L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Mustafa eskimal abiadorea

 

Eskolara gutxitan agertzen giñuan Bergenen, kaialderako bidearen zirrarak eraginda. Itsasora so jezarrita, tabakoa liatzen, bakoitzak ixtoria bat asmatzen zian. Bagenizkian orduan hemeretzi edo hemezortzi bat urte, bai. Bakoitzak ixtoria bat asmatzen zian eta denetarik onenaren asmatzaileari zerbait oparitu behar izaten genioan besteok sari gisa, untzitatik eta lapurtzen genian fruta edo.

        Behinola, larunbat arratsalde batean, suediar zirko ibiltari batek karpatxo zuri urdin berde bat muntatu zian udal lorategitako belardian, jendea hurreratu zitzaioan, eta gehienen isiltasun abulikoan asko txalotu genian geuk. Arratsean Helge joan huen nere etxera. Erabat urduri egongo zela pentsatu izan diat beti nere gurasoei komediante haiekin joan nintzela esaterakoan. Amaz asko oroitzen nauk. Gero gutun bat igorri niean. Karpatxoa desmuntatzean galtzak tarratatu zitzaizkidala gogoratzen nauk, eta Mustafa eskimal abiadorearen mila koloretako galtza nabar batzu eman zizkidatela; zatarrak hituen oso, baina gogokoagorik inoiz aurkituko ez nizkialakoan, haur batek igandeak zapatilla berriak estreinatuko dituela dakienaren irrika berberaz berehala jantzi eta Mustafa eskimal abiadore pertsonaiarekin gelditu niñuan, biola jo —kontserbatoriko maisu huen nere aita— eta akrobaziak egin, kontuak esan eta baita magia eta guzti ere egiten bukatzeko.

        Mustafa eskimal abiadorea, Arne, mahaietik altxatu eta, besoak zabal-zabal, hegazkin bat antzo hasi zen gelari biraka. Farreak irten zidan. Ibileran, hegan, lepo okertze eta fula egite eran flamenko bat dirudien nere laguna eta Kurt Raab gogorarazten zizkidak. Poetak gorrotatzen ditu Flamenkoak; haatik, horien artean ere ba omen ditu adiskideak: edalkideak, berak dioen lez. nihilista dela (gezurti alena); kristoren bonba berde bat eztandaraziko duela laster israeldar enbajadan eta baita beste bat zoologikoko zaindariaren etxean ere; kimikoa dela egia da; bideoak pilobat gustatzen zaizkio, ongi pintatzen du eta tuba jotzen ere badaki. Gaizki zaindutako bizarpean fular indio bat daramana da Kurt; munduko gizonik zatarrena; ez da inoiz elkarrizketetaz jabetzen, hilargian balego, opioaren lurralde okre miragarritan. Beretzat, nere aitonarentzat bezala, kantatzea da bere existentziari zentzua ematen dioen ekintza bakarra, eta badaki halere ezin txarragoa dela ofizioan. Bere aita aldiz bai, Alemania guztitako ilemoztailerik onena ei zen bere aita, benetako eskultore bat! Baina ilearen ofizioa ezin gonbara zitekek kantuarenarekin motellak! Kafetegian, nola ez, asko maite dituzte: Qart Hadasht-eko erregeren baten atxabitxi eta lurrin eta oihal bakanez osatu altxor kutxa bete ezkututzat. Eta Flamenkoak tuba jotzen duenean mahaiz mahai dantzatzen du Kurtek ke artean lore-lore kantari.

eta... brrrrrrrrrr Mustafa eskimal abiadorea! agertzen niñuan... brrrrrrrr bira ta bira Mustafa eskimal abiad

        (Narratzaile poliglotoak —aurkezle ta pailasotzat egiten zian Kotchikinp rhinozero adar gorria—:) tatatxin tatatxan tatatatxun! eta Mustafa eskimal abiadorearen aparailu burrunbatsuak skyscraper laberintoen mehatxu diabolikoen tartetik aire kutsatuak zeharkatuz (atzeko zirriborroan brrrrrta brrrrr hasten niñuan unean) skyscraper laberintoen mehatxu zorrotzak zeharkatuz Mustafa eskimal abiadorearen aparailu distiratsua ailegatu zen bapatean eta (eskenatokian nintxioan jada, abiadore betaurreko haundi batzu, bufandatzat xingola luzeak airerat, mila koloretako galtza nabarrak eta brrrrr gorgarri izan nahi zian motor hots erlats nahiz azantzuz karrasika brrrrr) tatatxin tatatxan tatatatxun! Mustafa eskimal abiadore supersonikoa azaldu zen oldarka eta printze txikia bailitz (eskenatokitik behera botatzen nian neure burua airean akrobazia bat eginaz) eta printze txikiak Saharan antzo lur hartu zuen gaizkile guztiak jota bertan akabatuz (eta aurreragoko emanalditarako trapezio bat kokatu genian, birak ematen nizkian horrela eskenatokian eta tranbalaldi pare baten ondoren espazioan lagatzen niñuan barrena bat marraztea lortuz gero ikusleei aitzi istripu egiteko) Saharan antzo platanu ta pepinoak sartzen zizkien telebistak momorrotutako arrain lerdoei suddurretatik belarri ipurtzulo aho eta garunak ateratzeko hanka zola zulotxotatik (orduan serpentin, confetti, spaghetti, goxoki, hizki galletak eta txiza parrasta antzeko ur iturriak jaurtikitzen genizkian ikusleen gainera eta, besoak zabal-zabal, zelai berdetako arbolak hegaldatzen nizkian kometa gorri batek egingo lukeen gisa beran)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.