L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-8 (1983-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Drenkula

 

Boris Vian

 

David Benson.en Egunkaritik

ateratako zatiak

Utretx-ek itzuliak

 

I

Apenas zen ordubete Drenkula-ren gaztelura ailegatua nintzela eta zegoeneko lekuaren itxura beldurgarriak susmo goibelak sortarazten zizkidan bihotzean.

        Kontearen egoitza lurralde basatienetako batean eraikita zegoen Transilvaniako oihan handian, zeinak erasora jaurtitzen bait dizkie Karpatoetako lehen murruei bere Austriako pinutzar eta erdeinu bekokizko laritz samalda beltzak; gaztelua, harkaitz mutur baten altuenean, amildegi sakon baten gainean zegoen, haren hondotik uholerreka apartsua orroeka zihoala.

        Konteak eskaria eginik zion Londres-en enplegatzen ninduen abokatu bulegoari ea delegatuko ote zion hango ordezkarietakoren bat garrantzia handiko zenbait paper, idatzi ahala, ordenan jarri zitzan; karteran neukan haren aurrean kreditatuko ninduen erantzunaren kopia, eta orri huraxe zen, kasu honetan, nire estutasuna uxa lezakeen gauza bakarra.

        Izan ere, eraikuntza latz hartako atalburua igarota ordubetera ere, ez nuen artean inongo grima bizirik ikusi. Soilik, zenbait saguzaharrek itzuli estrainoak marrazten zituzten airean, beren txilio zorrotzez isiltasun mazpilgarria betez, eta Londres-ko nire bulego handi artesonatuaren eroitzapenak bakarrik irozotzen ninduen zutik.

        Areto hutsak bata bestearen atzetik erekorrituz, topatu nuen halabaina noizbaitean ere, Ifarrera ematen zuen dorre txiki koadratu baten ostean kukildurik, egurrezko sua txinpartaka ari zen gela bat. Janari oparoaren alboan, ohar batek, mahai gainean jarriak, jakitera ematen zidan ezen jabeak, bi egun lehenagotik ehizera joana zenak, desenkusatzeko eskatzen zidala horren ganora gutxiko harreragatik, eta erregu egiten zidan leku hartzeko ahalik eta ongien harik eta bera itzuli arte.

        Arraroa gauza, arazoaren itxura misteriotsuak, nire larritasuna areagotu ordez, uxatu egin zuen eta, ardurarik gabe, aski ongi afaldu nuen.

        Gero, oso osorik erantzi nintzen, itogarria bait zen beroa, eta sutondoan

etzan nintzen hartz beltzaren larru itzelezko baten gainean oraindik ere halako lurrin basatia kontserbatzen zuena, lekuko menditarrek hura kontserbatzeko erabiltzen zituzten metodo zakarrei esker segur asko.

 

II

Halako itomen sentsazio batek eta beste sentsazio batek, erabat ezezaguna berau, atera ninduten lozorrotik. Nire solterutza formaleko iraganak enura gabe ez ninduen prestaturik halako esperientzitarako; bular gainean pisu bat, astuntxoa iruditu zitzaidana, apoiatzen zitzaidalarik, inpresioa neukan aldiberean nire sexo osoa leize epel eta mugikortasun aparteko batean hondoraturik neukala, eta, exzitazio hartatik, berria harentzat, guztiz ohigabeko kemena eta tamaina handitze bat ateratzen zuela. Apurka apurka, oharmenera itzuliz, kontura etorri nintzen sudurra eta ahoa mintzen ari zitzaidala galpar malgu bat; usain berezi batek, larritzeko samarrak betetzen zizkidan sudurzuloak eta, eskuak jasoz, globo leun eta sedatsu bi topatu nituen, ukituarekin inarrosi eta zertxobait altxatu zirenak; horretan, goiko ezpainean halako hezetasun bat somatu nuelarik, hezetasun hura mihazkatzen hasi nintzen eta nire mingaina arraildura mamintsu eta gori batean sartu zen, zeinak momentu hartan bertan, kontrakzioaldi luze bati ekin bait zion. Ahotik zehar isurtzen zitzaidan zuku goxoa xurgatzen nuen eta kontura etorri nintzen orduan luzaera guztian etzanda neukala norbait gainean, oinak buruz kontra, sexoa marraskatzen zidala, nik neuk neure aldetik, mesedea itzultzen nion bitartean; ni, David Benson, izakiren baten organoari koxka ari nintzaion, eta ezin gehiagorainoko atsegina ematen zidan horrek.

        Frogatu berria nuenak ezustean harrapatu ninduen, bortitzezko gorakadan esperma jario itzel bat, irten bezain pronto irentsia izan zena isurtzen utzi nuen momentuan bertan. Aldiberean, burua inguratzen zidaten iztarrak teinkatu ziren; nire menean nuen guztia egin nuen, mingaina ahal bezain azkar sartu eta ateratzen nuelarik, eta aho gainean dantzan neukan kaliz exasperatuari atera ahal izan nion guztia xurgatu nuen. Eskuak ez neuzkan geldirik, nire sudurrak lurrin afrodisiakoaren bila ziharduen usain gozoko hildoa goitik behera errekorrituz; noizbehinka, sarrera zailagoko bestelako hobi batean sartzen ziren nire hatzamarrak.

        —Galdua naiz, pentsatu nuen. Kontea banpiroa da eta haren zerbitzura dago pertsona hau. Banpiro bihurtzen ari naiz neroni ere...

        Momentu hartan, izakiak nire sudurraren kontrarago bultzatu zidan bere ipurdia eta nabaritu nuen bulto iletsu eta gogor bat zetorkidala okotzari erasoka. Objetua ukituz, ohartu nintzen nire ahoan sartzearren ahaleginean zebilen menbru tente eta tuntur batean luzatzen zela.

        —Ametsetan nago... pentsatu nuen. Sexo biak ezin dute pertsona berean bildurik egon.

        Eta nola ametsak esperientzia areagotzeko profitatu behar bait diren, ahal bezain ongi mihaztu nuen menbrua, mingaina ahosapaira eramanez zakilbaba bitan banatzen zuen hildoa errekorriarazteko, zeren azken muturreraino eraman gura bait nituen nire azterketa topografikoak. Nire sabel inguruan jarraitzen zuen banpiroaren ekinak, eta ez bait dakit nola, baina konturatzeke eginik nuen zirkin bati esker nonbait ere, ipurdi ertzak milizkatzen zizkidan mingain puntazorrotz eta sugaburua bezain bizkor batekin. Zakil belaskatua kementzen ari zitzaidan berriro ukitu horrekin.

        Antsiaz zurrupatzen nuen kirtenaren azken tirakadak bapateko aldaketa batez ohartarazi ninduen, eta bost edo sei esperma txorrotada goxoz bete zitzaidan ahoa, zeinaren xabonadura zaporea berehala bilakatzen bait zen lurrin sotil eta trufa gustoko batean. Dena irensteko betarik gabe, bapateko buelta eman zuen banpiroak eta haren ahoa nireari itsatsi zitzaion, nire ohietan eta eztarrian arakatzen zuelarik oraindik ere han geratzen ziren hondarrak berriro beretzearren. Bitartean, nire sexoa indarrez sartzen zen zulo kiskalgarri batean zehar, nire ipurtzuloaren ertzetan kokaturiko esku arin batek, oraindik lotsaz baina bultzadaz bultzada gogortuz zihoan faloa handik sarrerazten zidan artean, gorakadarik ustegabeko eta bizienez txoratzen ninduelarik.

        Neure onera itzultzeko ahaleginak eginez, inondik ere ametsa behar zuela pentsatzeko bota izan nuen, zeren eta minutu bat lehenago, ipurtzuloa eta barrabilen tartean irekitzen zen alua, orain zakila baino gorago bait zegoen, eta hartaz probetxua ateratzeari ekiten bait nion. Piztiak aurpegia zeharkatzen zidan milizkada azkar eta iheskorrez, begi, belarri, loki ondoetan, sekula hain sentiberak imajinatuko ez nituen parteetan. Izaki hura ezagutzeko gogoa ari zitzaidan sartzen, baina suaren dirdai hiltzera zihoazenak ozta ozta uzten zidaten antzematen ere supazterreko gori itzalian argikontrara soslaitutako, haren itzalaren zati bat besterik. Gogoeta hauei ordea, nitaz jabetu zen beste gozamen uholde batek jarri zien amaiera, eta likore erreka bat jaurti nuen menbrua estutzen zidan ternuaren hondora, aldiberean, erraien sakonenean, nire deabru ematuarena barreiatzen sentitzen nuelarik. Eskuak kakotuz bular hain zorrotz eta gogorretan, non titipuntak nire haragia arrailkatzen sentitzen bait nituen, kordea galdu nuen, halako inpresio latz eta bortitzez ahiturik.

 

* * *

 

Hemen bukatzen zen David Benson.en egunkaria. Orri apur hauek haren gorpu ondoan aurkitu zituzten, Padzaganyi.ko gaztelu hutsaren inguruetan, Hungrian. David Benson basapiztiek jan zuten, alde bat behintzat, zeintzuek sabelaren behekaldeari eraso bait zioten, erabat marraskatuz, bitxiki, eta gernuz eta obramenduz estali zioten aurpegia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.