«Rimbaud, Narciso, autobiografiak
eta Casanova Euskalerrian» (bat)
Joxemari Iturralde
Dudarik gabe idazle askok idatzi duen obrarik interesgarriena memori liburua edo autobiografía da. Askotan bere beste obra guztietan lortu ez duena, autobiografian esatea erdiesten du. Poesian jarduteak, nobelak idazteak edota teatroan aritzeak gehienetan estu samar lotzen zaitu oinarrizko lege batzuk gorde behar direlako, teknika zehatzak erabiltzera derrigorreztatua zaudelako. Zenbait kasutan irakurleak ikus dezake, argi asko ikusi ere gainera, zer esan nahi izan duen idazleak eta nola ez den behar bezala esatera iritsi; zer zihoan obra horren azalaren azpitik eta nola ez duen nahi zuen bezain ongi itxuratu; zernolako intentzio isil eta gordea zeraman obra idaztera hasterakoan eta nola beste bazter batetik iheska joan zaion. Nahiz eta zenbaitzutan posible zaion idazleari lana dexente samar egokiturik aurkeztea halare ia beti literaturzalea ohartzen da idazleak ez duela lortu obra hori borobiltzea, ihes egin diola eskutik, maisulan bat ez duela oraingo honetan ere burutu. Ez legoke esanbeharrik honelako maisulana egitea guztiz zaila dela, eta diren kasu gutxiak denok dazaguzkigula. Badirudi patu txatxu eta adarjotzaile batek idazlea tentatzen ematen dituela bere ordu asper eta nagitsuak. Obra bat amaitu bezain fite, bere barnean konturatuz oraingo honetan ere nonbait huts egin duela, idazle gixajoak berekiko dio: «Berriz ere alde egin zidak, hurrengoan tajutuko diat zerbait hobeago».
Kritikoek diotenez bi idazle klase dago: Gazte desargertzen direnak, eta aldiz, zahar-zaharrak hildakoak. Lehengoek goian aipaturiko arazo etiko-estetikorik ez dute izaten, esan bezala arin hil direlako edota idazteari utzi diotelako batek daki zein arrazoi dela medio. Normalean ez daude kasu aipagarriak idazle gazteengan, baina ez nuke inola ere aurrera jarraitu nahi salbuespen miragarri bat azaltzeke (arrazoi bat baino gehiagok osatzen duen salbuespen miragarria). Poeta maitatua dugun Rimbaud ahantziezinaz ari naiz noski. Hogei urte bete aurretik idatzi zituen bere maisulanak; gu adin horretan soldaduzkara joateko larritasunaz gauden bitartean. Benetan bitxia Rimbaud-en kasua: oso gazte historiara pasa den obra burutu, hamabost urtez hasi zen idazten eta hemeretziz utzi zion idazteari, betirako isildu eta oso gazte hil. Sifilisak jota hil aurretik laga zigun memori liburua, autobiografia edo antzeko zerbait gutun teknikaz baliatuz. Liburu zoragarria benetan bere «Cartas Abisinias» hau, interesgarria diot, gizakiaren dekadentzia eta bertan beheratzea nolakoa daitekeen ikusteko, oso gazte goipuntaraino igo den pertsona baten amiltzea egiaztatzeko. Aurten ehun urte idatzitako gutunean zioen: «Nik zoritxarrez ez diot gustorik hartzen bizimoduari, eta bizi banaiz nekezaren nekezaz da. Deslai bizitzera kondenaturik nago eta egunero klimari, ohiturei eta baita Europako hizkuntzari nien estimazioa galduz noa eta musulmanekin batera dakidan gauza bakarra zera da, gertatzen dena gertatzen dela, ez dago besterik. Nire hemengo bizimodua benetazko lokamutsa da. Betidanik ulertu izan dut ezinezkoa dela daramadan baino bizi deitoragarriagorik jasatea. Laster 32 edo 33 urte izango ditut, zahartzen hasiko naiz eta musulmanek dioten modura: Idatzirik Dago. Honela da bizitza eta ez du ezer libertigarririk.»
Hainbesteraino so eginik ibai batek itzultzen zion bere buruaren isladaz maitemindu omen zen Narciso. Eta idazleari gagozkiolarik jakina da maiz eta erruz Narciso dela idazlearen anaiarik maiteena. Askotan galdezka aritu izan naiz zerk bultzaten ote duen autobiografia batez bere bizitza besteen aurrera azaltzera. Zergatik istorioak asmatzea eginkizun duenak berea ere azaltzeko premia hori dakusan. Hemen ere idazle bezainbat erantzun izanen da. Epicteto greziarrak zioen gizakiak aztoratzen zituztenak ez zirela gauzak berak, baizik gauzei buruzko iritziak. Beraz gauzak hortxe daudenez eta aldagaitzak direnez, askozaz errazago suertatu ohi da gauza horien gainean azaldutako eritziak trukatzea. Halako zerbaiten poderioz argitaratu zizkigun Giacomo Casanovak, Veneziar jaun ospetsuak, bere bizitzaren pasadizu xelebreenak ere. Honetan ez dago dudaizpirik, zernolako marabila eskaini zigun «Histoire de ma vie» autobiografiaz. Hasiera hasieratik diosku ez dela egin duen ezertaz damu, garai hartako Inkisizioak gartzeleratu bazuen ere berriro eginen lukeela egindako bera berriz jaioko balitz. Norbera dela beti norberaren zorigaitzaren eragile, eta bizitzan zehar ongi eta gaizki egindakoaren ordaina aski pairatu duenez libro esten duela bere burua. Liburu honetan ez dizkigu pasadizu guztien xehetasunak argitzen, bestela ez litzateke batere gaizki jakitea zer egin zuen Casanovak Euskalerritik zehar ibili zenean. 1767an, berrogei urte zuelarik, Madrilerako bidean hemendik ibili zen, Iruñatik bereziki, eta gustatuko litzaiguke ezagutzea zer erantzun klase eman zioten bertako emakumeek, jaikinik Casnovaren emakumeenganako eta amodioari buruzko usteak, gutxienez, bitxi samarrak zirela. Hara zer zioen:
«Zergatik da hain garrantzitsua emakumearen aurpegia? Zergatik maitemintzen gara aurpegia ikustearekin batera? Eta zergatik barkatzen dugu ezkutatzen dizkigun parteak bere aurpegi politaren pareko ez direnean? Ez al litzateke agian zuzen eta bidezkoago aurpegia estali eta gorputza bilutsik ibiltzea? Honela geure burua objetu batetaz maitemindurik sentitzerakoan, aski genuke gure sua baretzeko guk miretsitako xarmei legokiekeen karantza bat desiratzea. Hau hautagarriagoa litzateke, orduan edertasun perfekto batek baizik ez bait gintuzke liluratuko eta errazkiago barkatuko genuke geure burua maskara goratzerakoan aurretik ederra uste izandako aurpegiaren itsusia aurkitzerakoan. Gerta liteke orduan emakume itsusia, bere formen edertasunaren liluratzeko ahalmenaren pozez, maskara erantzi nahi ez lukeen bakarra izatea, eta alderantziz emakume ederrak aurpegia erakusteko irrikitzen egotea; itsusiek ez gintuzkete luzaroan liluratuko; aurpegia ez erakustearren errazak lirateke eta maskara igotzea erabakiko balute ez litzateke izanen plazerraren eraginez gizona komentzitu arte zoriontsu izan daitekeela aurpegiaren edertasunik gabe. Gainera, nabaria eta diskutiezina amodioarekiko iraupegabetasunaren izatea aurpegien aniztasunarengatik baizik ez dela. Ikusiko ez bagenitu, iraunkor ginateke, edo are gehiago, lehenbiziko aldiz maitaturiko emakumeaz maitemindurik geundeke oraindik».
Zenbait idazlek memoriak idazten ditu burua zuritzeko, eta goraipatzeko. Beste batzuek, aldiz, horrekin batera zera lortu nahi dute: bizitzan zehar egindakoak nolabait zuzendu, ahal bada, edo bestela pixka bat apaindu eta itxuratu. Askok eta askok, nahiz eta bizimodu menturazalea ez eraman, memoriak kontatzerakoan, idazle klasikoari jarraitzen diote hauxe esan zuenean: «Ez baduzu zeure bizitzan ezer kontagarririk eta idazgarririk egin, idatz ezazu sikiera irakurgarri den zerbait».
(jarraitzeko)
|