Azken SUSA alea Puerton erretenitua
Puerto de Santa Maríako penaletik, liburuez gain ateratzen da beste zenbait paper zati, hango txikia, espetxea, eta hemengo handixka-edo elkar lotzen dituena.
Gure aurreko aldizkaria (SUSA-8), Puertora bezala beste zenbait liburudendetara ere abiatu zen.
Abade, progre, irakurle miope, sozialista, iraultzaile eta izeba-osabaren batek irakurriko eta, ikusi ere, ikusiko zuen.
Egin genuen fotoa ez zela gauza normala uste izan genuen, eta goiz argitsu batean zeruan garraixi bat tintaturik ikusteko esperantza genuen, bixarguriok. Alperrik! Modernoekin ez dago zer egiterik. Eta dudarik ez guztiak direla modernoak, baita PNVko alkateak ere.
Kuriosorik ere ez lurralde hauetan. Zer egin ote genuen saltxitxekin. Argazkia «jokoa» hasi aurretik edo ondoren atera ote genuen. Euskadi Irrati, ETB eta beste zenbait herri irratiko komentarista deportiborik ez zitzaigun etorri saskiak erreglamentuzkoak ote ziren galdezka. Edota, nondik atera genituen saskiak?
Kolperik latzena ajentzi publizitario batek eman digu berriki, bere bezero baten publizitaterako urtebeteko haurtxo bat saski eta guzti atera duenean... Hobe komentariorik ez egitea.
Esan bezala, Puerto de Santa Maríako espetxetik paper zati bat bidali ziguten («gure izenik ez imini»). Hau da asuntoa: SUSA-8 ez dutela irakurtzerik izan: «ha quedado retenida porque contiene una escena obscena» esan zieten. Batzuentzat denbora debalde pasatzen da! Handik esaten zigutenez «pornografía bisualaren aurkako fasean ari dituk, agian, irakurtzekoa ez zaiek ardura». Hemen ez zaie ez bata ez bestea ardura antza denez.
Puerto de Santa Marían SUSA aldizkari batek VALE bat balio zuen. Ikusiko dugu oraingoan Herrera de La Manchan zenbat balio duen honez gero han ustelarazi nahi izango bait dituzte ehunka robinsonen hezurrak.
Ale honetan «escena obscena»rik ez dagoenez iritsiko zaizuela espero dugu. Zuei ere besarkada fuerte bat hemengo guzien aldetik.
|