L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-7 (1983-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—«Donostia Hiria» ipuin-lehiaketan lehen saria—

 

Satorzuloa

 

Laura Mintegi

 

Esteban Smith-ek idatzia

Erreginak, urrezko makila altxatuz, preso hartuta zegoen sagu ausarti gaztea bere aurrera ekar ziezaioten agindu zuen, eta printzesaren bihotzak, lasterketa zoroan, bularretik ateta nahi zuela zirudien. Tronoren gelan isiltasunaren hotsa nabarmen zen. Goardiakoek printze gaztea erreginaren oinetara jaurtiki zutenean, sagu guztien bularretatik ooo luze bat atera zen. Hain liraina eta lerdena zen printzea.

        Baina gerla krudelaren presoa zen, eta gainera, etsaien erregearen semea. Gure printzesak ez zuen gerlaz edo armadetaz ulertzen. Ez zehien berak maite zuen sagua, zergatik zegoen lurrean botata, eta begia malkoz bete zitzaizkion.

        Ez. Ez doa ondo. Printzeak harro eta gorati agertu behar du, bere burua preso hartu duen kortea egindako irainaz kontura zedin. Gainera, bere aitaren armada bila datorrenean, berak, legez, agintea hartuko du, eta buruzagi baten planta mantendu behar du momentu guztietan.

        Gero, nola biak ezkontzen diren azaldu, eta betidanik erasoka ibili diren erresuma biak, nola ezkontzaren bidez, batzen diren. Azkenik, batasunaren fruitua, bion semea, amaren edertasuna eta aitaren ausartzia batzen dituela.

        Beharbada, hemendik abia daiteke ipuina. Baina, zer ordu da? Gose nintzen arrazoiez! Zer dugu gaur bazkaltzeko? Porru patatak eta arraina. Badoa bazkaria zeredozertxo hobetzen ere. Ogia ez da lehen bezain beltza, eta ardo basua husten dut egunero bazkalorduan. Karmen, zer arrain duzu hori, ba? Berdela! Ez dago txarto, ez. Gaur ipuinari bultzada handia eman diot, baina arratsaldean ez dut ezer idatziko. Printzearen irudia nahi dut amaitu, erreginaren kortearen aurrean, jantziak hautsirik eta odoloztuta... tronoren gela mendekoz beterik eta... Nor ari da joka? Joan, joan gora! Itxi ondo atea eta giltzarrapoa bota.

        Atea sarratu da. Egurrezko eskiraletan, watio gutxiko bonbila baten argitan, sotoa iluntasunaren lanbroetan geratu da. Flexo baten argipean, ile gutxiko burusoilaren dizdira, sudur sendoa eta kokots iheslariaren perfilak orma kontrako itzalean nabaritzen dira. Mahai gainean, paper eta idazlumak, tintontzi urdina, lapitz beltz eta beste koloretakoak, eta umeentzako ipuin mordoa marrazkiz ornaturik. Iskiñan, larogei zentimetrotako ohea, eta honen gainean, izara garbietan eta lumazko almohadaren zorroan, I M inizialak eskuz bordaturik. Honen gain, gantxilloz egindako ohagain zuria.

        Gela erdian, kolore ilunezko mahaia, jokura doazen aulki bi eta flexoa. Gortina gisan dagoen tela loredun urdin baten atzean, lababoa, tronoa, bañera erdia eta ispilu txiki bat, ertzetan azpiko zilarra erakusten duela. Ispilu azpiko apalean, bizarra kentzeko tresneria, brotxa zaharra kontatuz, orrazia eta haginetarako zepillua, xaboia, eta azkenik, hatzazaletarako artazi txikiak.

        Gortinaren alde bietara, pañu zuri luze bat, dingilizka, lehortzen edo. Eskilaretako eskumako eskupasaren ondoan, armairua, erdiko atea alboetako biak baino altuagoa delarik.

        Goiko pisuan zapaten hotsak entzuten dira. Nor izan daiteke? Aspaldian ez zutela ezezagunen bisitarik espero, eta ezagunenak abisu pean ziren. Karmenen ahizpa ostegun eta larunbatetan, kaltzeta egitera edota meriendatzera; eta bere alaba, etxeko lanetan lagundu behar zenean, edo hirira, enkarguren bat egitera joaten zenean.

        Lagunik ez zuten apenas. Hogeita hamaseitik hona, guztien pista zeukan galduta; kasurik onenetarikoan. Beste batzuen zortea aski ezaguna zen. Ebron, Santander-en edo Madrilen jausiak. Hogeita hamazazpian izan zen gorrorrena, behin betiko erabakia hartu behar izan zenean. Herria arakaturik, udaletxeko kontzejal guztiak harmetatik pasaturik eta gazte guztiak hilda, preso, mendian, edo jaungoikoak daki non (berak jahingo du heuretarikoa baita).

        Txarrena ez zen hori izan, ez. Galdu, galduta geneukan. Kanpotik laguntzarik ez eta barruan organizazio falta, harma falta, buru falta. Galtzera ohiturik jaio ginen. «Victoria»ren signoa beherantza izan dugu grabaturik, lehenengo egunetik, bekokian. Adarrak behean, eta tontorra helduezina. Lehenengo hileran, frontean, andere beltzak engainuz eta begi-keinuka, ilunbetako erreinura deitzen gintuenean, «Victoria»ren trintxeretan ez dagoela jakin genuen.

        Baina nor koño dago goian? Norekin dago Karmen? Hoiek, urte hoiek dira amesgaitzetan berpizten zaizkidanak, odol gazteaz lohiturik daudenak.

        Karmen ez dator, eta ezer ez dut entzuten goian. Pobreziaz eta ustelkeriaz izan ziren zikinduak urte hoiek. Salaketah ugari, eta gure andreak, buru soli enbreaturik, gurdietan agertuak. Karmen, alhatearen andrea. Karmen gurdian, salatarien begi gorri okerren azpian. Umiliazio eta irain gordinez beteriho egunak. Eta bere printzea, mendian; erreinu gabeko printzea, armadarik gabeko buruzagia.

        Aspaldian ez dudala goian ezer entzuten. Baina dragoi guztiek dute bere printzea, eta printze guztiak bere printzesa, eta biek dute hegadun zaldi zuria, etsaien gainetik eta prolema gainetik zoriontasunaren erresumara joaten dena. Printzearen ezpata apurtuezinak, eguzkiaren argitasunaz, egiaren argiaz, aurkakoak itsutzen ditu, ohargabeki. Ezpata horrek askatuko du printzesa, eta Kortean, terziopelozko eskumako besaulkian jarriko da, ixilik, danari begira, bere edertasunaz guztien ahoak zabalterazten.

        Seguraski auzokoak dira. Senar emazte hoiek, noiz hoño utziko gaituzte bakean? Karmen kanpoan dagoenean, iturri txorrota entzuten dutela; Karmenek sagutxuak dituela etxean, beren etxetik, gau askotan, kri-kriren hotsak entzuten dituzte eta; bisitaz beren etxera pasa dadila nahi duenean, andre batentzat bakarrik bizitzea komenigarria ez dela eta...

        Bakarrik egotea, zaratak, txorrotak, auzoko etsaiak. Argitasunaren erreinuan ez dago holakorik. Ez eta errazionamentuko kartilarik ere. Ez dago ogi beltzik edo goserik. Ez dago ere bildurrik.

        Bildurra, hotsei bildurra. Isilune arraroei bildurra. Neguko egun laburrek ez dutenez gehiegi irauten, laino atzetik susmatzen zen eguzkia, gero eta beherago zegoen. Kaleetako farol batzu pizten hasi ziren, eta lanetik zetozen gizaki grisak, etxerantz abiatzean erreka gris eta isilak eratzen zituen, ura aldatzen ez duten errekak. Eguna eta gauak bitartean duten muga keriatsua, dantzan zebilen. Argi eta iluntasunak adiskide zebiltzan, eskutik lotuta...

        Sotoan bigarrena zen nagusi. Hogeita hemeretzitik eguzkiaren argia ezagutzen ez zuen soto goibela. Adreiluz estaliko leihoek ez zuten, oraingoz, funtziorik betetzen, argia eta haize garbia pasaterazteko funtzioa.

        Trastu zaharrak botatzeko egina zena, eta urtetan zehar bizigarri egin nahi den leku ornitua genuen soto hau. Sator sotoa. Satorzuloa.

Lurrean, bazter batean, paper eta dokumentoak pilaturik, udaletxeko menbreteaz hasten zirelarik. Ondoan, karpetak eta artxiboetako fitxero munizipalak. Beste aldean, kolore bizidunen irudi eta marrazkiak, zaldi zuriak eta dragoi aho gartsuak, urrezko jantzidunen printzesen ondoan. Hauen alboan, sagu printze ausartak eta leialak, arriskuei branka ematen dietenak, bildurra hitzaren zentzuna ezagutzen ez dutenak.

        Karmen sotora jaitsi zen, lasterka. Postrea eta kafea zekartzan. Aspiradora automatiko bat saldu nahi zion batek, hogei minututan gerarazi du etxeko atean. Saltzailea joatean, ahizpa etorri zaio, arnas hestuka. Besapean egunkaria zekarren: Generalisimoak, urriaren lehena hurbiltzen zela eta, amnistia zabal bat emateko erabakia hartua zuela, eta politiko asko kaleratuko zirela, komunista edo gorriak, errepublikanoak eta anarkoren bat ere.

        Autokrazia urruntzen zihoan neurrian, eta berria ezaguturik, sator buru bibote luze eta mutu hestu askok argitara atera zituzten begi itsuak, belarri gabeko buruak.

        Karmenek ez zuen konfidantza gehiegi ere, baina bizitza bikoitzarekin amaitzeko ametsak zetozkion burura, eta honek indar berriak ematen zizkion. Sotoko buru-soil dizdiratsuari, berri onak sinesterazten saiatu zen.

        Irten. Eguzkiaren argia nolakoa den ahazteko moduko denbora pasatu ondoren, irten. Benetako argitasunaren mundura. Irten. Nola irtengo naiz, ni, dragoiek gizakiaren itxura hartzen duten mundura? Printzesa begi-urdin musu-gorririk ez dagoen mundura? Egiaztatu, errealitatera azaldu, desberenganatu; ametsak gordindu behar zituen!

        Hurrengo egunetan, Karmenek ezagutzen ez zituen lanaldi zoroak, alperraldi luzeen ondoren, ikusi behar izan zituen.

        Zaldi zuriari saihetsen atzean jarriko dizkiot hegoak. Luzeak, eta puntetan finagoak izan behar dira, atzera ematean, atzeko anken kontra jo ez dezaten. Luze eta etereoak, lorterazten dituen ekintzak bezalakoak. Tripa mehe eta anka luzedun zaldiak egingo ditut, Grekoak marrazturik izango balira bezala. Printzesa honek oso oin handiak ditu. Japonesenak modukoak finagoak izan daitezen, pixka bat laburtuko ditut.

        Ez dut egoki ikusten printzesa beltzarana izatea. Ileak urrearen kolorekoak izan behar ditu, eguzkiaren dizdirak errefleja ditzan.

        Janariaz eramaten zituen bandejak, ikutu gabe, hozturik, itzultzen zituen berriro sukaldera Karmenek. Bere gizonak ez zuen janaria dastatzen, usaintzen ere egiten. Eguneroko egunkariak eskilarapeko zuloan pilatzen ziren, zabaltzeke.

        Leku itxi eta aireztatu gabeko usai kerra hartzen zihoan sotoa. Alperrikako sermoiak botatzen zizkion Karmen gizaginak. Amnistiaren gaia ez zegoen ez debekaturik, ez onartutik ere: bazterturik.

        Soto osoko bazter eta zuloak, ametsetako printzesaren mamuak bete zituen, bere argiak espazio ilunak gaineztatzen zituen.

        Karmenek afaria zekarren. Bera ez zegoen. Komuna estaltzen zuen gortinaren atzetik ez zuen erantzunik jaso bere galderak. Eskilara atzean ez zegoen ere. Ezta ohe azpian.

        Mahai ondotik, eta flexoak mugatzen zuen argi zirkulorantz abiatzen, sagu nabar-gorria ikusi zuen, harro harro, begi itsuak, belarririk gabe, hamabost-hogei zentimetrotakoa, argoi.

        Buru gainean koroa dizdiratsu bat, eta aurreko eskumako ankaren ondoan, ezpata modura, lapitz baten arkatza.

        Satorra sotoan sagututa, satortuta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.