L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal literatura eta iraultza, eman dezagun

 

        Halako asteazken batez eta Euskadi alaitsu eta borrokan kementsu kanpainaren barruan, mahai-inguru interesgarri bat eskaini zen Donostlako Udal Liburutegiko lokaletan. Eta interesgarria diogu, aldez aurretik erakusten zuenari kasu eginez, batik bat. Txillardegi, Patri Urkizu eta Joxe Auxtin Arrieta ziren hizlari, Josu Landaren moderatzaile-paperaz, eta aldez aurretik espero zitekeen interes hori azkenerako apur bat kamuztua gertatu zela aski sentimendu jeneralizatua izan zen, eta ez Egineko kazetari begioker batek hain modu sinplista bezain erratuz adierazi zuenagatik (guztiak adskripzio politiko berekoak izateagatik), gure ustez gaiari alderdi bakarretik baino ez ziotelako heldu baizik, antolatu izan diren beste hainbat mahabinguru nahiz elkarrizketetan heldu ez zaion bezalaxe.

        Ondoren, beraz, hiru hizlari horiek esan zutenaren transkripzioa eskainiko dizuegu, dokumentu gisa baliagarria delakoan eta haiek mintzatutako ordenu berean. Finean, geure kasa moldatutako ohar batzu argitaratzen ditugu, gure ustez gaia hobekiago enfokatzen lagundu dezaketelakoan.

 

        Txillardegi

        Bueno, nik ez dut idatzirik ekarri, uste bait dut askoz biziago gertatzen dela horrela hitzeginda.

        Nota batzu besterik ez ditut egin, beraz. Nik esango nuke hasteko beste lanbidetan —gauza ezaguna denez— posible dela (nolabait esateko) pribatutasuna. Eman dezagun, fisiko batek edo mediku batek... horrelako pertsona batek bere lanbidean ez dauka halako publikotasunik. Eztabaida liteke bere ideiek eta bere jarrerek noraino duten inpakto publikoa, edo inpakto politikoa.

        Idazle baten kasuan, halere, ez da horrela gertatzen. Idazle batek ideiak erabiltzen ditu eta, noski, ideiak erabiltzen baditu hauek kanporatzeko izaten da, nolabait esateko. Idazlea berez bere lanbidean besteentzat ari da, eta noski pentsa liteke batek egin dezakeela lan bat beretzat pribatuki —eta zenbait kasu famatutan gertatu izan da—, baina normalean gauza horiek kanporatzeko izaten dira. Eta kanporatzeko baldin badira, horrek esan nahi du idazlea berez dela izadi publikoa. Niretzat hori oso inportantea da beste lanbidetan ez delako hori gertatzen.

        Euskal idazlea, nahi ez badu ere, zapalketa giro batetan bizi da. Hori ez dugu dudan jarriko: gure herria zapalduta dago, eta zapalketa hori beti aipatzen diren bi maila horietan ikusten da oso argi: herri honi bere indar politikoa ukatu zaio, eta herri honi bere fruitu eta ondorio ekonomikoak ere kendu egin zaizkio. Zapalketa bikoitz hori hor dagoela, euskal idazle batek idazten du beti kontestu horren barruan.

        Idazle batek, beraz, lehenengo hautaketa hemen egin behar du: euskaraz idatzi ala erdaraz idatzi. Hori ez da neutroa, oso ondorio politiko nabarmenak ditu. Bi hizkuntza horiek ez daude gaur egun maila berean eta beraz hizkuntza batetan edo bestean egitea oso diferentea da: kasu batetan inperialismoaren hizkuntza onartu eta bultzatzen da, eta bide batez bertako hizkuntza zokoratzen da, eta bestean alderantziz, herri zapaldu honen hizkuntza hartzen da eta inperialismoaren hizkuntza baztertzen den momentu beretik beste bide politiko bat hautatzen da, hortaz neutraltasunik ez dago.

        Hor daude beraz espainiera hautatu dutenak, horietaz esan beharrik ez dago zein bandoa hautatu duten, eta besteez, euskaraz zergatik idazten duten ez dakitela esaten duten besteez, zer esango dut?, nik benetan ez dut ulertzen.

        Hizkuntza batetan edo bestean idatzi, hori zen lehenengoa, eta orduan azaltzen zaigu bigarren galdera: zer idatzi? Honetaz eta guk bizi dugun zapalketa giroan, eta giro hau ez daukat esplikatu beharrik, hemendik atera besterik ez dago aviekin eta horiekin topatzeko, ba, giro honetan esatea «ni istilu horietatik gainean jarriko naiz», hori, «goitik» hitz egin edo idatzi, hori nagusi denak egin dezake, baina zapalduta dagoenak ez dauka egiterik, ez baldin bada tximukeria hutsean.

        Hortaz hemen idazten duenak edo idazten du zapalduta dagoen herri honen aldetik, hau da nik idazle batek egin beharko lukeena uste dudana, edo bestela esaten badu, badakigu zer den, azken finean horiek zanpatzaileen jokua berritzen dute, horrek daukan ondorio guztiekin. Sartrek idazle horietaz esaten zuen «ce sont des amuseurs», nolabait esan, dibertitzaileak dira; pailasoaren funtzioa betetzen dute, jendea dibertitzen dute, dagoen problematika izkutatzen dute eta kontradikzioak disimulatuz status quoren alde lan egiten dute. Ez dira neutroak baizik eta «eskuineko apolitikoak» esango genuke.

        Hori kasu batzutan; bestetan gertatzen da idazleak bihurtzea agintea dutenen morroi leialak. Orduan idazlea ideologia nagusiaren portaboza bilakatzen da.

        Idazle batek zer egin beharko luke orduan? Nire ustez dagoen injustizia salatu beharko luke. Poliziaren salakuntza egitea normalago da, orain egin behar da erreformaren salakuntza ere, erreformaren gezurraren salakuntza, ondo dakigu eta zer den honezkero. Beraz hemengo idazle batek ezker abertzalearen ikuspuntua hartu behar du nire iritziz.

        Orain, betiko problema dator, ea jokabide iraultzaile hori obra guztian ikusi behar den edo gizonaren osotasunean ikusi behar den. Nire ustez osotasunean askoz errezago da hori ikustea, zeren bestela gertatuko litzateke idazleok eta eman dezagun artistek posizio desberdinak izatea, esan nahi dut: eskultore edo margolari batek noraino egin dezakeen lan iraultzailerik, askotan ez da garbi ikusten; badaiteke idazle baten nobela batetan ere garbi ez ikustea, zeresanik poesia batetan, orain obraren osotasuna eta pertsonaren osotasuna hartuta jokabide hori ikusi behar da.

        Gero beste problema bat aipatu behar da, zer harremana izan behar duen idazle batek, intelektual batek, indar politikoekin, partidu politikoekin. Politikariak nolabait esan jokatzen du plano taktiko batetan, idazleak berriz jokatzen du askoz estratejikoago, hortik sortzen diren kontradikzioak onak izan daitezke, baina praktikan nahiko zaila izaten da, hor aipatu daitezke nik aspaldidanik eredutzat izan ditudan bi autore famatu, Sartre eta Bertrand Russell, biak ere beti indar politikoekin problema handiekin ibili zirenak. Zergatik?, ba idazleak eta politikoak planteamendu desberdinak dituztelako, epe desberdinetara jokatzen dutelako. Orain, nik uste dut kontradikzio hauek aberasgarriak izan daitezkeela, eman dezagun Sartrek PCrekin hartu zuen posizioa, hori oso sintomatikoa izan zen, ez dut uste kaltegarria denik, berez.

        Organizazio politikoak guztiz beharrezkoak dira. Ez du sentidurik idazle batek «bueno, ni iraultzaile naiz» esatea eta gero partidu politikoetatik aparte jartzeak. Nire ustez Euskal Herrian ere idazle garenok eta iraultzaren alde gaudenok militatu egin behar dugu; nola? Hor problema latzak datoz, disziplina problemak eta abar, oso oreka zaila da.

        Nik esango nuke bukatzeko hemen idazle batek bere herri zapalduarekin bat eginda lan egin behar duela, iraultzaren bidetik lan egin behar duela, eta farsante guztien salaketa etengabea egin behar duela eta hori ez da erreza zeren farsanteen kopurua izugarri handia delako.

 

 

        Patri Urkizu

        Ez dakit zer esan dezakedan hain ondo eta hain ederki esan bait ditu Txillardegik esan dituenak bai euskal literaturaz eta bai iraultzaz. Gainera ia ez dut ezertxo ere idatzirik ekarri eta hitza berehala Arrietari pasatuko diot.

        Lehenbizikoz errepasu txiki bat emango nioke euskal literaturaren historiari, nola Detxeparek XIV. mendean idatzi zuen lehenbiziko euskarazko obra, nolazpait abertzaletasunak edo Jon Mirandek esaten zuen bezala sorterri-zaletasuna eraginik eta bultzaturik egin zuela bere «Lingua Vasconum primitiae», hau da, euskal poesien bilduma eder hura. Zer helbururekin? Esan bezala bere sorterriaren maitasuna zeukalarik eta garaiko zenbait mitoen kritika razional bat eta objetibo bat erabilirik, eta nik uste dut hori oraindik ere balio dezakeela, hau da, idazleen helburua behar du izan bere hitzen eta bere liburuen bitartez eta hitz bakoitzak tiro bat izan beharko lukeela-edo esaten zuen bere momentuan Sartre aipatuak, mitoen kritika razional bat edo irrazionala zenbait momentutan irrazionala erabiltzen delako literaturan beste edozein arte mugimendutan bezala; eta, zertarako? Ba, kritika horrek, desegite horrek, egingo duelako, noizpait eta nolabait eta horren bitartez literatura horren gozamenez eta gainera razionalitate horren bitartez gizartea desalienatu askeago, bilakatu egingo du eta gizarte osatuago eta zoriontsuago bat egingo duelako.

        Baina badago bestetik hori lortzeko nondik edo norabait abiatzeko bide beharrik, eta esan dudan bezala Larramendik, ikusirik konkretuki Euskal Herriaren egoera, bere koreografian, hauxe esaten zuen: «non da, ordea, elkarte hori? (elkarte bat Euskal Herria benetan salbatzeko eskatzen zuen); nagoan isilik; nere min garratzena da, are, estakuskula honetatik darraizkun kalteak eta gaitzak (elkarte hori ez edukitzeagatik); eta dirudienez ezagutuko ere ez dugula ditugun on pixkak galdu ditzagun artean». Eta on pixka haiek mendez mende polliki polliki galtzen joan ziren, bai hegoaldean eta bai iparraldean, eta iparraldean, esate batera, iraultza frantsesaren ondorio ere, hala gertatu zelarik Duvoisin kapitainak honela idazten zion 1879. urtean irailaren 6an Felipe Arreseri: «Gertatuko zaizue zuei guri gertatu zaiguna; lehen, gure aitek ez zuten uzten frantses aintzindariak beren biltzarretan sartzera, eta gure fueroak galduz geroztik ez dugu frantses aintzindaririk baizik ikusten gure egiteko guztiak haien eskuetan daude eta manu guztiak haiengandik ditugu. Ez zarete oraino galduak, hurbil bai baina lau probintziak bat egiten bazarete oraindanik ordu onerako hori duzue altxatzeko bide bakarra, diot, oraindanik, zeren holako batasun bakarraren egitea ez bait da egun bateko lana, urrundanik egin behar da».

        Larramendi eta Duvoisinen izenak aipatzearekin ere aipa genezake beste asko eta asko, eta batez ere XX. mendean bai literatura eta bai iraultza hautatu dituztenak, aski ongi, eta exenpluak ugari dira.

        Gaurko egungo euskal literatura aztertzerakoan ere izenak ere aipa genitzazke eta tamalez hemen ez daukagun bat, Joseba Sarrionandiaz ari naiz, eta nik zer esan dezakedan bi gauzak nola uztartu ditudan nire obretan, ba hobe da hori zuen eskuetan, zuen iritzian uztea, irakurtzen baldin badituzue.

 

        J.A. Arrieta

        Egia da, ez dakit deformazio profesional edo amateurragatik idatzita ekarri dudala neure roiloa, badakit nahiko hotza gertatzen dela baina egokioagoa iruditu zait, edo esan nahi nituenak horrela garbiago gelditzen zirela edo, dena dela gero elkarrizketarakoan izango dugu hozmindura hori berotzeko egokiera.

        "Euskal literatura eta iraultza" izendatu dut hau, eta honela subtitulatu dut: "edo bai, baina ez, baina bai".

        Gai erakargarria benetan gaur bildurik gauzkan hau, makina bat tonelada tinta isurarazi eta hamaika neurona gastarazitakoa. Erakargarria bezain zaila ordea. Izan ere, zer du zerikusirik literaturak, hots, gizabanakoaren adierazmenean ardazturiko ekintza batek iraultzarekin, hau da, gizarte baten egitura eta bilakaera aldarazi nahi duen prozesu kolektibo batekin?

        Lehen ikusi batera badirudi oso gauza banak direla, elkarrezinak, ezin uztartuzkoak. Literatura, asko eta askorentzat, indibiduoak gizarteari kontrajartzen dion defentsa arma bat da, uniformismoaren kontra indibiduoak aitxatzen duen hesia. Literatura beraz, norbaitek definitu duen bezala eta arestian zenbait euskal idazleren ahotan entzun daitekeen bezala, bizio pribatu bat litzateke erabat.

        Nire ustez badu egiaren parte bat pentsakera honek, literaturaren erabilera utilitarista baten aurkako erreakzio bidezkotzat har daiteke neurri batetan. Historian barrena botereak beti nahi izan du literatura bere zerbitzurako tresnatzat erabili, bai mezu konkretu batzuk komunikatzeko, bai sentimentu jakin batzuk eragiteko, edo, sinpleki, klase boteretsu horren jolas eta entretenigarri gisa. Ezin konta ahalak dira garaian garaiko botereak markatutako joko arauen barruan jardun duten literaturgileak, inoiz beroietatik atera gabe. Historiak, bidezkoa zenez, ahaztu eta mespretxatu egin ditu, gorteko eskribauak edota bufoiak besterik ez bait dira izan halakoak. Erromantizismoak batez ere hautsiko zuen idazlearen irudi otzan eta eskurakoi hori, beraren ordez errotiko bakardade trajiko batean bizi-hiltzen den idazle madarikatu edo marjinalaren irudia ezarriz. Zera gertatzen da ordea: erromantizismoaz geroztik makina bat euria egin duela bazterretan, baita Euskal Herrian ere. Baina guk sarritan, konturatzen ez garela, oraindik erromantizismo berankor baten eragin izkutuz edo egin ohi dugula geure idazle autonomiaren edo independentziaren defentsa. Ez dut oraingo saio koskor honetan dialektikari buruzko inongo klase magistralik edo emateko ez ahalmenik ez pretensiorik. Baina konbentziturik nago hasieran aipatu dizuedan esaldi misteriotsu eta sibilino hori («bai, baina ez, baina bai»), hitz joko xelebre bat baino gehixeago dela. Saiatuko naiz ez teoria hutsaren mailan baizik eta gure euskal literaturaren ezaugarri nagusiei eta gaurko egoerari begirada orokor bat emanez, esan nahi dudana azaltzen.

        Euskal literaturaren ezaugarririk nagusiena, agerikoena, badakigu zein den: euskaraz idatzia egotea. Bueno, agerikoena esan dut, baina denok dakigu baita ere zenbat eztabaida hutsal egin ohi den guretzat, hemen gauden guztiontzat espero dut, axiomatikoa den puntu honen inguruan. Dena dela literatura vasca zer den ez dakit, baina euskal literatura bai, oso garbi daukagula uste dut.

        Hizkuntzaren hautapenarekin egiten dugu topo lehen-lehenik beraz. (Honetaz lehen Txillardegi oso ongi mintzatu da, beharbada errepikatu egingo ditut gauza batzuk). Euskara ez bait zaigu emana, ez da dato bat alegia, facto bat baizik, ekintza bat, ur lasterraren kontra igeri egiten dugu latin itsasotik ihesi, Arestik, oker oroitzen ez banaiz, zioen bezala. Esan ote daiteke hala ere, hizkuntzaren hautapena bera berez dela iraultzailea? Nazio zapaldu eta ukatu baten hizkuntzan idaztea berez dela nolabaiteko arma antiinperialista bat?

        Gutariko askok izango dugu gogoan Jean Paul Sartrek Burgosko epaiketen liburuari egin zion sarreran esandakoa: «euskalduna euskaraz mintzo denean, zuzenki ari da jarrera iraultzailea praktikatzen». Hala zioen gutxi gora-behera. Eta oker oroitzen ez banaiz tankera honetakoa zen frantses filosofo handiaren arrazoi-bidea: «gizakia» («hiritarra», «citoyen»...) entelekia hutsa da, ez dago gizon abstrakturik, ez dago beraz «gizaki»aren eskubiderik, gizon konkretuen eskubideak baizik, gizon eta giza talde konkretuetan mamitu behar dira europear humanismo eta liberalismo dotoreen baina zinez inperialista eta zapaltzaileen printzipioak, bestela ez bait dira ezer, edo are okerrago, zapalkuntzaren estalgarri bai bait dira. Kontestu honetan, gizaki euskaldunak bere buruaren eta bere komunitatearen baieztapena edo afirmazioa egiten duenean, ukatu egiten du kolpe berean inperialismoaren zartada.

        Ni neu behintzat oraindik erabat ados nago duela hamabost urte barne-barnetik inarrotsi ninduten hitz hauekin. Baina historiaren bide-zidorrak eta paradojak igartzen zailak dira beti ere, beste garai bat zen hura, orain gure errealitatea nahasiago, jazargoz eta kontraesanez askoz ere uherrago ageri zaigula uste dut. Besterik ez bada ere, aski dugu errealitatea aldatu delakoaren sintomatzat Burgosko zera hartan protagonista zuzen izan ziren batzuk, gaur egun, nahiz eta euskaraz mintzatzen eta idazten jarraitu, zer-nolako jarrera antiiraultzaileak dituzten gogoratzea.

        Beste argumentu bat ere erabili ohi da euskararen hautapenak berez halako jarrera-hartze iraultzaile bat edo suposatu ohi duelako tesiaren alde. Egia da, gure historia errepasatzerakoan, konstante nabarmen batekin egiten dugula beti topo: hemengo klase buruzagiak —edo buru-zahagiak, esango nuke beharbada egokiago—, beti erdalzaleak izan dira. Hasi Nafarroako Gorteetik, segi hiru probintzietako handikietatik, Lapurdiko Biltzarretik edota Zuberoako Parlementutik, panorama beti berbera da: euskara herri xehearen hizkuntza barbaroa da, besterik ez. Burgesia klase aurrerakoia zen garaietan ere, XVIII. mendean, ilustraziorakoan eta, konstante horrek zutik dirau, ikutu txiki batzurekin bada ere. Hor ditugu Azkoitiko zalduntxoak diodanaren lekuko (ordukoak, e? ez oraingoak, gaur ere badira Azkoitiko zalduntxo batzuk ETBn azaltzen direnak baina ez naiz horietaz ari). Haiek ere erdaraz idazten zuten, hegoaldeko lehen antzerki lana oker ez banago, Patri, «Gabonetako ikuskizuna», beraien eraginari zor zaion arren.

        Dena dela euskal burgesiak eta elizak euskal literaturari eman dioten laguntza eta mezenazgoa ia beti, salbuespenak salbuespen, kanpotikoa izan da, hots, hizkuntza nazionalaren berreskurapenerako proiektu sendo batean enmarkatu gabea. Eta hori kasurik onenetan, zeren eta txarrenetan euskararen literatur erabilera herri xehea doktrinaktzeko tresna guztiz utilitarioa besterik ez bait da izan.

        Guzti hau ikusita ulertzekoa da nire ustez askotan egin ohi dugun analisia, euskara hautatzea, herriaren, hots, herri langile zapalduaren hizkuntza hautatzea da, eta beraz hautapen iraultzailea da berez. Zoritxarrez baina, oso gauza gutxi bai bait dira berezkoak mundu honetan, hor ere ez dut uste errealitate osoa besarkatzen dugunik, behin batean baieztapen hori egiazkoa izanik ere. Errealitatea dexente gordinago eta latzagoa da. Optimismo mozkorraldirik beroenaren eraginpean ere ezin har genezake geure burua euskal idazleok herriaren bozeramaletzat. Literatur produktuaren indibidualtasunetik irakurlegoaren kolektibotasunerako iragaztea edo transmisioa beti edozein gizartetan prozesu makur eta korapilatsua baldin bada, zer esanik ez gurean. Euskal Herriko herri klaseak eta euskaldungoa ez dira errealitate uniboko bat, ez dute koinziditzen alegia, inperialismo espainol eta frantsesaren mendetako eraginak —eta bertako klase buru-zahagien kolaborazionismo bere klase interesetan interesatuak— murriztu egin dute, soildu egin dute, neurri ikaragarri batean, bai geografikoki eta bai soziologikoki, euskaldungoa, hau da, gure irakurlego potentziala, eta edozein gizartetan gaur egin literaturaren eragina gaurregun aski apala baldin bada —«mass-media» oro-idesleen nagusigoa dela eta—, zer esanik ez gurean, euskaldungoaren parterik gehiena euskaraz alfabetatu gabea dagoelarik.

        Egoera orokor honen aurrean nik uste dut euskal idazleon artean azken urteotan halako barreialdi edo desbandada gertatu dela, nolabaiteko «ahal duena salba bedi». Luzeegi joko liguke banan-banan gure artean dauden jarrera guztien aipamena egiteak, luzeegi ez ezik ezinezkoa ere bai, baina batzuren batzuk ezin aipatu gabe utzi.

        Eta lehen-lehenik konstatazio bat egin behar da, perogruileskoa baldin bada ere: euskal idazle/euskal iraultzaile binomioko bi terminoak beharbada nire belaunaldiko jendeak momentu batzutan beti ere bateratsu joango zirela edo, espejismoa jasan badugu ere, kasu askotan disoziaturik daude; hainbat euskal idazle, eta idazle teknikoki onak, batzuk, esplizituki desmarkatu egin dira Euskal Herriaren independentzia, sozialismoa, birbaterakuntza eta euskalduntzea helburutzat daukan mugimendu iraultzailetik, gaurregunean dudarik gabe Herri Batasunak eta ez bestek defenditzen duenetik.

        Diaspora honen ondorio bezala, era guztietako fauna eta flora aurkitzen dugu bazterretan; badira esate baterako nik neuk frankotiradore merkantilistak edo deituko nituzkeenak, enfant terrible post-romantiko marketineroak edo, ez abertzale eta ez anti-abertzale (beraz martzianoak edo) deklaratzen diren listoak, baina beren lanak herri honetako abertzale tontoon kolektiboari salduz bizi direnak.

        Badira baita ere derrotismoaren xarma eztia edo kultibatzen dutenak, trenetik jeitsi diren bidaiari malenkoniatsuak joan badoan trenari (beren ustez hondamendiruntz, gure ustez askatasuneruntz) painuelo literario batez agur esaten diotenak, borroka armatuaren «errorea» deitoratuz tesis nobelak idazten dituztenak (gaia tratatu egiten dute behintzat, bada zerbait), perspektiba presati eta prisma indibidualista batez herri hau «nekatuta» dagoela ondorieztatzen dutenak, nekatuak beraiek direlarik, Amerika deskubrituko balute bezala harreman pertsonalen mundua, egunerokotasunaren dimensioa eta abar aho betean goraipatzen dabiltzanak. Hitz hatez, Oteizaren inteligentsia kuttuna.

        Badira, era berean. urrutiko intxaur pozoatuen beldurrez bizi eta mintzo direnak, bertako intxaur ustelez konturatzen ez direlarik. Errealismo sozialistak, historikoki, egia da, literaturari egin dizkion astakeriez kexu direnak, eta mekanikoki Errusia stalinistaren egoera hura gure Euskal Herri kapitalista menperatu honetara aplikatzen dutenak, esanez hango doktrinalismoa hemen ere nagusi dugula, zergatik eta «egin»ek —oh eskandaloaren eskandaloa— olerki lehiaketa bat konbokatu duelako gai jakin batzuren inguruan; hipermetropia, uste dut deitzen zaiola ikusmenaren akats honi, alegia bertako kontraesanak analizatzeko eta desmozorrotzeko gaitasunik izan ez eta urrutikoentzat berriz begia erre eta zorrotz edukitzea.

        Badira, baita ere, ezeri uko egin gabe, ez literaturgintzaren esparru autonomo eta lege propioei ezta ere ordea ideologia eta helburu kolektiboei ere lanean ari direnak. Euskal literaturgintza askatasun proiektu orokor batean txertaturik ez badago, etorkizunik gabeko ghetto-literaturgintza ezinbestean desagertzera kondenaturikoa dela oso garbi daukatenak. Hezur muinetaraino blaitzen gaituen eraso intoxikatzaile informatibo-deformatiboari beren literatur lan eremuaren baitan ere kontra egiten saiatzen direnak. Panfletismoan edo kontenidismo hutsean erori gabe baina noizpait geure problema kolektiboei ere literaturgintzaren aldetiko erantzun adoretsua eman behar zaiela pentsatzen dutenak. Literatur adierazmenaren ardatza gizabanakoaren kontraesan existentzialetan datzala aintzakotzat harturik ere, edo haintzakotzat hartuz, existentzia horretan agertzen diren edo, are, izkutatu diren kontraesanen dimensio kolektiboak aztertzeari beldurrik izan behar ez zaiola baieztatzen dutenak. Sasi-desmitifikaziozko pose axaleko guztiak desmitifikatuz mundu honetan ezer sakraturik bada berori herri baten askatasun desioa dela sinisten dutenak.

        Bada, bukatzeko, denok gogoan dugun norbait, lehen ere aipatua izan dena, gure herriaren etsaiek azken bost urteotan gerla prisionero bahiturik daukatena, Puerto eta Herrera de la Mancha-ko infernuzko zoko haietan sartuta egonda ere ezeri uko egin ez diona, ez bere duintasun pertsonalari, ez Euskal Herriari zor zaion duintasunari, ezta ere literaturarekiko bere zaletasun porrokatuari eta lanerako bere grina harrigarriari ere.

        Nire hitzok amaitzeko gauza bat eskatuko nizueke ez baldin bazaizue arraro iruditzen behintzat, solidaritatezko ez ezik anaitasunezko ekintza sinboliko gisa: txalo fuerte bat norbait horrentzat, hemen egon behar lukeen baina beste hainbat anai-arreba bezala gugandik urrun daukakiguten borrokalari eta poeta horrentzat: Joseba Sarrionandia.

 

        Oharrak

        0. Idazleak gizaki publiko bezala hartu behar duen konpromezua alde batetatik, eta euskara literaturazko hizkuntza gisa hautatzeak zer suposatzen duen bestetik, horiexek izan ziren Donostiako «Euskal literatura eta iraultza» zeritzon debate hartan gai-alderdi nagusiak. Aspektu horiek (orain arte traskribatutako hitz jarioetan) aski azalduak direla uste dugu, eta lerro nagusietan modu zuzen batez. Halere, gai beretik irten gabe badira beste zenbait aspektu tratatzea ere merezi zutenak.

        1. Hasteko, publikoarekiko ondoko debatean azaldu zen gai bat (nahiz eta elkarrizketa hartan aski nahastu eta gaizki enfokatua sortu): hizkuntzaren beraren subertsioa, hots, hitzek berek eta hizkuntzak berak beren baitan duten ideiologia alienatzailea desmozorroztu eta ezabatzea. Agian, hau liteke idazle iraultzailearen zeregin neketsu eta beharrezkoenetako bat. Izan ere, aski gauza ebidentea da moral burjesak eta boterean dagoen logikak egunero erabiltzen dugun hizkera zeharo zipriztindurik dutela, eta oraindik kontrolagaitzagoa eta okerragoa den neurrian txarragoa dena, azpiko konszientzietan dabilkigun mintzoa (nahi eta nahi ez) gutiz alienatua dago. Modu horretan, bastante etsigarria gertatu ohi da publikoki iraultzailetzat agertu ohi diren idazleek beren obretan erabilitako hizkuntzari darion moral burjesezko eta kontrairaultzailetasunezko kiratsa (hitzetan nahiz esaldietan beretan erreparatuz, nahiz pertsonaien eta fikzio-egoeren tratamenduan.) Alde horretatik, idazle iraultzailearen zeregina arrisku horren kontra ernai egotea litzateke, hizkuntza bera eta narrazioa statuseko moralaren eta politikaren subertsioa bilaka daitezen.

        2. Aipatu nahi genukeen hurrengo aspektua galdera batetatik abiatuko litzateke: zergatik ez dira sortzen Herri honek aurrera daraman askatze-prozesua hain inportantzia haundikoa eta trajikotasun ikaragarrizkoa izaki, literatura mailan berori isladatzen eta behar bezala papereztatuko duten obrak? Beste hitz batzutan esanda, desdramatizazioak eta desenkanto politikoak beren literatura bereztuak sortu dituzten bezala, zergatik herri honen askapen sozial eta nazionalerako eramaten ari den borroka bortitz eta errotikako horrekin identifikatuak dauden idazleek ez dute sortu gisa horretako literaturarik? Izan ere, hasieratik aitortu beharra dago prolema nagusi bat planteiatzen dela hasieratik bertatik: obrari sinesgarritasun minimoena ere kentzen dion panfletoa etsai nagusi izaki, ez dago gure artean kasik tradiziorik errealitate zuzenarekin konprometitutako obrak egiteko. Ez, Urkizuk debatean esan zuen moduan «obra politiko guztiak ezinbestean txarrak» direlako, hasteko prestigio prolema bat eta ondoren imajinazio problema bat dagoelako baizik. Gure ustez, literatura politikoaren prestigioa eskuratzea dateke lehen urratsa, ondoren irudimenezko esfortzu berezi bati ekitekotan. Patrik berak ere debate horretan esan zuen beretzat «Ehun metro» zela literatura gisa horrelako adibide bat. Geuretzat argi dago, nobela hori inola ere ezin litekeela kontsidera gaur egun ematen den insurjentzia armatuaren sostengutzat, bere egilearengandik banaezina denez, kontrakotzat baino, hau da, garai batetan zilegi izan zen baina gaur egun sentidua galdu duen borroka-mota baten adierazgarritzat. Beste debate batetan, Bernardo Atxagak zera esan zuen: bere ustez, horrelako obrak sortzeko denbora eman behar dela (argi dagoela nonbait berez eta erruz sortuko direla), bere ustez esaterako Joseba Arregiren kasuarekin makina bat nobela izkribaluko direlako inoiz. Guretzat, optimistegia da Atxaga, edota prolema hori bere dimentsioan ikustatu ez duela seinale.

        3. Hirugarren aspektu bat, azkenik. Idazleak bestelako konpromezu bat ere zor dio bere obrari merkaturatzen den unean eta dinamika kulturalaren mugidan sartzen denean idazleen kolektibo baten partaide den heinean. Esan nahi dugu idazleak bere obraren duintasuna eta idazlegoaren duintasuna defendatzeko konpromezua ere asumitu beharra daukala. Nahiko gauza ezaguna bait da zer nolako desmasiak egiten diren argitaletxeetan nahiz instituzio ekonomiko eta politikoetan idazleekin eta beren produkzioekin. Gaur egun maila horretan alienazio ikaragarria dago idazleen artean, gauzak ez bait dira salatu ere egiten, eta are gutxiago haien kontrako ezer muntatzen hasi. Argitaletxe txiki batzu hasi dira beren aldetik argitaletxe haundien diru-inperio horren kontra (Pamiela, Susa, Maiatz...) baina oraindik motzegi geratzen da esfortzua, puntualegi. Merkatua asumituz bere jabe izatera ailegatu behar dugu idazleok, gure eskutan merkatarien eta eskuindar politikoen esku baino hobekiago eta justizia haundiagoz egongo delakoan. Idazle metafisikoaren kontzepzioa urrunduz, merkatuaren barruan murgilduz literaturgintzaren kontzepzio merkantilista eta publizitario baten kontra borrokatu behar dute idazleek, era berean idazlegoa kolektibitate gisa ulertuz, literatura idaztetik publikatzera pasatzen den unetik gertaera indibiduala izatetik gertaera kolektiboa izatera pasatzen bait da. Guzti hori gure kasu konkretura trasladatuz, konpromezu horrek, literaturzaleak ez diren instantzia ekonomiko eta instituzional batzutatik inposatu nahian dabilzkigun kontzepzio ofizialista baten eta bere ondorioen kontra mugitzea suposaten du, laburki eta hitz batez esanda.

SUSA

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.