Adamoven berri llaburki...
Xabier Montoia
Gaur egun Adamov ez dago modan. Agian ez da inoiz egon. Adamov: Nor? Galdetuko dio batek baino gehiagok bere buruari, ziuraski literaturzale apetatsu baten azken bitxikeria besterik ez dela susmatuz. Ba ez, ez da horrela. Idazle bat (edo beste edozein gauza) ezagutzeko bideak, nahiko korapilatsu, bitxi samarrak izaten dira. Batzutan lagun batek liburu konkretu bat aipatzen dizu, kuriositate eta jakinmina piztuz. Beste batzutan, berriz, norbaitek zure urtemugan oparitzen dizu, edota azala deigarria izanik, erosten duzu zure kontsumozaletasunari amore emanez. «L'homme et l'enfant» liburuaren gaztelaniazko itzulpena nola eskuratu ote nuen, ez dut gogoan; bai, ordea, liburu hori irakurtzen pentsatu eta, batez ere, sentitu nuena.
Behar bada, Baroja (nire lehen maitasuna) utzi orduko irakurri nuelako edo nerabetasunaren zorigaixtoko sasoian, Adamoven sufrimendu eta ezinegonak eta neureak bat egiten bait zuten. Ez dakit. «L'homme et l'enfant» lehendabizi, «L'aveu», «La politique des restes» eta bere antzerki osoa gero.
Textu liluragarri guzti hauetan zehar, Adamoven nortasun eta bizitza liluragarriak ere, aise antzeman daitezke. Aztarna nagusienak, hala ere, bere egunkarietan bertan aurki daitezke: aitaren presentzia ezabakaitz eta mingarria, ezohizko obsesio sexualak...
Arthur Adamov 1908.ean, Kaukaso aldean, jaio zen, famili aberats baten baitan, bere aita eskualde hartako petroleoaren jabea zelarik. Garai hartan, Errusiako burgesek ohi zuten legez, Adamov-ek ere inude, neskame eta irakasle guztiak frantzesak izan zituen. 1914.ean Adamov familia osoa Ginebrara doa, aita jokuzale amorratuari jarraituz. Han, bere haurtzaroko lokamutsak gauzatuko dira, pobre bihurtzearen beldurra, alegia. Aitak dena galtzen du jokoan eta Arthur pobre bihurtzeaz gain, apatrida ere izango da ia-ia bere bizitza osorako.
1922ean Adamov «Licée Francais» izeneko ikastetxean ari da ikasten. Sasoi berean kasinora joan beharra izaten du, sarritan, airaren bila. Umiliaturik, aita gorrotatzen du.
1924ean Adamovtarrak Parisera doaz bizitzera. Arthurrek ezin du lan berean luzaro iraun, maiz lanbidez aldatuz. Urte horretan ere, «Le Dome» kafetegi ospetsura hasten da joaten. Surrealismoaz interesaturik, taldean sartzen saiatzen da. Familiak itotzen du baina ez da ausartzen hura uztera. Bi urte beranduago bere lehen lana idazten du: «Mort Chaude», bi orrialdeko antzerkitxoa.
Bere kontzientzia iraultzailearen berri 1927.ean dugu, Sacco eta Vanzettiren heriotzaren aurkako manifestaldi batetara doanean. Georges Bataillek libratuko du jendetzaren eskutatik, lintxatzekotan daukatenean.
Beste lagun exiliatu batekin (Serge Victor Aranovitch, «Ping-Pong» izenekoaren Victor pertsonaia, hain zuzen ere) antzerki talde bat eratzen du. Lehendabiziko saioan Adamoven «Mains Blanches» deritzana antzesten dute: «Neskak aulkiaren gainean, mutilaren eskua hartzen du (hau ere aulki baten gainean dago) uzten eta berrartzen du. Aldentzearen antzerkia iadanik». («L'homme et l'enfant»).
Aipaturiko lagunarekin «Discontinuité» aldizkari literarioa argitaratzen du. Ohiturari jarraiki, ale bakar bat kaleratzen dute. Irene, bere lehen amodioa, ezagutzen du. Honek «ern» goitizena ezartzen dio. Orduan inpotentea denentz ohartzen da eta lehen aldiz saiatzen da bere burua hiltzen.
1929ean poliziak Frantziatik botatzen du, azken momentuan Malraux-en dei batek salbatuko du. Lau urte geroago Ádamov aitak bere burua botatzen du, gorrotatzen zuen semeak, heriotza honen errua bere buruari leporatzen dio. Gero «Brigadas Internacionales»-etan sartzen saiatuko da baina ez du lortuko, orduan hasten da itzulpenak ere egiten. «Heriotza eta pobretasunaren liburua» Rilke-ren liburua eta Jung-en «Egoa eta inkonszientea».
Gudak Marseilan eta sosik gabe harrapatzen du. Vichy-ko gobernuari buruz gaizki mintzatzeagatik atxilotua, Argeleseko kontzentrazio-zelaiera daramate. Kuakeroek ateratzen dute sei hilabete eman ondoren. Parisera iristen denear; hiltzen zaio ama.
Guda amaitzerakoan, bere lagun Artaud ateratzen du Rodez-eko eroetxetik.
«Aitorpena» argitaratzen du: «Nitaz dakidan oro, sufritzen dudala da».
Garai hartan ere, «Combat» egunkarian antzerki modernoaz artikulo bat idazten du: «Eszenatokian iraultza egiteke dago». «La parodie» entsaiatzen den bitartean Artaud hiltzen da, azkenean antzerki hau ez da inoiz estreinatuko, dirua ezin lortuz. «Mort de Danton» izenekoak, ostera, sekulako arrakasta lortzen du Avignoneko Antzerkialdian. Hala eta guztiz ere, ondorengo lanak antzestu barik geratzen dira, inork ez bait du behar den dirua ipini nahi.
Berrogeitamarren hasieran Ionesco ezagutzen du, haien adiskidetasunak bi urtez irauten du. 1953an Bertold Brecht-ek «Berliner Ensemble» osatzen du, urtebeke beranduago egiten du talde honek bere lehen emanaldia Parisen. Adamov han dago, eta, txunditurik, Brecht-en borroka bereganatzen du. «Ping-Rong» aurreko bere obra guztiak gaitzesten ditu, «Professeur Taranne» salbuespen bakarra izanik; Algeriako gudak areagotzen du bere joera hau; Frantziako komunistengana hurbilduz. Dena den, esan behar da Adamov ez zela inoiz afiliatua izan, «nere alperkeria dela medio» berak aitortzen zuenez.
Hirurogeietan bere une onenak, eta txarrenak ere, biziko ditu. Alde batetik bere lanak munduan zehar antzesten eta argitara ematen dira, B.B.C.k irratirako piezak agintzen dizkio eta Estatu Batuetatik deitzen dute irakasle moduan joan dadin. Baina beste aldean, zorigaiztoko alderdian, gauza ugari dago aipatzeko: estatuak bere eskubideen erdia hartzen dio, zerga-aitorpena egitea ahanzten zaiolako. Horregatik, behar bada, hasten da edaten neurrigabeki.
65ean neumonia krisialdi bat jasaten du, hau gainditzen duenean edaria uzten du, baina pixka bat geroago ohean datza berriro, «jackosen krisialdia» izeneko gaitzaz. Hospitaletik ateratzerakoan ostatu eta hoteleko gelak uzten ditu, bere bizitzan lehen aldiz etxebizitza bat alokatuz. Baina patuak ez du berekin inongo kupidarik, berriro hospitalean pleuresia eta tuberkulosia diagnostikatzen diote. 1970eko Martxoaren 15ean suizidatzen da azkenik, asko eta luzaro pairatu ondoren.
|