L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Lucien Etxezaharretarekin solasean

«Literaturak amaraun fin bat sortzen du Euskal Herrian»

 

Mikel Antza

Josu Landa

 

        Mugan poeta bati elkarrizketa bat egitera goazela esan behar izan diegu frantzes poliziei. Beste egun batean itzultzeko. Mitterrand presidentak Iparraldea bisitatzeko eguna da. Guztiz inofentsiboak garela ikusi dute nonbait eta pasatzen utzi. Baionako Alde Zaharreko etxe batetako eskilaratatik gora goaz. Buru bat agertzen da. Zalantzarik ez, «Lucien da», eta gu, «Susakoak zarete?». Etxe txikia, kafea egin digu. Irratian Miterranden berri entzun ondoren itzali eta magnetofoia entxufatu dugu. Lucien Etxezaharreta «Maiatz» aldizkariko partaide da, irratian ere lan egiten du, ideiak bere barnean argi marrazten den ildo bati jarraituz botatzen dizkigu. Anekdotak ere badira, «Maiatz» sortzeko egin zuten lehen hilera egunean izan zen hautatua presidenta, gaur gu etorri garelarik Iparraldean dago, batzuren esperantzak guztiz itzali dira... Baina, gu literaturaz mintzatzera etorri gara.

        — Hasteko orain dela zenbat urte eta non jaioa haizen jakin nahi diagu.

        — Ni sortua nauk herri ttipi batean, Urkoildi izena dik, Hazparne eta Kanboren artean. Piska bat sinbolikoa duk hori niretzat, zeren eta ez dik identitaterik herri horrek, Hazparneren parte bat duk, baina ez duk Hazparne. Nire haurtzaroa hor pasatu diat hamar urte arte, eta gero nire gurasoak aldatu dituk Hazparnerat eta ni etorri nauk Baionako lizeo hortarat. Orduan, ene haurtzaroa, hamar urte horiek bloke maitagarri, aberats bat bezala sentitzen ditiat. Eremu hori interesanta duk enetako; gaur ere sentitzen diat hori. Eta orain hogeitahemezortzi urte egingo ditiat abenduan, beraz gerla ondoko horietariko ume bat nauk.

        — Literaturaz mintzatzeko bildu garenez, hiri nola sortu zitzaian idazteko nahi hori?

        — Adar asko dituk horrelako galdera batean. Irakurtzea maite izan dut haurra eta gazte nintzelarik; elementu inportante bat da. Gero ohartu nauk munduko literaturari, eta euskaldun asko bezala, azkenean Euskal Herrikoari, eta euskarari. Hori izan duk itxuraldatze politiko batekin lotuta, ohartu nauk Euskal Herriaren izaiteari, eta hori enetako izan duk iraultza aski inportante bat, ikusi diat euskara zela horren elementu zentral bat. Ohartu nauk euskararen edertasunari, uste diat alde estetiko hori badela; eta sentimentu ainitz ere, ene haur denborako hizkuntza, ene etxeko hizkuntza... Ni euskaldun mintzairakoa nauk sortzez, frantzesa mintzaira arrotza zela ahantzia nian eskolan izan ondoan, eta ohartu nauk ene tripako mintzaira euskara zela, eta horretaz biziki pozik gertatu nauk. Gero ohartu nauk hitzen soinua edo musikari, eta entseatu nauk gauza batzuren izkiriatzerat. Ni lizeoan nintzelarik frantzesez idazten nien gurasoeri eta bat batean, «to!, berdin euskaraz egiten badut zer pasatuko da?», eta ohartzen naiz diferentea dela, eta emeki-emeki mintzaira horrekin jostatzen ari naizela, horrekin zerbait egin ahal dudala. Gero, hemezazpi-hemezortzi urtetan, euskarazko gauza batzu irakurri, ohartu nitian euskal problemari. Sentitzen nitian bi euskara mota bezala, bata etxeko neurria baizik ez zuen euskara menperatua, eta noizteinka euskara bat mundu guztiak berekin zeukana. Eta denbora berean adin horretan leitzen nian munduko literatura... Hego Amerikako literatura ere leitu nian, frantzesez. Oroitzen nauk Ciro Alegria, haren liburu batek biziki inpresionatu nitian, «El mundo es ancho y ajeno», hango indioen kondizioneaz eta... Ohartu nitian mintzaira diferentetan hire herriaz mintzatzen ahal hintzela.

        (Adar askotako galdera honi helduz Lucienek euskararen estetikaren garrantzia aurkitu zuela kontatzen digu, bere solasaldiaren haria eten gabe).

        Mintzaira baten edertasuna eta soinua beti agertzen duk lehen maila batean poesian, hitz gutxiz erranahi ainitz ematen bait diok. Hogei urtetan hasi nituan gauza ttipi batzuren izkiriatzen «Herria» aldizkarian. Ikasle talde bat bagintian, «Ikasle» izeneko aldizkari bat bagenian, bildu, artikulu batzuk praktikatu... Eta ohartu nituan euskara denetako balio zela. Idatzi dut artikulu aunitz, politika eta Euskal Herriaz...

        Ohartzen nituan alde batetik lana zela euskaraz izkiriatzea, ez nekiela euskara. Gero euskal kultura kateximan edo etxeko ingurumenean mugatua zela. Ene etxeko hiztegia ez zela arras beste euskalkiena. Funtsean, ikasi behar zela. Hemen baduk hiztegi bat maite niana biziki, «Tournier-Laffite»ren hiztegi hori. Ohartzen nituan hitz ainitz bazirela euskaraz ez nekizkiela, piska bat ez nituan hain fier horretaz.

        Horrekin batera sentimendu biziki azkarrak sentitzen nitian. Hegoaldeko errepresione momentu gogor horiek zitian, Etxebarrieta hil zuten... Baina hori guztia enetako egiten nian, noizteinka publikatzen...

        — Hiretako idazten huen, ez huen publikatzen?

        — Aldizkari batzutan parte hartzen nian... Bai, ez nitian sobera fite. Hiretako egiten duk eta denbora berean beste batzuk irakurtzeko, eta problema hori ez diat trenkatua oraindik. Hainbeste ikusten duk exibizionismo forma bat... Eta exibizionista izaiteko ikusten diat frangotan gezurra behar dukala egin, edo espantua... Ni, funtsean, beti egia erran, horretan nauk.

        — Dena dala, garai haiek oso urruti daude... Azken urte hauetara etorriz, «Maiatz»en sorrerara, ze orain dela bost urte Iparraldeko literatur panorama nahiko basamortua zen...

        — Ez, ez, ez diat uste hori erran behar dela. Badakik, baduk beti segida bat, ikasten dukalarik zerbait, hausturak badira baina beti segida bat harrapatzen duk. Euskal Herriko abertzaletasunean gauza bera duk, forma diferenteekin beti erreibindikazio berdintsuak ditu. Eta literaturan berdin, beti izan dituk jende batzuk izkiriatzen euskaraz. Hemen izan duk beti goi mailako idazte bat bezala, apezek eskutan zutena, dutena ere parte bat oraino, baina guttiago. Eta horien ondokoak izan dituk ere, eman dezagun duela hamabost-hamar urte. Nik biziki klasiko jokatzen nian horrelako euskara, XIX. mendeko liburueri egindako kopia bat bezala.

        (Eta, ezinbestean, Hegoaldearen oihartzuna iristen da, muga baten errealitatea).

        Gero Hegoaldean izan zian boom delako bat eta hor piska bat izutu gaituk Iparraldean. Sentitu diuk kontzientzia politikodun belaunaldi berri bat abiatu dela biziki gogorki, euskara sartu nahiez. Iraultza nahi ziaten euskaraz ezarri, gero iraultza izanen zela ustearekin. Eta ez duk hala izan. Hemen ikusi genuen Hegoaldeko gauzek zailtasun bat zutela guretzat. Eta sentitu diat hemen bazirela forma batzu, Hegoaldekoek ez zituztenak ezagutzen. Gainera, literatura bat edo produkzione bat nahi baduk jendek leitzea behar duk heietarik hurbil izan, nahi edo ez, heien euskalkian doi bat izan. Izan duk ere ordu horretan euskara batuaren arazoa. Eta horiek oro momentu zailak izan dituk, nahiz teorian gauza asko erraiten ziren batasunaren alde, ez gaituk batuak Euskal Herrian, ez dik balio, Iparraldea eta Hegoaldea hor dituk, eta ikusi duzue egun mugan zer pasatzen den, eta Miterrandekin...

        Baduk, uste diat, fekundazio fenomeno bat Iparralde-Hegoaldearen artean literatura mailan: hemengo aberastasunak interesantak dituk zuentzat, zuenak guretako. Ez bakarrik Iparra eta Hegoaldearen artean, beste horizontaltasun batekin, Zuberoa eta Lapurdiren artean, eta Nafarroa eta Bizkaiaren artean. Badituk mugimendu batzuk. Eta hemen nahi baduk eskas ginuena produkzione bat duk. Jende iduriz ahal askorekin —intelektual mailan, jende eskolatuak— badituk, baina hemengo horiek ez die produkzionerik, biziki gutti baizik eta guttiaren huna biziki estimatua zeta Hegoaldean ohartu gaituk. Horiek bildu behar direla, entsegu ainitz izan dituk, «Maiatz»; Itxaro Bordarekin elgarrikuste bat egin nian... Itxaro Borda duk jende bat produkzione haundi bat duena. Bada horrelako jende ainitz, Henriette Aire, emazteak aipatzen diat zeren eta baduk hemen emazte gazte idazle andana bat, Mayi Pelot... Badie zerbait erraiteko. Eta zerbait erraiteko gutizia hori duk biziki inportantea ere literaturan...

        (Eta, funtsean guk galdera egin gabe, buruan izan bai, baina nola formulatu jakiten ez den horietako galdera baten erantzuten saiatzen da Lucien).

        Eta funtsean ez duzue egin galdera, baina literatura zertarako heldu naiz segidan, e? Uste diat besteekilako komunikazioa dela azkenean. Eta elgartasun lotura inportante bat dela herri batean literatura bat izatea. Elgarri zerbaiten erraitea duk, elgar onartzea edo ez onartzea. Gainera, herri baten edertasunaren parte haundia duk literatura. Beti ez duk kultura bat mugatzen ahal, baina maleruski gertatu zaukuna, mugan poliziak hirurehun liburu bahitu zaizkiguk, arma batzuk balira bezala, eta arrazoina die goardia zibilek, arma batzuk dituk herri baten biziarazteko.

        Inportantea duk egia erratea, sentitzen dukana erratea. Eta Euskal Herrian orokorki faltsukeriak gelditu behar ditik, uste diat hori dela gure traba haundia. Erran behar da "apez-literaturan" erraiten die erran behar dena, ez pentsatzen dutena, eta hori duk eritasun bat. Hartako literatur batek ere sendatuko gaitik piska bat.

        (Literatura, idaztea, zertarako izan daitekeen ekite, askotan, zentzugabe dirudien hori. Lucienek ematen digu ikuspegi bat).

        Beti ari nauk jende batzuk idaztera animatzen; errealitateko problemak biziki gogorki bizi ditu jendeak. Eta senditzen direnak ez dituk hire gauzak, beste ainitzek sentitzen dizkik eta ezin erran berdin. Norbaitek ahal hori badu erran behar dik, laguntza haundi bat duk. Literaturaren funtzione bat berdin hori liteke, elgar laguntzea...

        Euskara ere aipatzen ahal diuk. Zeren eta ari gaituk batzutan euskara galtzen ari dela, ohartzen gaituk (ez dakit zuek zein mintzairatakoak zareten) haurtasuneko hitzak desagertzen direla. Ez dik balio nigar egitea gauza batzuk desagertzen direla, denak desagertzen dituk azkenean. Bainan literaturan biziarazten ahal dituk eta hitz batek duen edertasuna beste norbaiti botatzen ahal diok, beste erranahi bat izanen dik eta aberastasun horrek berdin menderez-mende iraunen du, nork daki. Hitz guztien zortea hori duk, ganbiatzen duk eta ibilaldi bat bezala abiatzen duk idaztearekin, ez duk hain hilkor literatura. Egiten dituk zortzirehun liburu, SUSAk bezala, «Maiatz»ek bezala, eta gelditzen dituk batzuk; eta beste batek hartuko dik, haundituko dik parte bat, utziko beste bat. Eta sare, amaraun fin bat sortzen duk Euskal Herrian, euskaldunen artean. Indar haundia duk hori geroari buruz.

        — «Maiatz» xede eta asmo batzurekin jaio zen, orain atera dituzuen aleak eta daramazkizuen urteak ikusita, zerbait lortu duzue? Ikusi duzue giroa animatu egin dela...?

        — Azalezko gauzak eta barneko gauzak dituk. Azalezkoak dituk neurtzen ahal, afari bat egin dugula, hogeitabi jende bildu garela, kontent gaudela... Talde bat badiagu elgar soportatzen duguna.

        Erran behar da, hastapenean badagoela Euskal Herrian batasunaren ideia hori. Euskaraz ari garelako denok konforme jarriko garelakoan... Baina gaurko mendean ideologiazko problemak badira jendeen artean. Badituk bi jokamolde, jende blokatuak eta jende askatuak, edo askatuagoak. Hori baduk, dudarik gabe. Batzutan lazgarri duk ainitzentzat horrelako gauza bati ohartzea, nahi litekek zorion oso bat, baina ez duk batasun horrelakorik...

        Badituk hemen berrogeitamar bat lagun idazten dutenak... Horietan zenbat jenderekin konforme haiz? Denborarekin taldetxo bat sortzen duk. Uste dut, inportantzia eman behar zaiela berrizaleeri, zeren eta gu hemen Iparraldean hiltzen gaituk zahartasunez, konformismoz. Etxe zahar, erakustoki batzutan bezala jartzen ari gaituzte. Beldur nauk ofizializatze eta horrelako gauzetan sartu nahi gaituztelako, irrisku batzu dira, diru laguntza horiekin ditek jende ainitz atxikitzen, baina behar dik libro eta pobre izan...

        — Zeintzu dira elementu berrizale horiek?

        — Gaurko gizarteari frontalki begiratzen diotenak. Jendearen bizimoldean ikusten duk, zein diren beren baloreak... Irekia izan behar dik munduko kultura guztieri, gutxi gurutzatzen gaituk munduko beste herriekin. Parisen egona nauk, eta beste herriekin gurutzatu naizen aldi oro ohartu nauk gu bezala zirela, eta anitz irabazteko dugula besteekin harremanetan jartzearekin. Euskaldunak badiagu gure barnean beldur izugarri bat bakardadeari, bakarrak gaituk euskararekin... Trintxeretako mentalitate bat, horretarik jalgi behar dik, horren efektuak txarrak dituk. Horrelako beldurrarekin hil arazi nahi gaitiek besteek. Eta hortik jalgi behar dik sentituz ez garela bakarrik, mundu guztia gurekin dela.

        — Niri interesatzen zaidan galdera bat, Iparraldeko idazle bezala nola sentitzen zareten Hegoaldearekiko, baztertuak, aparte, seme pobre bezala...?

        — Arras hurbil; piska bat intelektual batzu bezala sentitzen zaituztegu. Zuek badituzue unibertsitateak, eremu haundiago batzu, eta horiek beharbada ekartzen die irekidura intelektual haundiago batetarat. Hor diferentzia bat duk gure artean. Hemen ez duk ikasle girorik, unibertsitate girorik, kalte bat duk. Orokorrago izan behar diagu. Dena dela, auzotasun historikoa diagu, eta historiak badik pazientzia haundia, ez dik beldurtu behar gaurko egoerarekin. Tentazionea diagu kexatzeko, baina badiuk denbora. Problema duk bizia laburra dela, eta bizi horretan ez dugula gauza anitz ikusiko, baina ez duk posible suntsitzea herri bat hain fite. Gainera, kontzientziak irauten dik eta literaturak ere. Eta euskal literaturak euskarari lotua.

        — Orain «Maiatz»en liburuak ateratzen hasi zarete, horrretan Iparraldeko idazleek bazenuten gabezia edo oztopoa liburuak ateratzeko, ezta?

        — Ez duk berritzapen bat hainbeste. Duk oharpen bat testu asko errezibitzen ditugula eta batzutan luzeegi direla artikulu bat egiteko, eta liburutxo forman ateratzen ditugula. Lehengo egunean pentsatu genuen balio duela norbaitek liburu formatoko gauza ttiki bat agertu duelarik, bere burua idazle sentitutzeko. Eta prezeski ainitz jendek bere burua idazle sentitzen badu, idazle onen eta txarren, ospetsuen eta besteen arteko muga hautsiko duk. Ez dik diferentzia haundiegirik egin behar. Agian, ahal balitz, norbaitek nahi balu zerbait izkiriatu euskaraz, sendi baleza, «to! horiei igorriko diet ene testua, ez diat problemarik izanen, jalgiko die aski aise, eta berdin laguntza bat izanen diat horiekin denborarekin», hori liteke guretzako biziki interesanta.

        — Hor aipatzen duk idazle on eta txarren arteko diferentzia...

        — Definizione oso zera duk, zeren hemen euskaraz ongi ala gaizki idaztea izan duk beti iduriz gramatika problema bat. Hemen lehen ez zen posible kritikatzea norbait, zeren eta erraiten bahuen «liburu hori txarra da», pentsatzen zian ez zakiela euskaraz idazten. Uste diat gauzak lantzen badira ikasten dela. Idazlea langile bat duk eta langile bezala kontsideratu behar dik, eta badituk langile onak ala txarrak. Ez diat halako mitifikatzerik gustoko. Gauza normala behar dik izan, norberaren bizitzaren parte bat izan behar dik idaztea, kantatzea bezala, eta lagunekin mintzatzea, (eta berdin ni hemen mintzarazten nauzue, ez dakit ze esperantza duzuen, atsegin diat gauza batzutaz mintzatzea, sentitzen bait ditut). Ofizio bat duk eta gainera kreazione lan bat. Bakoitzak bere bizian kreazione neurri bat ezartzea biziki inportantea duk. Atrebitu egin behar gaituk, Euskal Herriko eta mundu guztiko problema da. Atrebitu behar gaituk ez munduaren jasaitera, bainan munduaren bizitzera, neurri guztietan, politikan, mintzairan... Nik horrela ikusten diat... Stop piska bat?

        — Bale...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.