L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-10/11 (1984-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Bost ordu beranduago

 

Joseba Etxeberria

 

Zortzi t'erdiak izango ziren gutxigorabehera, amorea egin gabe, berandu egiten zitzaigulakoan, afaria prestatzera joatea erabaki genuenean, hamarretan filme bat ikustera hurbiltzeko asmoz.

        Arazo guztia honela hasi zelakoan nago, nik neure partetik argi neukan pelikula batetarako gogoa, baita ere amore egitekoarena, baina lehenengoa hautatu nuen, egia esan ez dakit zergatik, beharbada, egun guztian etxean egon ginelako, irakurtzen eta etxeko arazoak egiten pasatuz denpora, irten beharra sentituz geure gorputzetan (bueno behintzat nire gorputzean), hemen dago gertatu zitzaigunaren kakoa? ala beste nonbait bilatu beharko litzateke?

        Non utzi genezakeen nire egoismoa adibidez, amoreari baietza emanez pelikula gabe geratuko nintzatekeen, beranduegi egingo baitzen horretarako; amorea sexsutik aparte ulertzen nuenez gero, momentu horretan bigarren hau zela nagusi pentsatuz, ez egokitzat ikusten nuen aukera hau, edo beste batzutan gertatu zitzaigun bezala, ez geneukanez beste ezer egiteko denpora horretan pasatzea zelako; egia esan ez dakit zein izango den arrazoirik garrantzitsuena, baina hiru hauetan bilatu beharko litzatekeelakoan nago.

        Holan ba, afari arina prestatu ondoren, txarri txuletak, harraultzak eta entsalada apur bat, zinerako prestatu ginen. Ixilean higitzen arropak aldatzerakoan, beldur gure barru-barruko pentsamenduak azaltzen, hamarrak hogei gutxiagotan kalean geunden, itxuraz kontraste handiko pertsonak, praka bakeru, zapatila zuriak eta kuadruzko alkondara iluna nik, hau praka gainetik erortzen zelarik, hots, hirurogeitako progre iraultzaile itxura guztiak, ze zapatilak Adidas ziren, praka bakeroak Levi Strauss etiketa gorria, eta alkandora ez zen atzetik geratzen.

        Neskaren taiua, ostera, Paris klasikoaren barruan kokatzen zen, praka zuriak, dantzari zapatila beltzak, sedazko txori, arrain eta lorez beteriko alkondara, eta jaka gris-marroi antzekoa, bere gorputzean benetan polita geratzen zelarik, dena painelu laranja batez hornituta, bere bularretatik punta biak eroriz, eta are gehiago esango nuke, bere aurpegiko peka irlandesak hobeto distiratzeko, metalezko betaurrekoak.

        Kaleko lehen zeregina zigarro bana hartzea izan ten, eta eskumako eskuaz jasorik bestea poltsikoan sartu genuen, bakoitzak berean, horrela disimulatuz, etxetik irteterakoan gugan normala zen gauza bat, eskuak izerditan hasi arte elkartuta eramatea, eta apur bat sonanbulu aurpegia, baina zeozer interesgarria pentsatzen zenuelakoa ipiniaz, arrazoi berdinagatik beste Gitanes banari ekiten geniolarik, Les Jardins de Luxenbourg-en azkenera iritsi ginen Boulebard du St. Micheletik berantz, handik Odeonerantz zuzenduz, Pariskopek metro hori hartu behar zela ipintzen baitzuen.

        Turista itxura galdu nahi duen ixiltasunaz buelta batzu emanez, ixilik eta haserre nik. Zergatik ez duzu begiratu mapan non dagoen kalea?..., guardia batengana hurbildu behar galdetzera, zeinek St. Michel beste aldean zela esan baitzigun, Sorbona aurrean; hararteko bidea tentsoa eta ixil demokratiko suertatuz, beste zigarro baten beharrizana izanik.

        Zinera heltzerakoan denpora galdu genuenez ia-ia konturatu gabe sartu ginen, jezartzerakoan oraindik hamar bat minutu geratzen zirela hasteko; noski, ez geneukan haserretu gabe elkarri ezer esateko, are gehiago gure egun horretako portaerak nahiago zuen barruan aguantatu, azaldu baino, eta zer egin genuela pentsatzen duzue?... pasilora irten, eta, beste zigarro bat erre ia benetan egokizko salara sartu ginen jakiteko diskulpaz, baina han ere ez genekien zer esan, egia esan Gitanes drogak ez zigun ezer aldatu, eta erdi erreta utziz berriro barrura, klaro, beste apur bat itxaron behar izan genuen pelikula hasi aurretik, baina, azkenean... hasi zen, ufff... ufff.

        Pelikularen fama gogorra eta depresiboa zen, horrela zelakoan lehen eszena gogorrean eskutik oratu nion, baina..., gure eskuak hotz zeuden, ez zuten amore efektorik sortu, bai ostera, zegoen gutxia urruntzea, handik denporagarrenean posizioa mugitzeko atxakiaz nere eskua apartatu nuelarik, horrela jarraituz pelikula amaitu arte.

        Kaleratu ginenean, gure egoera, oraindik txarragoa zen, baina ez ginen ausartzen gure barruko arrazoiak azaltzen, eta... nora joango gara? zer egingo dugu? galdera huts batzuekin, St. Micheletik zehar genbiltzalarik paseiatzen, ezer esan gabe, horko terraza batetan jezarrita kafe bat edatea erabaki genuen.

        — Zer pentsatzen duzu?

        — Nik ezer ere ez, eta zuk?... zer pentsatzen duzu?

        — Ba, ezer ere ez, zer pentsatu behar dut ba?

        — Zer iruditu zaizu pelikula?

        Eta galdera honek, bai sortu zuen erantzuna, han hasi zen zergatik ez zitzaion pelikula gustatu esaten, nire buruak switch off-en jarraitzen zuelarik, hobeto esan entzuten zuen, baina, arrazoia neuk neukala pentsatzen nuen, hau da, bere arrazoi artistiko eta gizarte kritikoak estakuru hutsak zirela; egia neure buruan zegoen: filme hori gogorregia zen bere Paris maitean eta arropa horiekin ikusteko, ez zeukan benetako argudioa ulertzeko gogorik, hots, errebizionismoaren eritzia, besteek egiten duten guztia gaitzetsiz, norbere egoera aztertu gabe utziz, hau txarto dago, hori egiten badugu..., horiek ez dira tontoak...; honelako azalpenak soilik, jotzen nituen benetakotzat, baina...  ez nion ezer esan, zergatik esango nion ba?, berean segituko bazuen, eta ni, hutsezina banintzen, edo... banaiz.

        Horrela berandu zelata St. Michel-etik gorantz, etxerantz abiatu ginen, nik esku biak poltsikoan neuzkan, begirada St. Michel goian gutxigorabehera, eta, ezer ez zela pasatzen adierazteko edo, baina zerbait gertatzen zela erakusteko pisu guztiaz, berbaren batzu erortzen ziren noizean behin.

        Etxera heltzerakoan, eta beti, begirada ilun gogoetatsuz ni, eta kezka itxuraz bereak, pijama ipiniaz oheratu ginen. Ohitura dudanez liburu bat hartu nuen, baina... ezin izan nuen irakurri, ez... lorik hartu.

        — Zer pentsatzen duzu?... Zer gertatzen zaizu?...

        Ixiltasunaren ostean, ezer ere ez, esan nion, zuri pasatzen zaizu, eta ez niri; nire barruan argi zegoen berari jazotzen zitzaiolako nengoela ni horrela, bera ez zelako benetazko arrazoietaz jabetzen, eta ez neukala berbarik egiteko gogorik, eta baita ere berandu zelako, argia itzaliz lo egiteko esan nion; hau egiterakoan nire begirada ikusten ez nuen sabaian zegoelarik...

        ...Lehenengo zure jarrera pelikula ostean, gero beste pentsamendu

batzu eta azkenean, nire jokaerak oinazetu naute, azken honen hasiera

zortziak bueltan izan delarik. Parka!!, hau esaterakoan bere gorputza

nererantz hurbildu nuen arratsaldean egin behar izan nuen bezala, eta astiro-astiro, apur bat lotsati nire gogoetak kontatu nizkion, eta abiada berdinean, astiro-astiro, baina ez lotsati, gure ahoak elkar topatzen hasi ziren, bost ordu arinago egin behar izan genuenari hasiera emanaz.

Paris 1983ko abuztuak

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.