L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Nola bukatu behin betirako literatur lehiaketekin

 

Patxiku Txiki

 

        Ez dut irakurria nire lantxo honen izenburuaren antzekoa duen Woody Allenen liburua. Eta ez dakit liburu horretan neroni formulatzera noana idatzirik ote dagoen. Asmaketa eta inbentoen munduan maiz gertatu ohi den zalantza berberan jauzia nauzue. Argazkimakina asmatu zuenak, duda egin zezakeen, noizpait, beste norbaitek une horretantxe, edo okerrago, astebete lehenago, lorpen berdina egina zukeelako; edota argindarra asmatu zuenak; edota penizilina; edota matematikazko formula konplexuren baten asmatzaileak ere.

        Hori, asmatzaile horiek, inbentore onak izan ezik diruzale izatekotan. Nire asmakizun hau, arestian aipaturiko horiek bezain ongarria izan daitekeelakoan, ez naiz tristatzen norbaitek dagoeneko asmatua badauka. Alderantziz, niri baino pertsona gehiagori bururatu bazaio proposatzera noana, arras poztuko nintzateke, zeren eta teoria orok bezala, nireak ere praktika eskatzen du, ez du piperrik ere balio praktikarik gabe. Eta hori eskatuko dizuet.

        Nigan ohizkoa den legez, autobiografia apur bat egin behar dut, nire asmakizunaren muinera nola ailegatu nintzen esplikatzearren. Pasadizu hauek aspergarri gertatuko zaizkizuen beldur bazarete, zinez diotsuet, irakurri gabe salto egin, eta jo zuzenean azkenaldeko paragrafoetara. Besteentzat, hona hemen literaturaren onerako, bereziki euskal literaturaren onerako, burutu dudan teoria honen formazioa.

        Txikitan zozolo samarra nintzela aitortzeak ez dit batere lotsarik ematen, eta apika oraindino naiz zozolo samarra, baina hori gaitz hedatua da gizakiongan. Beraz, nire ustez, txikitan zozolo samarra nintzen. Eta adiskideek, fabore egiten zidatelakoan, ez esateaz gain, ezkutatu ere ezkutatu egiten zidaten errealitate krudel hori: «Zein azkarra haizen!», manifestatzen zidaten sorbaldan kolpe maitagarriren bat emanez; eta noski, zozolo samarra nintzenez, ez nintzen beren irribarre estrainoaren esanahia identifikatzeko gai. Ez nuen ironiaren boterea ezagutzen, ironiaren anbiguitasunak eman ohi duen abantaila apreziatzen, zeren, segidan, poltsikotik ogerleko batzu atera eta marrubizko eta mentazko karameluak erosten nizkien lagunei, erabat emozionaturik.

        Adiskideen laudorioen zentzua ulertzen hasterakoan uzkurtzen eta iluntzen hasi zen ene begitartea, eta etxeko ganbaran gordeta ematen nituen orduak, dagoeneko asma dezakezuen bizioari mugagabeki entregaturik: idazteari. Zuetako asko hasia da urrikaltzen, seguruasko, arestian marrazturiko egoerarekin identifikaturik sentitzean, eta horixe zen nire asmoa. Niri gertatu zitzaidana zuetako askori gertatu zitzaiolakoan bait nago. Zuetako askok bezala, nire hertsialditik kanporatzeko modu bat, ezagutzen nuen bakarra bestalde, bururatu zitzaidan eta. Literatur lehiaketetara aurkeztu nituen gelako ilunean ekoizturiko folioak. Literatura esperimentaleko folio guzi horien irakurle bakarrak epai-mahaietara agertzen diren idazle bihotz onekoak izan ziren. Ez nuen eta, sariketa batetan egindako aipamen berezi bat ezik, inolako saririk eskuratu, ez eta nire lanak publikatzerik lortu.

        Ni bezalako beste «piztiak» nola ezagutu nituen narratzea literarioegia eta sineskaitzegia litzatekeenez, zera besterik ez dizuet esango, ezagutu egin nituela, eta garagardozko mozkorralditan batak besteari makina bat arrenkura, mendeku gogo eta tristura kontatu geniola. Urte pare bat igaro genuen egoera horretan, mihiari gustu emanez, egoera kritikatuz, baina ekintzetara sekula iragan barik. Horregatik lagunetaz etsitu eta nire gelan herstea erabaki nuen ostera, harik eta gure praktikarako taktikaren bat asmatu.

        Nire azterketa analitikoa eta deduktiboa izan da, goitik behera eta behetik gora zientziak irakatsitakoak aplikatu nituen literaturaren praktikara. Ekonomia eta politika saretu nituen nobela eta poesiarekin. Eta orduan —badakit oraindik ere zozolo samarra naizela, baina niretzat aurkikuntza paregabea izan zen—, bai aurrezki kutxek eta bai udaletxe edota gobernuek sari literarioak zergatik antolatzen zituzten deskubritu nuen: higiene arazoengatik (prestigio, kultura, eta kultur jendea laguntzen dutelako itxurak egitearren, baina hori soilik: itxurak). Hain argi dago, ezen ez nuen konprenitzen beste idazleek nolatan ez ziren horretaz ohartu, eta ohartuz gero nolatan ez ziren zerbait egitera deliberatu. Kolegak ditudanez, zaituztedanez, idazleok, zuentzako desenkusa piloa bilatu eta aurkitu nuen: ospearen beharra, norberaren lana publikoki goraipatua izateko modu erraza, dirua, bizibeharra, bidaiak egitea ez dago txarto, edota zorrak ordaintzeko bide berri bat, gure lanaren ordaina izan zitekeela ere pentsatu nuen.

        Baina, guretzat, idazleontzat, lehiaketa horiek guztiz kaltegarriak zirela deliberatuz, mehatxu horretaz libratzeko zerbait egin behar genuela, protesta egin behar genuela pentsatu nuen. Literaturarentzat dirua emateko asmo ona erakutsi nahi badute, erakus dezatela beste era batez, bana dezatela «zor» diguten diru hori beste modu batez. Ohartuko zarete arazoa ez zela erraza, egoera horri erantzun bat emateko, «mundu berri» bat, egituraketa berri bat eskeini behar zen, eta nik ez dut utopiarik, ez dut soluziobiderik. Ez nuen alternatibarik literatur lehiaketentzat.

        Horrek dezente etsitu ninduen. Eta berriro ere nire adiskideengana jo nuen, haiekiko hizketaldiek argiren bat ekarriko zidatelakoan. Aste baten buruan; lehen lehenik gure ezadostasuna agertu behar genuela erabaki nuen. Gero gerokoak. Literatur lehiaketen formula ez zitzaigula atsegin esan behar genion mundu zabalari, ez geundela ados, sariketa horiek sortzen zuten dinamika eta zapuztearekin. Eta «boikota» hitza gardenki marraztu zen ene gela iluneko orma batetan. Baina argitu bezain pronto ezabatu zen, beti ere egongo zelakoan idazleren bat lehiaketetara aurkezteko prest, gorago aipaturiko arrazoi-desenkusa horien kariaz.

        Beraz, ekintza suizida (komatxoen artean) zatekeela onena iruditu zitzaidan. Hau da, sariketetara aurkeztu, baina, itxitako sobrean izena jarri beharrean, paper zuria besterik ez sartu. Hau da, sariari uko egiteaz gain, obraren jabego intelektualari ere uko egitea. Eszena imajina nezakeen, kazetariz inguraturik, epai-mahaikoen bozeramaleak sobrea ireki, eta paperean ezer ez ikustean, buelta eman, ezertxo ere ez, begiak igurtzi, eta harridurak aldatutako ahotsez: «ez du ezer jartzen..., ez da posible», esaten. Flash, flash, komentarioak, zurrumurruak, nork egin ote du, norena ote da obra, ahaztu egin zaio izena jartzea, sobrez tronpatu dira, etabar, etabar...

        Pozik nengoen asmakizunarekin, eta horrek gure deskontentua erakus zezakeela iruditu zitzaidan... Bai, beti dago baina zerbait... Zerbait falta zitzaion behar bezain eragingarria izan zedin. Horrek eroen lana zela pentsatzeko bidea ematen zion jende askori, eta ez zen hori nire asmoa.

        Bide horretatik abitaturik bururatu zitzaidan nire asmakizunari falta zitzaion azken engranajea, bonbaren espoletaren lana egin zezakeena. Eta orduan beste eszena bat irudikatu nuen: Xabier Gamartetxea, epai-mahaikoen aldetik mikrofonora hurbiltzen da, eta ahots sendoz manifestatzen du: «Eztabaida luzeren ondorioz, azkenean ados jarri gara, nolabait esateko, ze gure arteko batzu ez daude oso konforme; hala ere, botazioak, eta demokraziak, agintzen du, eta nire ustez nobela honek benetan meritu artistikorik badu, narratzeko era elegante honek idazle saiatu eta langile baten ezpala adierazten digu. Hartu duen gaiari eman dion jitea ere ez da alde batera uztekoa, eta ene aburuz, sariketa honek ematen duen milioiaren jabe inolako lotsarik gabe egin daitekeen idazlearen aurrean gaude. Ondoren ezagutuko dugu bere izena...». Betaurrekoak ateratzen ditu, kolokatzen, sobrea hartzen, apurtzen du albo batetik, ateratzen du kuidado haundiz tolesturik dagoen orria, zabaltzen, eta emoziozko ahotsez, eta esaten duenaz ohartu gabe, irakurtzen du: «Xabier Gamartetxea». Akabua.

        Eszenaren epilogoa zuen kontu. Nire ideia honekin hurbildu nintzaien adiskide idazleei, eta zuei kontatu bezala kontatu nien. Eta norbaitek hau ipuin bat zelakoan irakurri badu, zera esan behar diot, ipuina baino gehiago zientzia fikzioa dela, baina Verne jaunak ere orain zientzia fikzioa ez dena idatzi zuela gizakia ilargira iritsiko zela profetizatuz. Eta eraberean, nire adiskide asko ari dela lanean. Orain sikiera, beren gustoko ez diren lanak idazten badituzte ere, badakite behin betirako literatur lehiaketekin bukatzeko asmoz ari direla lanean. Nobela, ipuinak, poemak, saioak, denetarik pilatzen ari gara, alkilatu berri dugun fotokopiagailuaren alboan. Hurrengo prozesua erraza da, epai-mahaikoen izenak jakin, lanak igorri, loteria erosten den legez, eta itxaron, noizpait egingo bait du eztanda lehergailuak. Eta ez da broma, mehatxua baizik.

Hala bazen,

eta hala bada:

ojala!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.