L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Omar Nabarro

 

Atxuri bonbaren ostean

 

Arratsaren begirada errena!

itzalpetan uzten du kale erdia;

bestean, aldiz, oraindik argia

taxi hutsen geltokian barrena.

 

Bertan behera, izorratuta, azken trena;

ez dantzute gorpuek irratia,

zeinetan ari bait da ahots eztia

iragartzen guduaren azkena.

 

Bakartiro zeharkatzen hiria

dabil haize zorrotz txistukaria,

hilak gor, bera bailedi mutua!

 

Haundi maundien txarreko adurrak

kolpea eman du eta elurrak

estaltzen bonba osteko mortua.

 

 

 

 

Gaurkoan ere

atea jo dit

ostiraleroko permak;

baina ez diot ireki

eta hor entzun dut

eskaileretan behera joaten

erdi negarrez

kale gorrian bustutzira.

Agian,

hurrengo ostiralean

ireki egingo diot atea

ea ze emozio esotiko

dakarkidan

ikustearren

edo

ea ez ote naizen

neu berau

ostiralero

poemari ate joka dabilkiona;

ea ez ote naizen neu

eskilaretan behera,

poemak atea itxita

erdi negarrez

kale gorrira doana

argitzearren.

 

 

 

Motelduta     ia itzaltzear

zentzuen argiak

azpikontzienteko kameraman bakartia

    —Quasimodo loguraren katedralean—

garunetako pantailan proiektatzen

                        zure begi barbiturikoak

loaldiko uretan

                            ezereztu egiten diren

                        zure begi barbiturikoak

Heuretan igerika      flotatzen

lobelarraren segeretu urdinska

amets alanbikatuen formula

                                        edo

hurrin galdu den

             farmako lurrina

Lomugan

                    zure begi barbiturikoak

                                                     gauero

urtuta

eldarnioz jotzen neure odola.

 

 

 

Egitasmoa

 

Dantza morea gura dut hasi

Pena guztietatik ihesi

trilitaz zamaturiko gezi

Apurtu egin horma eta hesi.

 

Soinean kendu barik fularra

Sentitu egin biluzirik bularra

Eskuartean ipurdi sagarra

Oinpetan zoramenaren harra.

 

Hatz puntaz teklatu orgasmoa

Takigrafiaz hartu espasmoa

goxo edan zure balsamoa;

Hara hemen nire egitasmoa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.