L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-12 (1984-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Manex Erdozainziren bila bere idatzietan

Tripako-min baten boz gorra

 

Iñaki URIA

 

        Egin diezaiogun tokia Susan gu kontutan hartu gintuenetako bati. Gazteekin ibiltzea gustatzen zitzaion bati. 50 hamar urte bete eta hil zaigun fraile ezkertiar eta abertzale bati. Iparraldeko idazle, eta kultur eragile bati. Manex Erdozainziri.

        Batzutan heriotza izaten da norbaiten lana ezaguna bihurtzen diguna. Eta bazen motiborik Manex hegoaldean ezaguna izateko. «Hinki-Hanka» poema liburua eta «Gauaren atzekaldean» argitaratuak zeuzkan aspaldidanik geure artean. Hemen ordea, eta honetan ere nabaria da muga (muga politikoa eta kulturala), beste erritmo batean bizi gara. Lilurak jaten gaitu euliak begira geratzen den haurraren modura. Ez dugu jakiten bereizten eta hautatzen gaina eta mamiaren artean. Askotan usnatu ere ez.

        Honela gerta daiteke, eta gertatu da Maiatz aldizkarian ere parte hartu duelarik ia konturatu ere ez garela egin.

        Eta gizon bat galdu dugu. Idazten ederki zekien gizon bat. Gutxi publikatu duen gizon bat (bileretan eta ixilik egoten omen zen). Idaztea plazer bezala sentitzen zuen gizon bat.

        Zinez diot ez naizela ari hildako bat goraipatzen. Irakurri egin ditut bere gauzak. Eta gustora gainera.

        Garbi esan dezaket «Gauaren atzekaldean» ez dela nobela bezala saio kaxkar bat baino, nere ustez. Euskara ederra dauka, ezin uka, baina prosa erdi-liriko-poetiko hori, deskribapen-erreflexio-giro hori, askoren atseginerako bada ere, ez da nire gustokoa gehienetan. Oso zaila da estilo horretan asmatzea. Pisuzko zerbait egitea eta errepikagarri ez gertatzea.

        Halarik ere ez da bazter batera uzteko lana. Euskaraz idatzi nahi duenarentzat aberasgarria gertatuko zaio.

        Dena dela esan beharra daukat nire ustetan Manexen poesia dela gauzarik interesgarriena bere lanetan, eta poesia nola ulertzen duenari buruz prosaz idatzitako sarrera. «Hinki-Hanka» liburua eta Maiatz 1.ean argitaratutako bere «Herri honen erraietan», eta Maiatz 5.ean idatzitako beste poema parea.

        Poesia hautatua da. 26 urte luzeetan zehar idatzia, apenas 35 poema. Ondo aukeratuak. Esan nahi zuena esan zuen. Sentitzen zuena.

        Norbaitek galdetuko du ea nola den posible Susako progre-moderno horietako bat fraile baten lana aipatzen aritzea. Hiri batean bizi garen batzuk, nekazal-erreferentziaz betea zegoen baten obra, ea nola ekar dezakegun gure orriotara.

        Ea nola hark 50 urte bazituen eta guk haren erdia ere ez!

        Bere lana irakurriz gero gizon single bat antzeman daiteke, maliziarik gabe agertzen dena, bilakaera garbi bat erakutsi duena. Garai batean zerbait esan, jendea berotu eta gero atzera egin zuten haiena egin beharrean, boza gehiegi altxa gabe beti hor bere tokian egon dena ttirriki-ttarraka lan egiten, eta boza altxatzen beste denak isildu direnean.

        Ohituta gaude handikeriatara eta ez dugu estimatzen etxebarruan daukaguna. Aspaldiko gaitza dugu hori.

        Ojo! ez naiz gugan ixte derrigorrezko bat defendatzen ari. Manexekin batera zera esango nuke:

 

                Bidean ibilki denari agertzen zaizkio, aintzina joan arau

                itxura eta apaindura bereziak.

                Aldiz, leku gainean egoten denari, nihora mugitu gabe,

                ikusmenean dituenak histen zaizkio,

                eta goibeldurak hartzen dio bihotza!

                Ez dut maite barne hertsi eta hetsi batean

                gakoturik edo, zakurra bezala, estekan egotea.

 

        Bere poesia guztian zehar suma daitekeen gauza da, eta berak espreski dio gainera (hori da Manexen meriturik handienetako bat: gauzak argi eta garbi esaten dituela), Manex bideko hautsaren lagun da. Ibiltaria da.

        Parisen halabeharrez egona. Gogoa berriz etxean. Nafarroa Beherean.

        Gizonaren alde apustu egindakoa. Pobrearen alde apustu egindakoa. Sorterriaren alde. Euskal Herriaren alde.

        Gudarien aita bezala agertzen zaigu behin baino gehiagotan. Poemak idatzi dizkie bere semeei. Hil zitzaizkion bere semeei. Bere ondoan bizi, halabeharrez, eta une batez auskalo non izango zituen semeei.

        Nere aldetik besterik ez. Manexi utziko diot hitza «Hinki-Hanka» liburuko sarreratik poesiari buruz pentsatzen dituen zenbait gauza hautatuz. Geroak «herri bat izan zen» esan ez dezan, horrelako gizonak, horrelako idazleak ere beharko ditugula.

 

        Urteak joan dira, joaten dira. Norberak daki nolako betea daramaten berarekin... Mintzo nitzaizunean edo idazten dizutanean murmurikatu edo idatzi hitzek daramazkizue, parte batean, urteetan bilakatu naizen honen ezpalak eta herrestoak. Baina, bizitzera, saiatuak izanagatik, bizia doakigu... Biziak, ontzi zilokatu batean, berarekin daramazkigu ixuri nigarrak eta egin irriak...

        Jendeak, gauzak, espazioak, garaiak, gertakariak, sendimenduak, sensasioak, hotz-beroak, mugimenduak, burrukak, atsedenaldiak eta beste... ez nahiz ahantzi nabila, gabiltza. Ez dakit baina beharba hola sortzen daiteke gugan poesia. Betikotz galdu ditugunak eta urrunduz joaki zaizkigunak ez nahiz ahantzi.

        Eta hau da gertatu: edozeini debekatu egin diotela kantatzea, dantzatzea, irri egitea, jostatzea, eguzkiarekin eta ilargiarekin maitemindutzea... neurriak badira oso finkatuak... Neurriak badiren bezala lanegiteko, familiatzeko eta hil ondoan ehortzia izateko. Eta poesia amets bat agertzen da anitzetan... Iragana eta geroa orainean lotu nahi lituzkeen amets bat, espazioak bildu nahi lukeen amets bat.

        Poesia, bakoitzaren bizitzeak dakarren tirabiren gunea dirudi, eta honen elea dela erran nezake.

        Poesia drama bat da.

        Poesia drama bat da eta giza errealitateaz beti mintzo da.

        ...ohartua naiz langile mota guziak poetak direla... Eta poesia ez dela soilki sendimendu bat. Tripako min bat ere da: intziri, garrasia, oihu eta otoitz! Burruka baten elea da: gure kasuan, bi parte puskatua izan den herri langile baten elea; bi mende hautan zapaldua eta herrestan ibilia izan den herri langile baten mintzoa. Egia erran, hori zaie zenbaitzuri ez gustatzen gure poesian. Nahiago zuketen errorik gabeko arbola baten itzala, hotzak hilik erortzen den txori baten azken kantua, bizia galdurik ixiltzen den herri baten azken hasperena...

        Poesia burruka bat da, bere buruaren jabe izan nahi duen herri langile baten elea... daraman bere burrukaren neurriko elea... Ez da beti ele hautatua eta pollita... Ez da ele saindua. Ez da ele apaindua.

        Baina, nola urak harroka artetik, poesia honek ere bidea zilatzen du.

        Eta poesia hau, esperantza ele bat da: bere kuskutik ateratzen ari den langile gizarte baten elea!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.