Itzaleko pintzeladak
Patxi Aizpurua
Ur gezala motozerratuz,
txurnioak uhinen sprayen
jaboiez zarpiatuz
abia nadin, abia
habarrotsa limatuz
herdoila kimatuz,
zuhaitza tarteak herrautsez
zaplaturik dauden uhartera.
Eta hondartzaren saihetsean
hare aleen gisa
denborak pilaturen ditu
zure eleen aromak,
zaborra bailitzan,
urezpalek kristalizatu dezaten.
Eta bazekien heure baitaren naufragioaren aurrean zetzala, aspaldiko ekaitzaren ostikaden desmesura baten ondorioa zela alegia. Kopeta murriztea edo eta arnasaren gora-beherakaren horroa jaurtikitzea... ez, irtenbidearen azken haragixerrak frijiturik zeuden iadanik. Berriro traizionaturik sentitzen zen.
Susaldiaren
borroka galdutako
oreina adartza harroa
zimelduta
desioa plazaratu
ezinik
ezinnik
ezinniik
ezinniiik...
Gogoaren zolairua
ertzeko haroztegian
erraustua.
Kemena
komuneko tuberian zehar
usain likitsaren txapel
pizgordailuko har
eta zomorroen janari.
|