Sarrera
Poz-pozik ginen zazpigarren alea kaleratzean. Mirakulua zirudiena lortua genuen. Norbaitek egunkari batean esan duenez Guinnes rekord-liburuaren aurtengo argitaraldian agertuko bide gara, euskal literatur aldizkarien muga igarokaitza apurtu ondoren. Baina, egia esan, hain ale atsegin, mardul, trinko eta dotorea kaleratuz gero ez genuen hau espero. Benetan.
Hau? Bai irakurle maite hori, hau, oraintxe jasaten ari garen krisialdi eta estualdi gorria, alegia (ekonomiaz ari gara, jakina, beste motako estualdiak iraunkorrak dira guregan eta).
Izan ere, sosik gabe geratu dira. Aurrenekoa ez da, zoritxarrez, guk espero adina saldu eta orain jarraitu nahi baldin badugu, neurri erradikalak hartu behar. Horrela, aste santua aprobetxatuz, bildu genuen gure biltzar ttipia eta han, mila zigarroen ke urdinaz inguraturik, aritu ginen nekeari amore emateke irtenbidea aurkitu arte.
Hasiera batean bide ezberdin bi ikusten genituen: Bata Mario Onaindiari bere azken nobelaren aurrerapen bat, exklusiba moduan, eskatzea eta «Susa tropikala» argitaratzea bestea.
Eztabaidak latzak izan zirela ez dugu esan beharrik, exzisioaren zorian izan ginela ezta ere, baina azkenean gure taldearen zentzu demokratikoa nagusi gertatu zen beti gertatu ohi den bezelaxe. Mario Onaindiarena, eta guk oso gogokoa izan arren, baztertu behar izan genuen, EGlko gaztetxoen artean ditugun harpidedunak ez galtzearren; «Tropikalarena», beraz, zen geratzen zitzaigun bakarra. Eta horri ekin genion. Baina eskutartean duzun ale hau burutu baino lehen beste arazo txikia izan genuen. Badakizunez, Euskal literaturan «tropikal» hitzak konotazio ezezkor eta goibelak izan ditu betidanik eta Pott bandakoak lekuko; ezin genuen izen hori hartu eta epelago bat bilatu behar izan genuen, azkenean eta exotismoak oro utzirik, hitz llabur baina indartsua aurkitu genuen: beroa.
Horrela, udaberrian sartu-sarturik dagoeneko eta udaren atestan, hona hemen gure azken modeloa: Susa beroa edo Susa S.
Susa susaraz, Bahuen sasoia!
OHARRA: Ohartuko zaretenez gure super-posterran taldearen partaide bat, Iñaki Uria, hain zuzen, ez da agertzen. Arrazoia: Iñaki Uriak ez du pililarik.
|