L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-12 (1984-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Patriren lau poema «galduak»

Patri Urkizu

 

        Iazko Irun Hiria deitutako lehiaketa literarioan Patri Urkizuri eman zioten «Jose de Arteche» izenez bataiaturiko poesiazko saria. Ohizkoa den urtebeteko epea baino lehen argitara eman ditu CAPek Irun Hirian irabazle izandako liburuak; baina Patri Urkizurenean lau poema falta ziren.

        «Zeren Azken Finean» poema liburuaren hasiera partean Patri Urkizuk saria berari aipamena egiten zioten bertso batzu sartu zituen; ondoren Gabriel Arestiren «Aita Gurea». Bi horiek zensuratu zizkioten. Bestalde, liburu barruan agertzen ziren beste bi poema ere falta dira, zabarkeriaz, deskuidoz edo kuidado gutxiz ahaztuak. Lehena «Kunigunt» poemaren ondoren zihoan «Benustarren fatua» da, eta bestea ispiluez diharduen ataleko bigarrena, «Ispilu huts».

        Ondorenean irakur ditzakezue lau poema «galduok».

 

 

Jose Artetxe saria

 

 

Euskal txapelketetan badago

bat deitua Irun hiria.

Euskal idazlanak suspertzeko

Jose Artetxe Saria.

Jorratu nahi dutenentzako

mundu honen gabezia.

Baina ez dazagut oraindik nik

horren euskal poesia.

 

 

Aita gurea

 

Gabriel Aresti

 

Don Jose de Arteche aita

linboan haizena,

ahaztua biz hire izena,

ezbetorkigu hire erreinua (errepublika bat nahi baitugu),

egin bedi hire borondatea (eta ez hire semearena

ez Basarrirena, ez Lekuonarena) linboan bezala lurpean ere.

 

Gure eguneroko otarraina eziezaguk gaur ere ken,

eziezaguk geure zorrik paga-arazi,

aberatsak eztitezen aberatsago eta pobreok ezkaitezen pobreago

eta Don Jose de Arteche hire semeari tentazioan erorten utz iezok (euskaldun mutilak haren eskribuez asperturik baikaude),

baina libra gaitzak dialekto mordoiloetatik,

zeren hireak baitira Don Jose de Arteche, Basarri

eta Lekuona.

 

 

Benustarren fatua

 

 

Benustarren fatua

hain da aldakorra,

maitalea daukala

beti tristakorra.

 

Aingura ezan dabil

itsasoan, horra

haize enbaten pean

gaiso kaskagorral

 

 

Ispilu huts

 

 

Butroe zimur,

hegaldaka zabar,

espazioan zehar

hoa,

salbaziozko aingurarik gabe

amildegiratuz,

piztu duan azkeneko

zigarroaren sukeak

harturik,

tenplo goriaren kupula

hautsontzian

desegiten den bezalaxe,

ispilu huts,

paradisu ezinean

hire imajina

malenkoniati

dakusakela

fatuen irkaitza

ezin pairatuz,

hasperenka..

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.