L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-12 (1984-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Iparragirre rides again

 

Koldo Izagirre

 

1981ko apirilaren 6an agurea jezarrita zegoen itsasoaren aurrean. Ile luze zuria, kapelu zabaletik kizkurretan gainezka. Bularrerainoko bizar ugaria. Atzean, Hendaia. Agureak gora jaso zituen begiak, biziak, eta Aiako Harrira eraman. Milaka zimur eskuetako eta aurpegiko larruazal errean. Mazarredoz oroitu zen. Altxa egin zen, soin oraindik lerdena. Petrilean lotua zeukan zalditzarra askaturik oinez abiatu zen, galtzetan itsatsitako hondar ale bustiei ezajolati. Burumakurka zerraikan zaldiak. Aurrerantzako keinuak egin zizkioten aduana postu bietan, eta gelditzeke gurutzatu zuen zubia. Irungo sarreran zaldi gainean jarri eta autobidearen bazterretik segi zuen. Yamaha Guitar FG-140 Nippon Gakki bat eta fusil baten giderra ageri ziren ibilian lustreatutako zelaren alde banatan. Laxo utzi zituen bridak. Kapelua erantzi zuen, lurrezko pipa bat atera zuen barnetik, ahaleginak egin zituen metxa koipetsu bat piztearren, jakaren sakel bakarrean gorde zuen haserre, dotoreziaz jantzi zuen kapelua ostera. Eguzkiak goitik bero. Pipa itzalia hortz horiztatuen artean. Errenderiara iritsi zen. Jubilatuak alamedan zeuden, eguzkitan, paperolak botatzen zuen keari beha. Ume batzuk jarraiki zitzaizkion makilka zaldiari. Agurea erdi lo zihoan, bizkar oker. Buenabistara heldutakoan busaren geltoki ondoan egon zen puska batetan, San Juanera beha. Arizabaloz oroitu zen. Ez zen ardirik ageri Jaizkibelgo malkarretan. Zaldia bere hankajoko geldoari tematu zitzaion. Agureak ere ez zuen presarik. Jendeak ez zien kasorik egiten eta agureak maite zuen ezajolatasun hura. Eguerdia zen Donostiaren erdian azaldu zenean. Zaldia geldi egin zen, aurrez agindutako helmugaren batera ailegatu balitz bezala. Agureak fusila atera zuen zelazorrotik. Kargatua zeukan erreparatu zuen. Abenidako kafetegiaren aulkietan jezarrita zeudenek ihes egin zuten. Mahain gainetan aperitif hustu gabeak, eta aulki berdean harrizurtua, sukar izerdian, gazte biboteduna. Hari zuzentzen dio fusila, hots arraro bat entzuten da, segundo bat geroago ke zuri bat kainoiaren muturrean eta gizon gaztearen gorputza lurrean. Agureak kuidadoz gorde zuen fusila, jarraikitzeko egin zion zamariari. Zenbait konsumitzaile utzitako aulkietara dator, jendeak paseoari ekiten dio eta euskal literaturaren kritiko gaztearen gorpuaren ingurua indiferentziako hutsune bat da. Neska bilo horiak eskua ahora eraman zuen my God! esanez hildakoaren aurpegia ikustean. Zaldia motel zihoan, triste. Agureak zer edo zer leroileratu zuen. Carolinez oroitu zen. Pipa pizten saiatu zen berriz alferretan. Lehorra zuen eztarria. Ahaire gautxo batzuk jo zituen kitarrarekin. Carolinez ahantzi zen. Ilunabarra zen Zornotza jo zuenean. Nekatua zegoen agurea. Aurreneko tabernan sartu zen, euskaraz egin zioten. Aniseta hartu zuen. Jezarrita egon zen aldi bat. Azukre kozkorrak eman zizkion zaldiari. Gernikarantz abiatu zen. Jende asko zebilen kalean. Junta etxerako maldan gora hartu zuten: burdinezko hesian lotu zuen zaldia. Atea itxia zegoen. Hesian igan zen, ez zitzaion zailegia iruditu. Aizkora bat atera zuen zelazorrotik. Hesia igaro zuen. Geldirik egon zen haritzaren aurrean, Londonen ikasitako Wordsworth-en poema errezitatu zuen ahopean. What hope, what joy can sunshine bring to thee, or the soft breezes from the atlantic sea, the dews of moon, or april's tender shower? Agureak tu egin zuen eskuetan, arbolari hurbiltzen zaio. Jendea inguratu zen pixkanaka, gazteak gehienak. Animoa ematen diote, adarra joz. Isildu egin ziren arbola amildu zenean. Txalo egin zioten gazteek algaraz. Zaldiagana itzuli zen agurea, kantinplora bat hartu zuen. Taldeko batzuek alde egin zuten lasterka, zerbaiten abisu ematera. Kantinplora osoa isuri zuen Junta etxearen eskuineko pareta bazterrean. Pospoloak eskaini zizkioten hesiaren bestaldetik. Berehala altxa ziren garrak. Honuntza igaro zituen burdinak. Zaldi gainean jarri zen, baldar. Maldan behera joan ziren biak. Oihu batzuk entzun zituen gibelean. Pipa piztu zuen. Bihar Urretxukoa, pentsatu zuen agureak. Pospoloak ez zituen bereak, sakelean gorde zituen haatik. Su garbi batek gorritu zuen Gernikaren gaua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.