Alvaro eta Amelia
Xabier Montoia
Amelia eztia baino goxoagoa zen. Alvaro erabat ona eta ulerkorra.
Igande arratsalde malenkoniatsu batean elkar ezagutu zuten eta geroztik astea ez zen asteburuko tontorreraino iristeko aldapa gogor bat baino. Merendatzera edo zinemara joan ohi ziren, eta han, zinemako iluntasun epelean eskuz loturik geroaz amets egiten zuten. Horrela ibili zen gure bikotea, bi urte luzez, ezkontzeko erabakia hartu arte. Hura bikote borobila. Akats bat besterik ez zeukan: Alvaro txikitxo bat zen. Amelia, aldiz, oso altua, ia-ia bi metrotakoa.
Ezkontzeko bezperan Alvaro bere lagunekin bildu zen elkarrekin afaltzeko. Ederki pasa zuten baina, holakotan ohizko denez eta ospakizuna aitzaki, gehiegitxo edan zuten.
Lagunak oro etxeratu zirenean bakarrik geratu zen ezkongaia. Pittin bat zorabiatua, enparantzeko harrizko bankuan, farol baten argi xumearen azpian eseri zen zigarro bat pistuz. Hurrengo egunean egin behar zuenaz hasi zen pentsatzen eta ezkontzak eman behar zion arduraz konturatzean urduri xamar jarri zen. Une batez, bere pentsamenduen jarioari oztopoak jartzen saiatu zen. Besteek egin diate, neuk ere egingo diat esan zion bere buruari lasaitu nahian edo. Baina alferrik. Beraz, ezkontzaren alderdi zoriontsuez, bere kuttunaz pentsatzen saiatu zen. Alferrik ere. Gero eta larrituagoa zegoen, gero eta kezkatuagoa. Orduan, lehen zigarroa itzali baino lehen, paketetik beste bat atera zuenean, irudi beldurgarri hura etorri zitzaion burura: Amelia bere aurretik zihoan pausu handi batez, izugarrizko oinkadak egiten, zangoak arin-arin zabaltzen; eta bera, ia korrika, izerditan blai, arnasa hartu ezinean, bere aldamenera iristen saiatuz, harrapatu gabe. Hura izan ote zitekeen bere etorkizuna? Dardarka jaikitzen hasi zen, baina ezin izan zuen. Goizean, kalegarbitzaileek han eserita aurkitu zuten, gizarajoa.
Amelia enteratu zenean zoratu egin zen eta gauero joaten ornen zen, zuriz jantzita, enparantzako banku hartara esertzera. Hala ere, ezin izan zuen bere atsekabea luzaro eraman eta neguko goiz euritsu batean txoritxo bat bezala hil zen, isilka.
|