L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-10/11 (1984-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Uste ez arren

 

Silberio Lopes

 

— Bien, bien. Orduan... kotxea txaletetik irtetzen ikusi zenuela. Ezta?

        — Bai, kotxe berdeska bat, kristona.

        — Barruko inor ezagutu zenuen?

        — Ez... ez, inor ere ez... goizaldeko sasoi horretan badakizu.. —eta baso bete ur luzatzen dio detektibeak.

        Bigarren «sospetxosoa», pinturaz betetako neska tentagarria, ezin da geldirik egon bere jarlekuan.

        — Gizajoa... berak atera ninduen bizimodu hartatik. Orain bueltatu egin beharko naiz segurutik. Gizonezko gaiso eta mozkor haiei barre egin behar etengabe... beraien gorputzak laztandu, kirten nazkagarriak miazkatu eta hankabitartean sartzen zitzaizkidanean puta hitza mila aldiz entzun behar gero eta ozenago.

        Negar histerikoz, detektibearen belaunetara jausi eta zangoetan kateatzen zaio, aipatutako bizimodua hurbil legokeen erakarpen indarra balitz bezala.

        — Trankil... trankildu zaitez joño!... ez zara bizimodu horretara sekula bueltatuko, heredentziarekin emakume aberatsa egingo zara eta puteora zertan makurtu ez duzu izango.

        — Nik bera maite nuen. Dirua zertarako nahi dut orain? Ezkonduta ez egon arren, alargundu egin naiz. Beste era batera, baina alferrik galdu naiz berriro.

        — Hogeita bi urte baino ez eta... (bere altzoan duelarik, arima biguntzen eta instintoa gogortzen ari zaion bitartean) Tira! Tira! Diru alde horrekin gainera...

        — Zer pentsatzen duzu, nik hil egin dudala? (Erneguz). Diru hori ez dut ezertarako behar. Bera maite nuen, berak jaso ninduen kaletik eta.

        — Nik ez diotsut ezetz, baina —tonu detektibeskoenean— gauza bitxia iruditzen zait zeure moduko neska gazte batek agure zahar bat horrenbeste estimatzea.

        — (Zeharo haserretuta) Hilketa honetaz ez dakit ezer eta banoa.

        Ateari draunbalada izugarria eraginda aldegiten du.

        Ea nola konpontzen den detektibea kasu hau besteen antzera aurrera eramateko. Kasoa, gainera, ez da bertanberakoa: testigo moduko bat eta «sospetxoso» gutxiegi. Kasoak borobilduta utzi behar dira, edo horren itxura eman behinik behin, bestela akabo. Horri esker bizi da.

        Kasu honetan ere, Leopoldo Serra berak, asesinatutako enpresariak alegia, deitu zion mehatxatua izan bezain laister. Serra jaunak detektibea aurrez ezagutzen zuen, bai, bere ezagun baten hilketa zela eta deklaratzera joan behar izan zuelako... edo bueno, ez dakit ziur baina... holako gauza batengatik izan zen.

        Hil mehatxuak Leopoldo dardaraka jarri zuenez gero, berehala dei egin zion. Harrazkero detektibea, Serraren arnasa balitz bezala, ez zen honen ondotik aldentzen. Ondo konpontzen ziren elkarrekin. Denbora aurreruntz zihoalarik, Serra jauna mehatxuak eragindako estutasuna galduz joan zen pixkanaka. Bere maitalearekiko harremanak normaltzen hasi ziren (nik uste maitale horrek beti engainatu zuela). Etxeko jaunak bakarrik gelditzeko larridurarik ez zeukan iadanik, hala ere detektibeak kaltegarria izan zitekeela errepikatzen zion temati.

        Behin jaunorrek koñaka falta zuela ikusiz, eta etxean atezaintzaile inkopetentea, detektibea eta bera izan ezik beste inor ez zegoenez gero, detektibea bidali zuen mandatuan. Handik pixkatera telefonoak jo zuen.

        — Bai?... Nor da?

        — (Beldurrezko pelikuletako ahots logratuenarekin) Hire hiltzailea nauk. Berehala noakik (norbaiti deitzeko erantzun automatikoa Serraren burutik pasa orduko) Ez inori deitu, (ironia burkada batez) ez diat protokolo handirik behar... eta inor baino arinago helduko nauk gainera.

        Leopoldo ahotsaren urruntasunez kontsolatzen da mutu egon arren.

Hiltzaileak jarraitzen du astiro astiro telefonoz:

        — Begira ezak atzeruntz.

        Leopoldok telefonoaren tutadak entzuten ez dituela dirudi, asesinoari entzuten balego bezala ez du telefonoa belarritik kentzen, hildakoen antzera ezin du ikararik egin bere lepoan pistolaren kañoia nabari arte. Bizirik egoteaz ez da bape pozten orduan.

        Begiak bueltatzerakoan (Etsipen, beldur eta amorruz egin daitekeen nahasketaz disfrazatu zuen bere aurpegia):

        — Ez nuen uste hi izango hintzenik, hi hain kabroia... ez nuen uste!

        — Bilustu hadi aguro.

        Minutu erdira:

        — Bilusik jartzeko esan diat. Hori al duk bilusik egotea? Hola jotzen al duk larrua? Gantzontzilopetik?

        Gantzontziloak kendu ondoren.

        — Har ezak lija-paper hau esku artean eta mahai gaineko edalontzi hori bete arte kanpaia joten ekiok.

        Serra jaunak ezetz esan arren, ez du luzaroan esandakoa mantentzen, bekokian daukan pistolak eragiten dion kilikiliagatik gehien bat.

 

        Saloiko moketan etzanda, kirtena deseginda eta odolez blai, ahoa likido zuri likitsaren lorratzez, aurreko edalontzia hutsik eta buruan tiro bat zuelarik aurkitu zuen detektibeak. Atezaintzailearengana eta Serraren maitalearengana jo zuen zuzen «kasua besteen antzera aurrera eramatekotan», baina leloegia da gixajoa detektibe izateko eta atxilotu egin dugu. Bezero orori hilketa antzerakoa gertatzea susmagarria denik nori ez dakioke bururatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.