; Marguerite, beste aldeko neskato bat beti parean galtzen zitzaizkion txanponak, eta Pello latazko poteetan adreta zen sosak sartzen ukan zituen bere jolas kide bezala.
Mieltxu, igeltxu, Mieltxu zion Margaritek parean eriden zituen bierreala eta durua eskutan agertzen zituelarik barrez... ez nauzula harrapatzen...
Pello ere hasi zen laisterka Margariten atzetik eta bi ordu gutxi gora behera iraun zituen hiruen arteko jostaketa honek. Hots bildurgarri eta zeken baten antza paratu zan haien gibeletik karrozeri beltzezko automobila zapar eta haundixamarra, bere bozina soinua arras sakatuaz eta bortxatuaz. Umeak ez ziren sorrak eta Mikeltxok berealaxe sumatu zuen automobila hartan bere osaba gazteena herriko udaletxean alkate ohia zenez oraindik bazuen posta polita, eta noski diruemailea, herrikoek eta neuk ere Perutxo izen goitiarekin ezagutu dugu beti zetorrela, eta autoa eta auzoko betikoak izanen zirela autoaren xoferrak zeren Perutxok zioenez ez zuen nehoiz karneta atera nahi izan. Hortaz susmo gaiztoa zen hura.
¡Mieltxo, hator hunat berealaxe! zion osabak autotik irten zelarik bekoki zimurtuarekin errabiaduna izanen balitz antza.
Agur, joan behar dut Mieltxok bere jolas kideei.
Osabak bere esku lodiak kate gisan umearen lepoan ipinirik autoaren atzeko eserlekutan sartu zuen.
Lehen baino lehen etxera joan behar gara...
Zer gertatu da, osaba?
Ama gaixotu da, lehen baino lehen apaldu eta ohatzera joanen gara danok zion osabak.
Egun hura eta une haiek ez ziren besteen antzekoak, bokadiloa izebak prestatu zion eta ez amak egun oro bezala. Goizaren ikastolako lehenbiziko ordu eta andereino batek masailak gorritu arazi zizkion ikasgelako guztien aurrean, zerbait esan nahi zion begi beltz hiltzaile haiekin, baina ez zuen deusere alerta. Andereino haurdun haren arpegiko keinu latzak oro gelditu zitzaizkion bere buru joku trabatuentzat, ele haiek ez zituen ongi jasan:
Zenbait euskaldun neska Frantzira doaz lanera eta ez badute ezer bilatzen puta bezala sartzen dira kasu askotan...
Hitz haiek alerta ez arren finkatuak gelditu zitzaizkion eta arrazoia ezin zatekeen gardena ageri bere buruko inpresio itxuetan, soilik jadanik egoera latzaren beharrez, egun harek baldintza bereizgarriak ba zituen, baina ez jakin maltzurki antolatuak ala izkuturik zeuden. Logela ilunean atxiloturik sekundu igeslariak oro, baina ernai lau horma haietatik at suertatzen ziren hots beldurgarri izeba frantzesarenak eta bere lagun ezezagun baterenak batez ere eta gertaera sumagarri guztien gibeletik. Madarikatuak bezain inozoa ate lodia bultzatu zuen pixar bat eta zolako alfonbra eta eskailerak odolez beteak ikusi zituen. Ohatzeari berriro, hotsak zetozen bigarren aldiz eskailera zola odoltsuaren igortzi bizkor eta garbitzaileekin batera bere belarri izutuetara. Haurrak amaren azken erregalu politari so egin zion kriseiluaren mahai ttipian ahaztua zegoen irrati zapar eta kaskarra eta bitartean karresiak areagotzen ziran hozkirri zorroztuen antza. Oihu haiek bideratu zuten gorputza oro maindirez eta mantaz estaltzera eta bere amaren azken karrasi eta orru haiekin ahal zuen bezala lo hartzera.
|