L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Muskilda

 

Pablo Sastre

 

Garai hartan, hemendik eta handik barrena, dena zen mendia; herriak, txikiagoak ziren orduan.

        Herrian lehenbiziko fabrika ni jaiotzearekin bateratsu ekarriko zuten. Erreka bazterrean zegoen. Metal hotsak eta jende hotsak, egunez eta gauez baziren.

        Jende asko jeitsi zen menditik herrira, fabrikan lan egitekotz. Baserrietan gelditu zirenak ere asko izan ziren. Beste asko Ameriketara bidean jarri zen.

        Lehen, Muskildaren aita bere amarekin bizi omen zen Iduzkimendin. Haiek pobre ziren, eta zer jatekorik gutxi. Horregatik herriratu omen zen Muskildaren aita, ama bakarrik etxean utzirik.

        Hala gelditu omen zen Muskildaren amatxi Iduzkimendin.

        Muskildaren aitatxiz, inork ez du inoiz ezer jakin. Nor izan zenaz eta nondik etorri zenaz korritu da zernahi konturik. Basa gizonen bat izan ote zen hura, edo auskalo zer besterik.

        Muskildaren aita herrira ezkondu zen. Otazpiko alaba zaharrarekin ezkondu zen. Handik bost seme-alaba izan zuten. Haietarik zaharrena Muskilda duzu.

        Muskilda, neskatila zelarik, oso polita eta bizi-bizia zelakotz, asko maitatzen zuen jendeak. Haren ileak ikatzaren kolorea zeukan, eta xarma arraro batez estaltzen zen.

        Lehen urte haietan lasai bizi izan zen Muskilda; belazean etzan eta garia ernetzearen soinua aditzeko astirik bazizun. Basoaren animaliekin anitz mintzatzen zen. Lana jolasa zuen, eta jolasean dibertitzen ginen.

        Oilarraren kukurrukua ohetik entzuteko denborak gero pasatu ziren. Segitzen zion anaia baino lau urtez zaharragoa nola zen, etxean oso gaztetandik egin behar izan zituen amarenak. Ama, beste alde, ez izaki oso bizkor, eta bere aita-ama xaharrekin nahiko beharra bait zeukan, eta sobera.

        Muskildaren aita oso gizon ausarta zen. Seme-alabak terrible maite zituen; bera ere, bihotz-bihotzekoa zeukan gure Muskildak. Fabrikan gogor egiten zuen, denentzako jana atera beharrez. Aldian, bi txandetan aritzen ziren, egunez batzu, gauez beste batzu, astetik astera txandaz aldatzen zirela.

        Behin, bere lekuan ari zelarik, grua batez zerabilen burnitzarrak burua ireki zion, eta hil ez eta bai egondu zen zenbait egunez.

        Hartan, esaten dutenez, Muskildaren ama fabrikaren nagusi zaharrari mediku bat ekar zezala jo eta jo ibili bazitzaion ere, hark ukatu egin omen zion laguntza guztia.

        Aita, andrea eta alaba zaindari zituela, gorputzez zerbait berrindartu zen handik pixka batera. Baina, burutik jo samarrik geldituko zen, eta denborarekin okerragora etorriko zen.

        Lanik ez beraz harentzat handik aurrerakoan, eta familia hura ogia nondik aterako. Bederatzi baziren etxean. Aita, ezertarako gauza ez. Lau seme-alaba koxkorrak, beharretarako gazteegitxoak. Aitatxi eta amatxi, azken ahaleginetan esan bait liteke. Ama noski, eta Muskilda bera. Otazpian nekatuko ziren handik aurrera, biziko baziren.

        Iduzkimendiko amatxik ere, lagundu egiten zuen, Muskildaren bidez. Iduzkimendi urruti dago, haruntza, leku zelai babesean, herritik aski bide luzean; lehen aitarekin egiten zuen noiz-behinka Muskildak behetik gorakoa. Orain, bakarrik egin behar izaten zuen, eta gehiagotan.

        Iduzkimendiko amatxik gaztainak, intxaurrak, urrak eta sagarrak ematen zizkion Muskildari, etxera ekartzeko; baita gazta eta ardikia ere, haietarik zerbait zegoenetan. Iduzkimendin, berriz, artzai egoten zen Muskilda; udaberriaz han egoten zen herrira gabe, eta gainerantzean ere, franko askotan joaten zen.

        Muskildaren bihotzak, garratz sufritu zuen aitari gertatua. Begiek hala salatzen zuten, ahotik ez zuen hitzik esaten baina.

        Jendeak dioenez, Iduzkimendiko amatxik ilundu zion zertxobait gogoa. Hark Basajaunaz kontuak egiten omen zizkion. Bizitzaren eta nekazaritzaren hainbat gauza, Basajaunak erakutsita zekizkiela, esaten omen zion.

        Gero, Muskildak ere, ikusi egiten omen zuen Basajaun hura, eta hark esaten omen zizkion amatxirentzako kontuak, kontu zaharrak, kontu berriak, halako kontuak.

        Guri, Muskildak behin esan zigun, ardiekin Belate mendian ari zela, begi bakarreko artzaiarekin izana zela, eta hark, trumoia zetorrenaz abisatu ziola; hala etorri ere, esan eta geroxeago.

        Begi bakarreko artzai hura leize batetan bizi omen zen. Leizeak lurrera sartzeko ateak zirela, esaten omen zuen. Muskildari ikaragarri gustatzen zitzaizkion leize-zuloak. Artzai harekin behin baino gehiagotan izaten omen zen; gero, konta egiten zizkigun harekikoak.

        Amatxiri bisita egin zion batetan, hark aitaren nagusi zaharra izan zenari buruz gaizki esan omen zion. Aitari gertatutakoan, ez omen zen nagusi zaharra errugabea. Odolezko kontuak baziren, oso aintzinako zerbait, guri eskapatu zaiguna.

        Nagusi zaharra mendiaz bestaldeko herri batekoa zen. Jendeak asko errespetatzen zuen.

        Hala baina, Muskildaren aitaren akzindentearen ondotik, hura Iduzkimenditar bati gertatzea legezkoa zela esatea, ez zitzaion gustatu jendeari.

        Iduzkimenditarrak, jendearen ustetan, izarrak zerutik behera erori ziren garaietakoak omen dituzu. Horregatik kexatzen omen zen Muskildaren amatxi penazko gau zenbaitetan:

        — Gure denbora joan da, gure denbora joan da.

        Muskildaren aita ez bait zen bataiatua, horra zergatik nagusiaren esana. Geroago, erotu zelarik, bataiatu zuten, apaiza horretarako andrearekin eta honen gurasoekin mintzatu bait zen.

        Iduzkimendiko amatxik, guzti horregatik, begi txarreko zuen nagusi zaharra, eta haren familia dena.

        Gainerakoan, deus askorik gertatu gabe iragan ziren urte batzu; menditarrak mendian, kaletarrak kalean, eta Muskilda batetik bestera joan-etorri.

        Kakalardo eta musarrekin hizketan egoten omen zen poliki. Bere penak haiei kontatuz kontsolatzen omen zen.

        Luze baino lehen, asko izan-da gutxi izan, haren etxera gosea heldu zen izugarri.

        Gosearekin Otazpian samina sartu zen. Zaharrak gogo-beltz zeuden egun guztiz. Muskildaren anaiak eta arrebak hor barrena zebiltzan pizti modura jaki bila. Anaia txikiena, Juan deitzen bait zen, arras gaixotu zen, eta oheratu zuten. Otazpira irribarrak ez zuen gehiago bisitarik egingo.

        Behin, Santa Leokadin erromeria egiten zen egunez, batek Muskilda Iduzkimendira bidean ikusi omen zuen, eta harakoan baselizatik pasatu behar bait zen, hura, hori gabe, Mieltxeneko xendraskatik abiatu zela.

        Orduan Muskildak haitzulo batetan gazta puxketak uzten omen zituen laminentzako.

        Laminak harri zabaletan egoten omen ziren orrazketan.

        Muskildaz, bera ere ez ote zen lamina izango, esaten zen.

        Iduzkimendiko amatxi laminen laguntzaz erditu omen zen Muskildaren aitaz. Ama kanpoan zelarik, haurraren sehaskari ere eragiten omen zioten lokartu zedila.

        Laminak gure lagunak omen ziren.

        Iduzkimendiko amatxik honela esaten omen zion Muskildari:

        — On egiten dionari, laminak eman egiten dio; gaitz egiten dionari, kendu egiten dio.

        Hala omen zen laminen justizia.

        Negu hartan Juan txikia goseak eraman zuen. Ezbehar handia izan zen Muskildaren etxean, batez ere ordurako besteak ere erdi itzalita zeudela. Muskildak kemen ilun batez segitzen zuen denentzako lanean.

        Gau batez, etxetik atera eta elizari hiru buelta ematen zituela, ikusi omen zuten. Beste behin, sutarriaz esneak gain egin ziola, beraizik utzi omen zuen eltzea hustu zen arteraino.

        Santiago bezperan gogoratzen naiz, kanpaien soinua luzatu zelakotz, gure amak aitarena eginik sukaldean esan zuela:

        — Kanpaia triste zegok, baten bat hilko duk.

        Biharramunean, festa bait zegoen eta dantza zelaian animazio handiarekin, Muskilda pasatu zen inorekin hizketatu gabe, eta aitaren nagusi izan zenari barre zuriska egin omen zion.

        Gau hartan nagusiaren alabatxoa desagertu egin zen.

        Kataliñ, hala bait zuen izena, deabruak eraman omen zuen. Baten batzu, joan omen zitzaizkion Muskildari hartaz galde egitera, eta honek erantzun omen zuen:

        — Gaua gauekoentzat, eguna egunekoentzat.

        Gero, Kataliñen behatz bat Mieltxeneko xendraskan ageri omen zen.

        Muskildaren gauza izanen zela, esaten zuen jendeak.

        Muskilda etxe aitzinean arropa sasitan zabaltzen ari zelarik atxiki omen zuten.

        Haren anai-arrebak oraindik bizi dira.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.