Sudurraren dardara
Fausto Mendiguren
Prakak potrotan, farias eskutan, nahiz eta hotz egin alkondara erremangatuta eta bularreko botoiak askaturik, «oxtiax» hitzetik hortzera eta neskei «goazenban buelta bat ematera» esanez igandero herrira jeisten diren baserritarrei, bihotz bihotzez.
(«prexioxa» esaten
beraiengandik ikasi nuelako)
Malanttoniren sudurra, benetan sudur itzela; ez ordea haunditasunagatik ttikitto eta biribila bait zen bere mugimendurengatik baizik: haserretzen zenean sudur zuloak ireki eta hertsi egiten zitzaizkion errinozero amorratu baten antzeko soinua eginez: brmmrr, brmmrr; eta Malanttoniren aharrak errinozeroarenak bezain beldurgarrriak ziren, zinez.
Azken garaiotan haserre hauen zergatia beti bera izaten zen: etxeko mutilak: Amunabarro baserrian hiru motiko zegoen gizon izateko bidean: bata Fermin, 20 urtetakoa, bigarrena Anjelmai, 17koa, eta hirugarrena Inazio Jabier, 16koa; eta hiruoen pentsamendu, ardura eta tema bakarra neskak ziren: neskatilak ezagutu ahalik gehienen, berbatan egon, dantzan egin... azken finean ororen jomuga larrua jotzea; eta gure gazteok gaizki moldatzen zirenik ezin esan: dohai berezi bat zutelako edo, neskatxa askotxo zen amunabarrotarren besoetan jausten zena eta horixe zen gure Malanttoni kezkatzen zuena, hainbeste urdanga eduki ondoren ezkontzerako orduan behar bezalako neska fin eta kristau bat faltako ez ote zitzaienaren beldur bait zen.
Hau dela eta, hor zebilen beti amona gaixoa ilobak nola edo hala bekatutik libratu nahiz: bazterrak miatzen ea horietako lotsagaberen bat aurkitzen zuen, inpernuko kondenazioaren minak eta zoritxarrak aldiro aipatzen, oilotegia arakatzen, baserriaren ingurutan neskatoren bat ikusi orduko unetxo bat ere bakarrik uzteke, ilobei astirik ez ematearren ahal zuen heinean lanperatuz, igandero mezetara berarekin eramanez, mutilen logelen ondoko zorua lapikoz, pertzaz eta aulkiz josten zuen gauetan norbaitek irteteko saioa eginen balu bera garaiz konturatzeko, errosario saindua ere errezarazten zien... Baina hiru morroskook, nonbait tontoak ez zirelako, beraien jakintza osoa amonaren trabak gainditzean jarriz behiak jeitsi egin behar zirela, ahuntzak etxera ekarri, lastoa metatu, ximaurra eraman, beterinarioari deitu, apaizari gazta bat bidali, etxekonean lagundu, idazkariari eskakizuna egin, alkateari zergak ordaindu... bata ez bazen bestea, ia beti lortzen zuten norbaitek alde egin ahal izatea.
Gainera, amonak jakin zuenez, ez ziren bakarrik inguruko neskak ilobekin ibiltzen zirenak: kalekume batzu ere etorriak ziren, gazteen ospeagotik edo, eta hura bai zela beldurgarria, kalekumeak ez bait zekarten ezer onik baserritako mutilentzat. Etxeko ondasunak xahutuko dizkidate etxekalte hauek! pentsatzen zuen Malanttonik eta nolabait bukatu egin behar zuela horrekin. Apez jaunagana jo zuen eta ezkondurik ez dauden mutilekin joaten diren neskak elizatik kanpo eta Beltzeburen eskutan daudela sermoian esan zezala eskatu zion, baino apezak horrelakorik ezin zuela erran, garai haiek iraganak zirela, hori erranen balu herriko neskak ez liratekeela gehiago elizara hurbilduko, atso kontuak ahazteko, gazteak etorriko zirela urteekin bide zuzenera eta antzeko lelokeriez erantzun zion, ondoren ea bromurokin probarik egin al zuen galdetuz. Halako erantzun eskax eta izutiaren ondoren galdera zozoagorik! Baina zer uste zuen abade zahar horrek, beren ilobak katakumek edo gizagaxok zirela haien gizontasuna hain erraz itzaltzeko hala? Eta hori pentsatzerakoan mutilen aitona, bere senar zena zetorkion burura: hura bai gizona! haiek erantsiak! Ustekabean harrotasun apur bat sumatzen zuen bere buruan iloben ahalmenagatik.
Baina Malanttoni ez zen lasai gelditu; hura ezin zitekeen izan eta beste ekintzatara jo zuen: oilotegi eta beste toki aproposeko txokorik izkutu eta leunetan bere eritziz txortaleku ederrak zirenetan zepoak jarri zituen; bazekien baldarregia zela, mina egin zezaketela, baina inor ez zen hilko, eta izualdi on bat poliki letorkieke, ea emandatzen ziren.
Mutilok pentsatzen zuen amonak zepoak jarri ondoren oheratzerakoan zenbateraino sofriarazten dilate, ene! Txikiena jaio zenetik ama erditzean hil zitzaielako zenbat aldiz ez ote dizkiet ipurdiko onak eman, eta hala ere ezin baretu. Aita egun guztian kalean, tabernaz taberna, hordi baino hordiago, eta ni hemen, astakilo hauek zaindu eta zuzendu nahiz, nahi eta ezin; ni geroz eta ahulagoa, haiek urtetik urtera basapiztiak baino okerrago, ai San Antonio Urkiolakoa!
Horiek zituen gaueroko salmoak baina nahiz eta ahula zegoela esan ez zen guztiz egia: urtek zituen, bai, baina osasunak ez zuen oraindik uzten; zamak garraiatzeko edo ganbarara igotzeko bazuen indar aski, baita ere sukaldeko lanak betetzeko, ilobei liskar egin edo beste edozein betebeharretan laguntzeko.
Hurrengo egunetan zapo guztiak begiratzen ere izan zuen nahiko lan nahiz eta ezer ez aurkitu, gazta pixka bat jarri izan balu agian eroriko litzateke saguren bat, baina hobe zukeen deus ez aurkitzea ikusi zuena ikustea baino, halako batetan zera bilatu bait zuen, horietako galtzerdi bat, bai, plastikozkoa edo... eta berak ontsa ezagutu bai baina aspaldi honetan ikusi barik zuen esne hura, giza hazia, eta harrapagailuan nahita sarturik zegoen. Han etorri ziren izua eta ondoeza, ai nire bihotza ai ezin dudala arnasarik hartu!
Ohean bi egun pasa behar izan zuen, galtzerdiaren gaitzak jota. Gazteek irri egiten zuten, aita gehixeago agertu zen etxe aldean eta edatea zeharo laga ez arren, botita ez zuen hain maiz hartzen. Baina amonaren ordua luzaroko zihoan, sendatu zen, aitaren zintzurrak berriro ezagutzen zuen ardoaren goxotasuna, eta hiru mutikoak ba... betikora.
Halako batetan, Inaxio Jabierren gantzontziloak lisatzen ari zenean, Tia Juana etorri zitzaion Malanttoniri, izardi patsetan. Lasterka hitz egiten hasi zen baina mihi punttan garatxo eder bat edukitzeaz gain totela zenez gero, Malanttonik lanak izan zituen esandakoa zuzen ulertzeko. Hala ere aurki asmatu zuen amonak zertaz mintza nahi zitzaion atso hura. Azkenik, dena zuzenki jakin ahal izan zuen: Tia Juanak, marrubiak biltzen ari zela, ustekabean entzun zuen nola Anjelmaik agintzen zion Errekaldeberriko Eukeniri arratseko zortziretan Bordatzuriko lastategira joateko. Hori esateko ordu laurden bat behar izan zuen Tia Juanak baino Malanttonik eskertu zion mesedea, nahiz eta jende gehiegi jakinaren gain zegoela pentsatu.
Egun hartan, zortzirak jo aurretik, Anjelmaik Martinen goldea konpontzera joateko premia omen zuen eta etxetik irten zen. Malanttonik zera esaten zion bere buruari: bai alu hori, bazekiat nik nolako goldea konpondu nahi duan, alproja, baina honetan hik espero ez duanarekin aurkituko haiz, lotsagaldu hori, ez nauk berriro izorratuko. Eta mantala kenduz Bordatxuri aldera abiatu zen.
Amona lastategian sartu zenean dena ilunpean zegoen; ez zen zipitzik ikusten; haztamuka mugitzen zen, ixil-ixilik, lasto tartean ia ia etzanda. Bat batean, esku bat jarri zioten sorbaldan; ikararen ikaraz ez zen higitu, zentimetrorik ere; beste esku batek heldu zuen, besotik, estuago orain, eta arnasa etengo balitzaio bezala, zur eta lur gelditu zen; gero, ukondoan zuen eskua ixtarreraino joan zitzaion behera eta gizon baten hatsa zetorkion ezkerreko belarri eta masailera; amona hiltzear zegoen; Orduan, ixtarreko eskua azpiko gonan gora zihoakion bitartean Anjelmai salatzen zuen abots adurti batek mutur ondoan Eukeniii esan zionean beldur bizia amorru basatia bihurtu zitzaion eta sudur zuloek, ireki eta hertsiz berebiziko orroea egin zuten: BRMMRR, BRMMRR, BRMMRR, eta izutua Anjelmai izan zen, kakalarri abotsez oihukatu zuenean AMONA??!!
AMAIA
|