L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa1000>— Susa-10/11 (1984-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Poza eta harridura bihotz-begietan

 

        Bai, 1011 ale honek pozez eta harriduraz hete gaitu; gu ere. Ez bait genuen inolaz eta inondik espero SUSA inoiz hain tontor gorenetara igoko zenik. Ale bikoitz batekin (berezi, espezial eta beste zenbait adjetibo ere ez legoke desegoki) estreinatu dugu 1984. urtea, profeta eta sorginen, aztien eta agoreroen urtea.

        Entusiasmoz, eta beste era askotako asmoz ere, begiratzen dugu gure ingurua, eta paisajea koadro ospetsu batetakoa bezain sarkorra iruditzen zaigu; ez guda baten ondorengo ikusmira desolatua, ez guda baten haserako paraje magnetikoa, ezta ere guda garaiko egoera kasi deskribaezina. Eta kontradikzioaren gorenera iritsiz, zaila badirudi ere, hiru postale horiek batera ikusten ditugu, gure begibista ongi dagoen ziurtasunaz. Agian ekaitzaren erdian egoteak ekaitza bera ere sentitzeko aukera gaitzesten du, sirimiri zozoari kasu egiten ez diona bezala, bukaerarako blai. Eta gu ere horrela sentitzen gara, zelaiak elurretan ikustearen patxara lizentziatsuarekin.

        Malabaristetan malabaristenak, ekilibristarik orekatuenak, sorginak omen dira, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik abiatzen bait dira akelarrerantz. Eta guk, oraindik ere, buelta bat eman diogu piruetari, eta sasi guztien artetik eta lamo guztietan norabidea galduz gabiltzala dirudi, gure urratsak oztoporik Babe doazela esatea egokiago litzatekeen garai hauetan.

        Oztopoak gaindituz, baina sendo. Naufrajiotako bajelak guztiz ondoratu direnean, itsasoaren ordekan paperezko txalupak kaiak bilatu gabe nabigatuz asmatzen ditugu (aldizkari literarioez ari gara, noski) trasatlantiko eleganteegien alboan (gauez idatzi beharrik ez duten idazleez ari gara, idatzi behar ez duten idazleez ari gara, noski), baina ez itzalera. Susatarrak ohiturik gaude, jadanik, ale bakoitzarekin epoka berri bati hasiera ematera, eta Joseba Sarrionandiak ipui batean dioenez «ez da ahaztu behar, gainera, maitemindua zorionaren eta angustiaren infinitoan hondatzen denentz...», enamoraturik gaudela esan behar; ale berri honekin epoka berri bati ematen diogu hasiera, eta gure maiteñoak berriro ere liluratu gaitu bere aldaketarako gaitasunarekin, ongiegi ezagutzen bait gaitu, eta bere aurpegia ezagunegia egiten zaigula sumatzen duen instant berean, berri batez agertzen zaigu berriro ere bere sareetan atrapatuz gu. Gutako batek esango luke, hala ere, ez duela sentitu orgasmorik SUSArekin, baina beste batek erantzungo lioke, ez duela sekula sentitu berak ere orgasmorik ohe batekin (nahiz eta esperantza ez galdu).

        Antza denez, gure maitale honek bakarka asetzen gaitu. Eta behin, ez dakit oso ziur, «literaturak bildu gaitu» esan genuenez, orain ere «literaturak biltzen gaitu» esan dezakegu. Kausak eta ondorioak ezagutzen ditugu, badugu praktika, hortik aurrerako arrazoiak, norberari eragiten diotenak, norberak helmugatzat jartzen dituenak, ba hori, norberak behar dituela esplika.

        Hitzegin dugu literaturaz (gure maitale ezkutu horretaz, ezkutu geronek ere ez dugulako hain ongi ezagutzen), errealitateaz (ezkutuki, metaforak kutsu literarioa ematen diotelako), SUSAri buruz (ia maskararik gabe, sekula ez dugulako ezer esaten berari buruz, nahiz eta beti ahotan ibili) eta ez dugu hitzegin irakurleaz, hain zuzen irakurlearentzat idatzi dugulako hau. ZER-NON-NORK-NORI koordenadak aurrean eduki beharko genituzke eta.

        Eta memoria, askotan, folio hasieran ahanzten dugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.