L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Tximeletek ez dute gauez irteten Santa Felician

 

Iñigo Marzabal

 

euskaratzailea:

F.J. Mendiguren

 

Badira itsaso eta ozeano arakaezinak eta, bere artean, irla polimorfiko eta  multikolore anitz, non idolatratzen duen urruntasuna jabaldura ferdeak; non silfide eta gnomoak nahas-mahasean elkartzen diren desarrazoiarekin, mesprezu eta zurrumurruengandik ihesi apika, apika gauean murgiltzeko beldurrez.

 

Gauza bakar batek irtenarazi dezake Sirki Nanda bere ohizko egoera kontenplalari-abstraktibotik: giza odolak.

        Giza odol usaina ez da atsegina; gozoegi eta melenga da. Bizkarmuineraino barneratzen zaizu eta, han, hezurren barne paretetara itsatsi eta gero, zail da bere sorginkeriagan ez jaustea. Gizona odolustutzearen ekintzaren sublimazioak zeraren birbaieztapena suposatzen du, mundu errealarena —begira izpiritualeko unetan izkutaturik—, non gizakia den bezala aurkezten zaigun, doilor edo gailen, baina nolanahi ere supragizona, pertzepzio multzoek osaturiko gezurrezko errealitatearen aurka.

 

Tam-tam soinuak yagruma hostroak kolpatu eta errauli loreak sodomizatzen dituenean, kirru zurixkek burutuezinezko ametsen aterpe izateari lagatzen diote. Enbor hutsaren doinu etenak ezin du esanahi bat baino ukan: jana.

 

Aurretik izarrekin paktu egin ezean ez dago Santa Feliciara heltzerik. Campituchat-etik barku bidaia ordu bakan batzutan burutzen da; gau batean. Egunez, udaminak urratu egiten ditu saiatzen direnen izpirituak; erraiak usteltzen dizkie, egarriak zoraturik hil arte edanen duten odola pozoinduz.

 

Sir Richard Polock zuela sei hilabete t'erdi lehenengoz argia ikusi zuen hiriko portutik abiatua zen, nia ezkontziente kolektibotik aldentzen den bakoitzean urrikigabeki sortzen den itsaso formaniztun horietakoren bat etenkorki jazten duen irla ugaritakoren baterantz itsasoratu zen misioaren berri bila.

 

Eguzkiak lehendabizikoz egin zienean kosk guayabei, Sor Maria Crucifixiokoak orbelezko ohantze epela utzi zuen bere ebangelizatze lana, beste egun batez, betetzeko gertu.

        Bata bestearen atzetik, guarabek izarren begibistatik jeloskor gordetzen dituzten lore xamur guztiak jauntzen dira, lizunki, lehen eguzki galden aitzin; tomeginaren kantuak alde batetik bestera parkurritzen du uhartea eta, uhin berriki gorrien orroearekin nahasiz, eskeintza gisa altxatzen da araukarien kukula gorenetaraino; itsas haizetxo emeak, oraino hozkirri, bizitzara jaiotzeko ausardia duen oihan atomo bakoitza xeratzen du bere lurrin leunaz ....

        Zoin eijerra den egunsentia Santa Felician.

        Arestiko gauean, estalketa zeremoniari hasiera emon, eta kometa eta izar lokak pertseida eta artizarren begirada adipean Hidraren faboreak erdiestearren lehiatzen zirenean, Santa Feliciara heldu zen Polock.

 

Jainko izaitea gizaki oroz, on eta gaiztotasunaz gain kokatzea beste da. Ez datza ezagutza maila gorena iristeko analisi eta abstrakzio prozesu intuikor batean, ziurtasunaren —ez egia aldakor eta iraulkorraren— jabe izatean baizik. Ez da izaten ezta arbitro ere. Hain da ziztrina giza existentzia ezen hasperen batetan kabitzen den; hargatik, gizakumeak egin lezakeen oro aidean lorratz bat bezain hutsala dateke.

        Jainkotasun honengandiko galgarik hurbilena, diotenez, saindutasunean kausitzen da; eta berau, lurtiar den guztiarekiko erdeinuan. Edo hala uste zuen bederen lady Diana Blacknight-ek Kristoren ildoari atxekitzeko senar eta goi mailako posizioa utzi zituenean.

 

Aspaldi galdu zuen Sor Maria Crucifixiokoak irlara iritsi zenetik igarotako denboraren kontua. Baina begira gauetan, loa uxatzeko printzipio bital bakoitzekiko lotuneak oro eteten dituenean, oroitzapen aldanek bereganatzen dute bere izate osoa. Orduantxe pasatzen zaizkio begiaurrean Aita Antselmorekin batera Santa Felician desitsasoratu zen eguneko irudiak. Antzeman dezake oraindino ñabardura bakoitza, erritu dantza eta kantuz harrera egin zieten indigena haien keinu bakoitza. Eta guzti haien artean eta gainean, bera. Bera. Madarikatua zu betirako... Sirki Nanda.

 

Heriotz eta fede; presentzia eta ahalmena. Behiala bako gauetatik kausarik gabeko kausaren, aitzin-aitzineko kausaren bilatzea pentsamenduaren eta, beraz, bizitzaren bilakaeraren eragingarrietariko bat izan da. Sirki Nandaren bizimodua gobernatzen duten ohiturak hertsiak dira oso honetan. Errealitateaz, inguratzen duenaz duen ikuspegia besteena ez bezalakoa da. Bakoitzaren errealitatea osagabea da, axalez azterkaitza den osotasun baten alderdi. Eta horregatixe, hain zuzen, behar du Sirki Nandak hasierara itzuli. Odola. Hori gabe ezingo luke inoiz atzera eman.

        Norbera bihurtzen da bere buruaren borrero, bere buruaren jainko. Bakoitzak egiten du bere bizitzaz paradisua. Infernua.

 

Hogei urte baino gehiagotan zehar eta bazkalordura arte, Sir Richard Polock-ek ez zuen izan egunero burtsako kotizapenak irakurtzea beste eginkizunik. Ailegatu ohi da bizitzaren mementu bat non gure usadioak ezkontzienteki neurtu ondoren, haietako batzu gure existentziaren estigmatzat hartzen ditugun. Hartatako, bere errotikako zamaz askatu behar lehenik, egintza mekaniko, zerebral, aseptikoa bihur dadin. Hargatik, andreak erlijio ordena batean sartu nahi zuelako bere abokatuek dibortzioa lortzeko tramiteei hasera emana zietela esan zionean, ixilik geratu zen eta, zalantza instant baten ondoren, bere kotizapen buletinaren irakurketari, ixilean, jarraiki zitzaion.

        Geroztik saiatu izan da imajinatzen zer gertatu zatekeen bestea entzun beharrean kolpatu balu eta lurrera bota, gelan zehar iletatik tiraka erabili izan balu.

 

Gizonaren ziluetak azken etxola atzean utzi zuenean, zozoak mitxoletak iratzartzen hasi eta gauaren itzalak deusezan izkutatzen ziren. Mango basoan barruratu aurretik gibelerat itzuli zuen soa; inork ez zion segitzen. Denak trankil zirudien. Lats batetara zeraman xendra bihurri bi tetan barneratu zen. Basoaren abarrarteak iluntasunera bihurtu zuen. Haztamuka eman zuen zenbait urrats begiak gerizpean ohitu arte. Errekastora iritsi zenean azkenik, mendebalderantz bideratu zituen pausuak, hamairurarte; han, sasi batzuren azpian gorderik, larruzko zakutto bat zegoen.

        Osorik biluztu zen sikomoro loreek une batez bere soinaz goza zezaten utziz. Larruzko zakuttotik objetu distiratsua erori zen, basoaren gerizpeko unibertsoaren inmentsitatea gurutzatzen duen kometaren antzo. Arreta biziz jaso zuen bi esku artean eta buruaren gairietik altxatu, otoitz bat kantatuz ostean.

 

Sor Maria Crucifixiokoak ere bazeraman tartea danborren hotsa entzunez. Ezaguna zuen kadentzia hori. Oso aspaldi, fray Antselmoren heriotzarenekoan entzun zuen lehendabizikoz. Ordurako ohartua zen Sirki Nandak ez zuela sekulan hitzik egiten. Berba ez dela deus edota, behinik behin, ez dela dena sumatzen duelako akaso. Izotz eta suzko begion atzean —kontraesankorrak, Santa Felician oro legez— ez da inolako sentimendurik izkutatzen. Heriok ez du sentitzen.

        Gau hartan garaiz oheratu zen, beti bezala. Aita Antselmo misioaren portxe kaxkarrean jezarririk geratu zen. Danborrek loa galerazten zioten. Kanpora irten zuen. Orduantxe ikusi ahal izan zuen nola egiten zion errierta aita Antselmok guztiz biluzturiko figura bati, zeinaren eskuin eskuan, oldoztu zuen, izar bat pausatu bait zen. Bat batean, altxatu zuen itzalak besoa, argitsu, eta kolpe bakar batez fray Antselmoren burua gorputzarengandik bereizi zuen. Erortzen utzi gabe, sastada batez sabela ebaki zion. Belaunikatu zen eta gogotsu edaten hasi zaurietatik dzartalahara oraindik bero ateratzen zen odola.

 

Sir Richard Polock-ek andrea izandakoaren hila abiatzea erabaki zuen egunean, ez zuen imajinatzen agian sirenek bakarrik ezagutzen duten irla batera itsasoak karkaisa gisa botea izanik bukatuko zuenik.

        Ahiturik, eltxoek jana, aurreko gauean itsasoak irentsitako tripulazioaren patu bera desiratu izan zuen une batez bere buruarentzat.

        Oihanean barneratu zen. Tam-tam urrunak bakarrik ez zegoena adierazi zion.

 

Polliki hurbildu zen, oso polliki. Sirki Nandak, oraino gorpu indargearen aitzin belaunikaturik zirauenak, eskua luzatu zion. Irribarre sakonak aurpegia zeharkatzen zion. Sor Maria jabetu ahal izan zen jainkoa, egia, ez zeudela horren urruti.

 

Usaina. Odol usaina. Hau beroa. Ezin ditut arropok agoantatu. Egarri naiz. Zein esku pollitak dituzun. Emaidazu edaten berton.

 

Heriotza ez da laberinto bat baino, zeinaren barrutik oso gutxik dakien irteten.

 

Ametsari aurre egiteko halabeharrak begiak, bata bestearen atzetik, astunki ireki erazi zizkion. Astiro zutitu zen. Eskuez estali zuen begitartea malkoek, matrailetan labainduz, ez zitzaten jaustean ximel bere petalo multikolorez eguzki berria arraiki agurtzen zuten loreak. Larru gorritan, estropuzka abiatu zen misioaren etxe aldera, oilotzarrek fray Antselmoren hondarrez beste egiten zuten bitartean.

 

Danborren zurrunbada entzungorra, piskanaka, habarrots burrunbatsua bihurtua zen. Nerbioso, pertsegitzaile edo pertsegitua zenentz jakiteke, korrikari eman zion. Maki, basarte batetara heldu zen. Zuhaitz baten enborraren kontra jarrita egon zen apur batean, begiak erdi hertsirik, behatuz nola eguzki ñiñarrek, arbolen kukula zarratuen artean sartuz, burdinsare argitsuzko kaiola ziruditen.

        Gertu zen segitzeko, hunkiturik. Derrepente, zuhamuxka batzuren artetik, itzal antzeko bat jalgi zen, gizon bat larru bizitan. Polock-ek irribarre bat eskeini zion. Geldiro gerturalu zitzaion oso. Izotz eta suzko begiak, pentsatu zuen.

        Instant batez jazo zela dena. Tximistargi bat sortu zen gizonaren eskutik eta lepoa zehartu, sorbaldaren gainean justu. Ez zuen inolako oinazerik sentitu. Erortzen zen bitartean andre bat, biluzia hau ere, sastraka artetik irteten zela begiztatu zuen. Bere gainera etorri zitzaion. Sabel inguruko tirakada bortitzak gorputz osoa astindu zion. Ez dirudi irla hauetakoa, bururatu zitzaion azkenik.

        Odolak begiak lausotu zizkion eta inguruan hedatuz joan. Baso eta oihan zeharkatu zituen; haran eta abelbideak, zelai eta amildegiak parkurritu. Muino gorenetara igo eta zulo sakonenetara jaitsi zen. Herrixkak estali zituen eta sigi-saga ibili labar harkaitzutan ozeanoen urekin nahastu arte...

 

Eta eguzkiak uste izan zuen itsasoa zuela ispilu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.