Kerremekristona
Utretx
Sona handikoa da Bermeon ezizenak imintzeko duten abildadea, eta ikusirik zelan bata bestearen gainean barre gustora egiten duten izengoiti irrigarriez, badirudi ez dela atzo goizekoa umore fina erabiliz agertzen duten ohitura sano hori. Honek ostera ez du esan nahi umore kolektibizatu honen praktika bizkaiko arrantzale herri horretara mugatzen denik, ezta gutxiago ere. Baina kontatu nahi dizuedan ixtorio xelebre hau nola hantxe bertan jazotakoa den, horra hor Bermeo aipatzearen zergatia.
Nik ez dut ezgutzen baina, ba omen dago herri hartan, bertako emakume berbaldun batek aparteko eta berezko graziaz kontatu zidanez, gizon famatu bat kerremekristo deritzana. Dagoeneko agureturik eta nahiko txakildurik omen dabil eta aspaldi laga omen zituen itsasoko lanak, bere sasoian patroia izandakoa bait dugu gizon hau. Hala ere, emakume haren esatetik, kontulari porrokatua duzue, agure gehienen antzera, eta ez omen da asetzen bere bizitzako pasadizoak behin eta berriz bere atari aurretik pasatzen den edonori kontatzen. Haren ahotik jasotakoa duzue beraz, aipatu dudan emakume horren bitartekotza ahaztu gabe, segidan doakizuena.
Izengoiti honi hasiera ematen dion pasadizua gerra osteko edozein urtetako edozein egunetan gertatu zen. Remigio Bastarrika izan ere hauxe bait da pertsonai honen izen pontekoa hogeitamarren gorako mariñel gaztea zen orduan; ezkondu berria, argala baina tiposoa, guztiz atsegina eta estimatua bai juergarako eta bai lanerako. Arrantzale guztiak legez, bajuenetik hasia zen arrantza beharretan: hamabost urteko mutil mokoa zelarik sartu zen txo bapore batean; gero, ofizioa ikasi ahala eta bere lanerako fintasunari esker, mutildu zenez geroztik patroi guztiak zeuden inbiditan halako mariñel estimatua beren untzian ez edukitzeagatik. Horrela gauzak, ezkondu zenerako diru mordotxoa zeukan aurreratua, eta bere aspaldiko asmoa betetzeko zorian zegoen, hau da, sozio pare batekin bapore baten jabe izatea eta bestalde, nor hoberik patroitzarako bera baino?
Zoriontsu, erabat zoriontsu, soinekoetan ezin kabiturik sentitu zen Remigio emazte eta zenbait ahaiderekin batera astilerotatik bueltan etxera zetorrela beren bapore pintatu berriaren ikustalditxoa egin ondoren. Detaile hutsal bat falta zitzaion bakarrik, untziari eman behar zitzaion izena alegia. Huskeria bazirudien ere, izena zela eta gertatu zirenak ikusita uste baino eginkizun konplikatuagoa bilakatu zitzaion detailetxo hura. Eta dena, azken zeremonia hartan herriko abade-parrokoak parte hartu behar zuelako derrigorrez. Ez dugu oraindik ezer aipatu Remigioren fede-filiazioaz, baina esan beharra dago ez zela batere elizatia, eta are gutxiago maite zituela abade guri mardul errespetagarriak. Zer egin ordea halako kasu konpromisozko batean? Ezingo zuen inola ere, batetik herritarren esamesak zirelako, eta bestetik elizatar autoritateak behin betirako ardibaltz fedebakotzat hartuko bait zuen, ezingo zuen, ez elizaren onespen eta benedikazio barik zebilen untzi batean arrantzarik egin. Betirako zoritxarra erakar liezaiokeen.
Tontoa ere ez zen gure patroigaia eta gutxienez abade-parrokoari adarra joko ziola pentsatuz asmatu zuen baporeari komeni zitzaion izena, eta zeremoniarako abixua ematera abiatu zen abadetxera. Ailegatzerakoan, danga-danga jotzen du aldaba eta han non agertzen den D. Ricardoren neskame ximela:
Egunon, Remigio. Zer gura dozu ba?
Ea, beittu hara... bapore barrije bautixateko gora-beherak atontzeko eta, abade-parroko jaunagaz egin gura neuke berba.
Ah! hori baino ez bada, laster dakozu hemen zeugaz edozetarako prest. Jezarri zaitez, jezarri, banoa hainbat ariñen abixue emoten da.
Badoa neskame hori eta handik lasterrera han datorkio D. Ricardo belarritik belarrirainoko irrifarre derrigortuaz, esku izarditsuak bata bestearen kontra igortziz eta diotso:
Ah! bai, bai, bai. Esan dost, esan dost Patxikek. Ez euki ardurerik; hori einde dau. Egune eta ordue imini eta Kittu! Bueno, eta pentza dozu ixena ba? Ostantzien neuk be lagundu ahal dotzut, amabirjiñen baten ixena edo ermittek be asko dakoguz Bizkeijen da ba... ez da gatxa.
Ez, ez, ez. Pentzata dakot ixena.
Orduen hobeto. Ia, zein da ba?
Baa... zela, kerremekristol
Zelan, zelan diñozu? kerremekristo? Holakorik! entzun be! Zer diñozu baia gixona? Jaungoikoari eta elixama santieri errespetoa faltaten zagozenik be ez zara kontuen jausten? Eta halako maldesiño zantarra hartu dozu ixentzat? Ezta iñundik be, iñundik bez!!!
Niri neuri etxat desegokije paraten. Oiñarte be makiña bat bier ein dogu eta eurrerantzien be halan ixen bierko deu kontuixu eta ez gaittezen ixen ba geu bierrien gabixen bakarrak...
Ezetz eta ezetz jarraitu zuen abade horrek gero eta haserreago, gero eta gaitzespen keinu latzagoak eginez, aldarrika eta aldarrika, harik eta masail koipatsu haiek gori gori jarri zitzaizkion arte. Remigiok bere aldetik ikusi zuen han ez zegoela zer eginik eta alde egitea erabaki zuen eta beste izenen asmatu. Min ematen zion ordea halako izen egokia baztertu beharrak. Horregatik, galdutako azken bataila gerra galtzea ez zelata ekin zion beste izen egokiren bat asmatzeari. Nola erebait ziria sartu behar zion abade koipezto zital hari, bai horixel
Esan eta egin, han joan zen hurrengo batean abadetxera, oraingo honetan onartu ez ezik alabatu ere egin beharko ziola bere asmakizuna eta. Delikatu xamarra gerta zitekeen baina hala ere lortuko zuen esperantzarekin sartu zen Remigio abadetxean.
D. Rikardoki, ikusi zuenarekin batera, aurpegikera garraztu zitzaion nabarmen nabarmen, nahiz eta ahalegin itzelak egin disimulatzen eta kortesiazko hitzen bat edo beste asmatzen nola hala.
Remigio zain zegoen, aztorea erbikumearen gain bezala, noiz saltako, momentu aproposa itxoiten. Argi jokatu behar zuen oraingoan.
Abadea izan zen isulune larri hura hautsi zuena, aurrean zeukana zertara etorria zen jakin arren mutu ikusten bait zuen, eta gainera iruditu zitzaion kukurrukua jotzen zetorkiola, horregatik beraz, komeni zitzaiola erne ibiltzea elkar hizketa bere haritik eramanez.
Bueno, hasi zen apal apal badakizu Remigio bakie geuze ona dala gixonok zentzunez alkar konpontzeko eta zeure eukeran zeuk hartu gustokoen dozune.
Ez, baia pentzata dakot beste bat eta amabirjiña ixenak aittetu dozuzen ezkero ba... oingo ixena bijon konformidadekoa dalakoan nau.
Zein da ba ixen hori, Remigio?
Baa... zera, Remedios.
Ah! la Virgen de los Remedios! Horixe bai ixen egokije ta politte! Ikusten dozu zelan bakiek beti dakarren geuze ona eta alkar ondo konpontzie? zorionak Remigio! Bijer bertan eingo dogu baporien bataiotzie ondo baderitxazu.
Bai, bai. Konforme bagauz bijok?
Amaitu zuen Remigiok, bere baitan majo farre eginez.
Ordutik aurrera, Femigioeren baporea Remedios izan da beti eta Remigio Bastarrika ostera, Kerremekristo, eta haren seme alabak Kremekristonekuek, herriaren sena xelebreak ondo baino hobeto jakin bait du betidanik umore zorrotza harrapatzen. Gainera, ze alde dauka ke-rre-me-kristo edo Ke-rre-me-Dios?
|