L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Literatura umezurtzaz

 

Josu Landa

 

        Gure behar ez hainbateko ausardiaz emandako lehen pausu literarioak SUSAkoekin batera eman genituenok hitz bat daukagu zerebeloaren zain-mutur urrutienean zizelkatuta: krisia. Izan ere, euskal literaturan eta euskal kulturan duela bederatzi bat urte eman zen gainbeheratik atera nahian hasi ziren prohombre guztiek hitz bera errepikatzen zuten 80.aren garai haietan, itsasuntzia salbatu nahiean baborretik nahiz estriborretik salbabidak boteaz ibiltzen direnen gisara: krisia erabatekoa zela, krisia dexente zela, krisia lau kilotakoa zela, e.a. Lehenagoko ildo orokorretatik abiatuta, krisiaren asunto hori ulertzeko Rikardo Arregik asmatu eta Arestik esbozatutako projektu kulturala bertan behera amildu zeneko garaietara itzuli beharko genuke begibista. Rikarko eta Arestiren inguruan (sinplistegia ote?) muntatutako kultur projektu minimoki globalak alde batetatik jendea martxan jarri bait zuen, eta bestetik martxan zeuden zenbait pertsona norabide konkretu batetarantz zuzendu. «Lur» editorialaren barruan halako itzulpena edota halako saioa egiten zuenak lan eta projektu zabalago baten barnean kokatzen zuen bere lana. Halaber, alfabetatze-mugimendu sortuberrian eginahalak luzatzen zituenak. Gerora projektu hori lurrak jo bezain laster, idazleak ere projektu globalagoarekiko atxekimendua galduz joan zirela pentsa liteke.

        Izan ere, idazlea eta bere obra gainerako lerrotze eta kondizionamenduetatik at geratuz gero, orokorrean hartuta jarrera posible bi geratzen zaizkio literaturgileari: idaztearen beraren plazerraz aritzea, ala bertan uztea idaztearen kontu denak. Lehenengo jarrerakoek krisi sozial bat jarrera pertsonal baten bitartez gainditu dezakete, oihartzunik eta konprentsiorik gabe idatz dezakeenaren indar bakarrez. Hala gertatu zen 75.ko krisitik kopuru aldetik emankor irten ziren euskal eskritoreekin. Askoz ugariagoak izan ziren, berriz, idazteari utzi ziotenak, eta batik bat horiexek izan ziren (kulturaren desenkantoan jauzitakoak, alegia) handik urte batzutara krisiaren haizatzeari ekin ziotenak. Azken finean krisia gora eta behera erabiltzearen kontu hori (eta hau distantziak ematen duen hoztasunak eragindako pentsamendua da), beren projektu kulturalaren porrotari buelta ezin ematearen islada bilakatu zen. Esan nahi bait da, halako kultur projektu global baten faltaz sortzen den dinamika, askoz neurri haundiago batez legokeela antzutasunaren bidean emankortasunarenean baino. Modu horretaz defini genitzake neuk literatura umezurtzaren deiturapean sartu ditudan literaturgintza mota horiek, norbere prozesu pertsonalean murgildurik beren obrei bestelako projekzio kolektiboagorik kausitu ezin dieten idazleenak, hain zuzen ere.

        Eskribatzea (iharduera gisa) maila pertsonaletik maila kolektibora igarotzen denean (gizarte-mailan bilakatzen hasten denean), ez luke aski behar izango hizkuntzaren edertasunez edota literaturaren plazerraz mintzatzeak. Bi kontzeptu horiek sorkuntzaren edo irakurketaren momentu puntual eta pertsonalei dagozkie, ez dira literaturaren kontzepzio dinamiko eta sozialari erabateko esplikazioa eman diezaioketen terminoak. Konkluitu liteke literaturaren integrazio soziala dela iharduera pertsonal bati azken-azkeneko zentzua ematen dion prozesua plazer pertsonalaz gain bestelako xederik dagoen kasu guztietan derrigorrezko pausua gertatzen delarik. Pausu hori da nire aburuz literaturari umezurtz izatetik emankortasunaren gailurrera pasatzeko ahalmena ematen diona. Pausu hori da ene ustez gaur egungo literaturgintza berri guzti honi derrigorrezkoa bihurtu zaion helburua. Egia da gaur baino kalitate eta kantitate haundiagoz inoiz ez dela literaturarik egin. Euskal Herrian egia da garai batetako konsakratu gehienek gaur egun lotsa baino ez luketela pasako haien izkribuak gaurko idazle hasi berri gehienenekin alderatuz gero. Gauza guzti horiek egia dira baina ez dira aski. Egunotako literaturgintzan nabari den ugaltze eta hobetze honen baitatik halamoduzko kultur projektu global batekiko atxekimendurik sortzen ez bada emankortasunaren erdia alperrik galduko zaigu, asuntoa izan zitekeenaren laurdenean baino ez zaigu geratuko. Hari horri tira eginda ere bistan da horretarako herri honetako kulturaren inguruan dagoen mugimendu guztiari buruzko eztabaida sakon bat zabaltzea ezinbestekoa izango zaigula. Era berean bistan da horrek euskararen berreskurapen prozesuaz mintzatzera eramango gaituela, halaber nazio bezala pendiente dauzkagun hainbat korapiloren konponbideaz. Bokazio hori ukaezina zaio gure arteko literaturari.

Azken finean herri honetako kultura erakargarriagoa eta emankorragoa gerta dadin lanean ari diren talde guzienganako atxikimendu- eta idetifikazio-bideak zabaltzea hil ala bizikoa zaio gaur egungo literaturgintzari. Umezurtz izatean utzi nahi badio bederen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.