Gabriel Aresti: teatrogile
Errebindikapen literarioak
eta bat
Eneko Olasagasti
Berriro Arestiren izena plazara. Bai, izan ere, ez dut Gabriel batere lasai antzematen, nahiz euskaldunongandik aspaldi aparte egon. Larritasun honek kutsaturik natorkizue berriro bilbotar idazlearen izenarekin ezpainetan. Eta ez dakit ez ote dudan neuk ere joko ukatu nahi dudan bidetik Arestiren izana teatrogile bezala errebindikatu nahiean. Baina honela jarraituko natzaio berari eta ausarta izango naiz. Eta hona hemen lehenik aipatu nahi nuena: errebindikapena.
Euskal literaturaren zein sasoitan ez da aipatu benetazko (benetazko honek oso zehazki zer esanahi daukan jakin gabe) kritika literario baten beharra? Ia beti. Aresti bera jarrera honen defendatzaile sutsua izan zen. Hara zer zioen 1958an Euskaltzaindiko Batzar batean, Azkueri buruz eta Barrutiaren «Gabonetako Ikuskizuna» zela ta: «Azkuek ez eban literaturazko meriturik ikusi... gauza zar bat zalako publikatu eban, eta arkaismo asko daukalako, batez ere berboan». Arestik hitz hauetan salatzen duena gaur egun gure arrean oraindik ematen den jarrera bizi bat da. Aresti berarekin ere gertatzen da. Euskal literatura, euskararen bitartez, linguisten eskuetan ibili ohi izan da, edo soziologoenetan beste kasu edo garai batzuetan, eta hauek eta literatoek zein harreman diferenteak dituzten hizkuntzarekiko badakigu. Askotan datu kuantitatibo batzuetan besterik ez. Errebindikapenak (ez dugu kuantifikatuko) bi aldetatik etortzen dira. Azken boladan, urte batzuk jadanik, Mirande eta Aresti izango dira, ziur aski, gehien errebindikatzen diren izenak, baina orain ere erizpide literarioak erabili gabe. Errebindikapen hoiek ez dute beren oinarria testoetan baizik eta idazlearen jarrerak, euskararen aldeko borroka, bizimodu edo irudia direla medio. Are gehiago, lan hauek errekuperatze desinteresatuak baino norberaren irudia edota etxea eraikitzeko saioak besterik ez dira.
Arestiri dagokionez edizio batzuetako epilogo, artikuluak eta hitzaurreak kendurik (ez dugu aipatu ere egin nahi Zurgaiekoek egindakoa), Anjel Zelaietaren lana besterik ez da ezagutzen. Eta Arestiren literaturaren inguruan egindako saio bat izan gabe biografi frustratu bat edo beste lan sakonago bat egiteko datu pilaketa bat baino ez da. Arestik merezi du, lehenago aipatutako hitzetan Barrutiarentzat eskatzen zuena, berarentzat eskatzea: «literaturazko meritoak bilatu». Honekin ez dut esaten aurkituko ditugunik, ez ta ere amore eman Arestiren balio literarioak ukatzen dituztenei.
Arestik prosa gutxi idatzi zuen (gaur egun ez litzateke modan egongo, edota bestela prosa ugariago idatziko luke), bere lumak gehiago jo zuen saio, poesi eta teatro aldera. Azken honen inguruan ibiliko gara. Aspertu xamarrak gaude beti jeneralean hitzegiteaz. Arestiri buruz idatzi behar hada, saia gaitezen zerbait berria esaten, lortzen ez badugu ere, bidean zerbait ikasiko dudala ziur nago. Arestik egin zuen lanak teatro arloan merezi du gelditzea pixkat berarekin.
Arestik obsesio batzuk izan zituen bere bizitzan gizakume gehienek bezala, eta obsesio hoiek itxuraldaketa eta mamitze diferenteak izan zituzten era literarioaren ezaugarrien arabera. «Gabonetako Ikuskizuna» da nagusienetako bat, eta teatroan du bere jatorria eta teatroan gauzatu zuen gehien bat, eta gainera Gabriel berarekin berandu arte eraman zuen obsesioa izan zen Barrutiaren idazlana. Arestik obra deskubritu zuenetik, buruan izan zuen denporan sortutako ideia berritzaile askok bertan dutela jatorria pentsa daiteke, baina ez, era honetako konklusioak laga behar ditugu artikulu hauen bukaerarako. Baina bai esan daiteke, erruan erortzeko beldurrik gabe, Arestiren teatro lanek eragin handia jaso zutela haregandik. Baina, noski, ez haregandik bakarrik, Gabriel Arestiren teatro lanak beste eragin asko dituzte eta banan bana ikusi beharrekoak.
Arestiren obsesio diferenteak gauzatzen dira segun eta zein lan aztertzerakoan. Eta «Beste mundukoak eta zoro bat» idazterakoan eragin argia jaso zuen Arrasateko sekretarioaren obrarengandik, batez ere komentzio teatrala haustean. Eta kristau munduko sinboloek ere tratamendu diferentea jasotzen dute lan bat edo bestean, era honetan bere fijazio guztiak. Baina argi dago Gabriel Arestiren antzerki lanek balio dezaketela izan zituen ardurak aztertzeko, haien ispiluak direlako.
Bere teatro lanak bizitzako epe konkretu batean idatzi zituen, «Tobera»tik hasita 1961ean 1965ko «Justizia Txistulari»raino. Eta epe konkretu hau Arestiren aktibidade publikoetan mugituena izan zen. Bai, zeren idazle aktiboa zen, bere garaiarekin konprometitua, eta konpromezu hori azkenetaraino eraman zuen. Teatro arloan, bere lana ez zen bakarrik, idaztearena izan, nahiz nagusiena, kontakto zuzen bat izan zuen garai haietan zeuden talde aktiboenekin, «Jarrai»rekin adibidez, Arestik obrak espreski idatzi zituen talde honek aurkez zitzan. Onerako edo txarrerako harreman estuak izan zituen garaiko errealidadearekin, ez teatrala bakarrik, eta gainera errepresentatu zen autorea da. Hau gertatu zenetik hona ez da eman horrelako kasurik gehiago euskal letra eta teatrogintzan. Atxagaren kasoa tarteko, baina harremanak hautsi zituen teatreroekin, eta ez du teatro gehiagorik idatzi. Beraz, konsidera dezakegula, uste dut eta orain arte, Gabriel Aresti azken antzerkigile bezala. Eta arrazoiak badaudela diogunean ez ditugu buruan orain eman ditugunak bakarrik, beste balio batzuk ere baditu esatebaterako: Arestik bere nahien artean euskal teatro moderno bat egitea zuen eta honetarako euskal teatroaren era zaharrak erabiliz, eta hau ere aurki daiteke bere lanetan. Ikusi beharrekoa da noraino izan ziren aurrerapausoak eta zer izan daiteke bailagarri berak egin lanetik euskal teatro moderno hori egiten jarraitzeko edo hasteko.
Lerro hauen bidez adierazi nahi denak analisi sakonago bat eskatzen du, hemen botatzen direnak ea noraino egiaztatzen diren ikerketaren bidez. Puntu batzuk sugeritu besterik ez dut egin, batzuk gordetzen ditugu hurrengoetarako, eta beste batzuk sortuko dira berriak, hori espero behintzat, eta beste tratamendu bat eskatuko dutela ziur nago, beste pausotxo bat ematea besterik ez nuen nahi, ustez Arestik ongi merezitakoa. Eta bukatzeko lehen emaitza hau gogora ditzagun Aresti beraren hitzok:
«Mondragoeko plaza nagusian monumentu bat altzatuko dala Barrutiaren memorian: Bañan beste momumentu bat altzatu bear deutsagu Barrutiari aren gainean estudioak eginagaz, bere obrak ezagututzen eztoguzanak aurkituaz, bere bizitzaren goraberak jakiñaz. Izan bedi, jaun-andrak, nire berbaldi trope au, monumentu onetako lelengo arria».
(jarraitzeko)
|