L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Erre

 

Josean Sagastizabal

 

Esnatu egin zen, lo ederki asko egiteak ematen duen freskotasunagatik oso umore onez; salto batean ohetik atera eta leihoa zabaldu zuen, birikak Udaberriko aire freskoaz azken zokoetaraino betez. Mundua jan behar zuen egun horretan.

        Lanera hogeitamabost minututako bidea zuen, normalki autobusez egiten zuena, baina gaur ez, inolaz ere ez, gartsuki ekin zion oinez, abesti bat ezpainetan.

        — Aiii!

        — Oh! Barkatu, ene, eta aurpegian gainera!

        Lagunari auskalo zer ari zitzaion esplikatzen, zigarroa zaplasteko batean itzaldu zion.

        Arrenak eta barkatzekoei irripar triste batez erantzunez jarraitu zuen; goibelduta autobusaren zai jarri zen, markaren bat geldituko ote zen beldurrez,

        — Egunon!

        Aurpegia jiratu eta kezko laino batean sartu zuen, estulka hasiz.

        — Zer? Katarroa, ala?

        Zakartutako eztarria txistua irentsiz xamurtu eta morrosko bat ikusi zuen, puroa ezpainetan irriparretsu begira.

        — Katarroa? Hire puro nazkagarri hau, mozolo! —erauzi eta zapaldu zuen.

        — Bere onera etortzen ari da.

        — ...non nago? Zer gertatu zait?

        — Gizon batek ehundoko muturrekoa eman dizu, hara!

        — Zer?

        — Ba hortz bat kili-kolo daukazula, hobe duzu ateratzea.

        Erakusle eta lodiaren artean hartu zuen, bi malko zirristatu zitzaizkion. Altxatzen lagundu zioten, «eskerrik asko» esaterakoan hutsune motz mingarria.

        Hotzikarak hartuta, errenka, eserleku batetara iritsi zen.

        Lasaitzeko ahaleginak egin eta lortu zuen, faja estu batek arima estutzen bazion ere.

        Hamasei une inguruko neska panposa bat eseri zen aurrez-aurreko bankuan, minigonak izter xamurrak ageri uzten zizkion eta mutilaren jelatutako gorputza epeldu zen poliki. Birjintasuna, errugabetasuna zerizkion gaztetxoari, liluratuta zuen.

        Neskak eztiki begiratzen zion, zutitu zen; halako poz zoro batek astindu zuen, bazetorren irriparretsu.

        Begirada zorrotzak ikustarazten zizkion titi goxo horietan izkutatu nahi zuen, ahaztu, galdu.

        — Surik baduzu?

        — Lepoa bihurritu zion; espetxean funtzionari guztiek kea botatzen diote.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.