Rubaiyyat
Omar Nabarro
(... mitxeletak salabardoz harrapatzen dabilen lepidofiloren antzera, dinostazu zabiltzala, heliconia doris eta heliconia numata lako berben esangura hutsala katibatu nahirik.
Eta begira zein fite hegaldatzen diren kolore jaioberriak ilunabarrean. Aspaldi ez dituela erratzak amaraunak astintzen, dinozu, memoriaren zokondoetan arakatuz, aramuaren zuhurtziari mira eginda, euli krisalida baten pare xurgatzen zarenean.
Egizu kontu ostera ere, zein ezina den anestesiatzen estratega bat alkodolez.
Hobe erre, dinozu, alkolemak, eta Bereniceren erretratoa ere erre. Salabardoak eta erratzak errautsi. Eta hala ere, memoriak iraunen du errautsetan.
Zapokrifo lotsabakoek eginen dute habia liburu merkatuetan, eta badakizu zein den mendekua...)
OMAR JAYYAM zure izena
aintzinako paganoen sena
bizirik dirauzu ene anaia
itzali arte goce oroimena.
Dagoeneko,
alferrik dita haizeteak,
iparrorratzak,
bitakora koadernoak.
ohol zaharrak aldaraztea,
lema berria agintzea,
arrakalak iztupaz kalafateatzea.
ahaztu egizuz
izarren kokadurak,
itsastxorien zentzudun norabideak,
urgaineko margo misteriotsuetan ezkutaturiko mezu ulergaitzak.
hobe erre
mapak,
planisferioak,
itsas gorabeherekiko liburu jakintsuak
eta
batez ere,
Bereniceren erretratu horitua.
Berandu da.
Lehortu egin da itsasoa.
Badakizu, Berenice, arratsalde hontan
eguzkiak udakoa dirudiela baratzean;
hozkirria, berriz, negukoa da begietan.
Berton nago, Berenice, aramuei begira,
zelan diharduten, mutuki, amarauna eraikiz;
eulitxoak eror daitezen zai bizi dira.
Ardura barik, Berenice, dira gurutzatzen,
patuak, bere hari finetan, biltzen ditu
hanka hauskorrak, ílegurizko gartzeletan.
Ez dugu, Berenice, aditzen karraxirik;
etxola beltzeko zurezko horman ez dantzut
hots apurrena ere, haizearena ezik.
Horregatik, Berenice, nire negarra,
ez da negarra eta oraintxe negarrez egon arren,
negarguraz, mutua da nire deihadarra.
Oroitzapena, Berenice, da amarauna;
ez delako hari infinitoen gurutzaketa
mehea baino, betirako preso naukana.
Eguna begitarte ilunaz gau oihala harildun bitartean
blai eginda euri ezabakorraz kaleak hortxe egon
naun kafetegi kutsu gehiegizko bazkalondo
honetan arratsaldearen norabideaz jabetu
ezinik blai neu ere nora ezean
lutoz sumatu ditut piztutako lehen-
engo argiak argazkizelulak asal-
datu egin ditun goizegi gautu
dun eztulak askatzen taberne-
tan data ere ahaztu dinat
agian asko igaro denbora
guretzat ardotan blai
berriketa amaigabea beltz-
egia eguzkiaren ku-
britxeta kolorez
harilduko ote
goizaren
maindi
rea bl-
ai
|