L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-10/11 (1984-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Nork du min Bergamín?

 

E.O.

 

        1914ko Abuztua. Gerrak ustekabean Baso-Beltzeko hotel batean hartzen gaitu. Ospitalierretako batek, neskato amerikana bat (18 urte, txakur hanka mehe), katu bat torturatzearekin gozatzen du. Beste batek, inglesa (17 urte), magalean hartzen du, ferekatu, kontsolatzen du. Amerikanak berhartzen du eskuetan, belarriak bihurritzen dizkio. Inglesak indarrez kentzen dio amerikanari, muxuz estaltzen du.

        Jokuak ordu beteak irauten zuen.

        Ni katuarekin identifikatzen nintzen.»

Adamov. «L'Homme et l'enfant»

 

«¿Que vanidad tu pensamiento mueve?»

Lope

 

        Ez da enbalde banidadearen inguruan hitzegiten, inoiz, eta nire pensonari, ni neuk beste inork baino lehenago, egin nahi izan diot galdera hori. Nahitanahiezkoa egiten zait galdera, konpromezu sasoi hauetan. Bergaminek bere «Aforismos de la cabeza parlante» liburuari honelaxe ematen baitdio hasiera, eta berari hitzegin nahi diodan honetan zergaitik ez galdera berberarekin hasi. Eta noski, edozein lan literariotan kontutan hartzeko alderdi bat baitda banidadea. Eta literaturan, artearen beste alor batzuetan baino ezkutuagoa da. Baina ez da banidadea ikutu nahi dudana. Ez, ez da nire asmoa zuzenean ezer ikutzea, baizik eta Bergaminekin aritzea. Literaturan ohi denez istorio bat kontatzea.

        Bergamin hil egin zinen bakarrik. Euskadin. Eta hiltzen zinenean ni Euskaditik urrun nenbilen. Honela izan nuen zure heriotzaren berri. (Seguro atsegin handia hartzen zenuela heriotzari buruz aspaldiko lagunaz bezala hitzegiterakoan) Periodikoek horrialde osoak eskeintzen zizkizuten, denak igo ziren gurdira, baina ez zurekin batera joateko noski, asko uzten dute hemen, zuk ez ordea. Eta gainera zure heriotzaren orduan zure bizitzari buruzko artikulu ezinhobea borobiltzen zituzten, eskua inoiz eskeini ez zizunak ere, prest zeuden zu hil aurretik. Baina inork ere, bat edo kenduz, ez zuen aipatzen zergaitik etorri zinen hona, euskal herrira, zergaitik utzi zenituen beste behin zure lurralde hain maitatuak eta zure aberrikideak, ez zuen inork dudamudan jartzen zure espainoltasuna euskaldunen artean, baina ez zuen inork ikusten zure herria hainbeste maitatzeagatik etorri zinela gure artera. Agian hemendik urrun negoelako, neu ere urrun, inpresionatu ninduen.

        Egia esaten badizut, zure gauzak ez nituen gehiegi ezagutzen, gerora gehiago. Beraz ez dut hitzegingo nik orain, nire aurretik beste trebeago batzuk saiatu ta gero zure lerro bakoitza irakurriz gero egindako geldiunetaz, eta zu zeuk zeure iraganetan egindakoetaz. Gustatuko litzaidake zure militantziaz aritzea, hain modan egonik, eta noraino, espazioan ere, eraman zenuen, eraman zinduten galderek. Baina neuk ere interroganteak idatziko nituzke eta gorrotatu nahi ditut. Bizitzeagatik galderak sortzen zaizkigu, eta literatura galdera hoiei erantzuteko ote, edo galdera gehiago planteiatzeko. Baina ez, ze galderak bizirik erantzuteko baitdira eta zu hilik zaude, Bergamin. Zure ekintzak urrun eraman zindun eta zure literaturak urrun ere, halabeharrez maite zenituen gauzetatik urrun.

        Orain guk literaturaren funtzioaz diskutitzen dugu, eta horretaz ari ginen zu hona etorri zinenean, baina praktika nagusitzen da orain ere gure artean, eta diskutitzen dugu baina gutxiago inoiz baino gehiago gaiak arduratzen gaituenean. Eta bizitza eta literatura bi bideetatik doa noizbehinka topo eginaz. Eta beti herri honekin topo egiten dugu, eta ez herriarekin bakarrik, gizonekin ere, eta herria bat besterik ez da eta gizonak asko.

        Herritik kanpo zinenean, Bergamin, herriarekin sinesten zenuen. Eta gizonekin? zein zaila bereiztea herria eta gizonak, ez Bergamin? Eta herrian zinenean egonezin bat, azken urteetan ia pausatu arte, jabetzen zen zuregan. Gizonak berriro? Edo herria?

        Norengana eta guregana etorri zinen, gauza ahantzi eta gogoratuz maleta bat beterik. Eta pisatzen zuen ekipajeak. Ze mezu zekarren maleta horrek Bergamin? Zer Adierazi nahi zuen maleta irekitzerakoan aurkitu genuen huts isilak? Zeri egiten zenion ihes azken bidaian? Justiziarekin sinesten al zenuen? Ikusten! Galdera gehiegi egiten dizkizut

        "La humanidad —decía un filósofo de la historia— se ha acostumbrado a contar por siglos. El hombre por minutos. Por eso la humanidad no cuenta nada y el hombre lo cuenta todo".

        Eta zuk minutuka kontatzen zenuen eta laburrago, eta hori gure sasoi hauetan poesia egitea da. Eta, zu ere konturatu zinen, poesiak ez du historia aldatzen.

        "El historiador, si no es poeta, miente hasta cuando dice la verdad: pero si es poeta —si sabe decir, escribir para que se lea, para hacer legendario lo que pasa— dice la verdad, aunque mienta".

        Borrokatu irabazi behar dugulakoan edo bizirik sentitzeagatik borrokatu, eta gainera, Bergamin, borroka hori beste inon bilatu behar gabe? Baina ez dizut galdera gehiago egin nahi, nik hasieran esan dudan bezala istorio bat kontatu nahi nizun.

        Nik ez nuen ama betidanik ezagutzen, urte asko eraman genituen biok elkarrengandik separaturik, eta ni oraindik gaztea nintzenean ezagutu nuen benetan, nik hala uste nuen behintzat, ama. Eta amarekin batera beste anaia batzuk nituela ere jakin nuen. Ama gaixoa zaharturik zegoen eta berehala hil egin zen. Herentzian anaia guztioi etxe bat utzi zigun. Berak hitzegin zidan etxeari buruz, asko maite zuen, baina adinaren eraginaz ez zen gauza etxea zaintzeko eta anai-arrebok hartu genuenean egoera larrian aurkitu genuen.

        Urte asko aienaturik pasa ta gero anaiok eta neu ez ginen uste bezain anaiok, eta ez genuen elkar nahi bezain beste ezagutzen. Zaharrenak hartu zuen beregan etxea berreraikitzearen ardura. Amari nion maitasunagatik, eta etxea nirea zelako eraikitzeari ekin nion, beste gehienek bezala.

        A zer nolako istorioak kontatzen dizkizudan Bergamin, baina ulertuko nauzulakoan nago, zeren zuk ere ama zenuen eta etxe bat eraiki beharra, baina anaiek ez zizuten aditu egin nahi izan. Etxetik kanpo ibili zinen baina beti bueltatzeko irrikitan. Bueltatu izan zarenean etxeko gela ilunenetan lo egin behar izan duzu. Eta azken kuluxka botatzera zokorik ilunenera etorri zinen. Bertan bizi ziren arratoiak onartu zinduten, hobe esan, ez ziren enteratu ere egin han zinela: Ez zuten bestalde bere zokoa etxearen parte bezala konsideratzen. Eta konparazioa azkenetaraino eraman genezake, baina gu ez gara arratoiak, eta izango bagina hobe ze arratoiak azken finean eraso guztiak gainditzen dituzte, indarrak bikoizturik atereaz. Gu, nahiz euskaldunak gizonak gara, eta gizona bata bestearen atzean datozen erasoetatik gero eta nekatuago altxatzen da.

        Bizirik sentitzeko borrokatzeagatik sendiarekin ezin ulertuz, etxean oraindik, zoko ilun horretan lanean dihardugu, baina hemen barneko ateak banan bana ixten bazaizkigu, hasieran bezala bakarrik, nora joango ote gara Bergamin?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.