L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa1200>— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Sarrera gisako goragale sentimentala

 

        Nahiago genuke —zin egiten dizuegu— lerro hauetantxe eskritorearen konpromezuaz mintzatzea, edota datorren eguberrian ilargia ez dela berdin loratuko ahots tristeaz deklamatzea, baina gure tripak ez daude horretarako. Zurrunbiloak harrapatu gaituela begibistakoa da eta behingoz geure subkonszienteari traiziona gaitzan utzi diogu. Bortxaz Espainiaratutako iheslarien patuak neurri guztiak apurtu dizkigu, basatiki asasinatutako abanguardiazko borrokalarien faltak tarteka mutu uzten gaituen neurri beretsuan. Beharbada benetako poetak bagina, Mitterrand eta Gonzalez gobernuek abiarazitako bideak erakartzen digun terrorea papereztatzeko gauza izango ginateke, baina terrore horrek gure arima tentelegiak gainditu egiten ditu; elkarrenak diren ametsen alde beren bizitza eta askatasuna eskaintzen duten aberkideen apostuak gainditzen gaituen bezalaxe Horrexegatik ez dugu partxisean modu inuxentez gehiago jokatu nahi barruan daramagun kaka ustel guztia mahai gainean eta guztion begibistan utzi gaberik.

        Jakin badakigu deklarazio baino gehiago garaitik kanpo isuritako debilidadea den honek adiskideak kendu baino ez digula egingo (hain da faltsua eta irreala batzutan literaturaren mundua), baina espetxeetan direnek hori baino mila aldiz gauza inportanteagoak galdu dituzte, eta egia aitortzeko ez gara kapaz sentitu prosaismoari konzesio bital bat egin gabe ondoko orrialdeok inongo kristauri eskaintzeko. Ihintz bitartez hazitako larrosa zapuztu ohi den legez zenbaitetan jausten zaizkigu hainbat literatur saiotan eraikitako fikziozko gaztelutxoak.

        Eta, egunen batean, zilarrezko egunsentiak literaturaren edota literatoen konpromezuaz mintzatzen harrapa gaitzanean, apika, beste zenbait kontraesanen artean; Joxe Austin Arrietak aipatzen duen «egitea den esatea»ren oihartzunak «esatea den egite» beste baterenekin gurutzatzerakoan sentitu edota jakin ahal izango dugu paper idatziz eraikitako txabola txikienak ere norbaiti, nonbait babesa emateko balio izan duela eta balio izango duela.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.